Zaldibarko zabortegiko hondamendia

Erakundeek «ahaztu» egin dituztela salatu dute Zaldibarko zabortegi inguruko herritarrek

«Kudeaketa ankerra» egotzi diote Eusko Jaurlaritzari; kamioiek amiantoa aireratzen ari direla salatu dute, eta osasun azterketak egiteko eskatu.

Kamioi bat zabortegirako bidean, Eitzaga auzoan barrena. Beste bide bat erabiltzeko eskatu dute auzoek. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 10a
13:14
Entzun

«Ahaztuak eta triste» izenburuko gutuna idatzi eta zabaldu du Eitzagako Auzokideak taldeak. Inguru horretan dago urte hasieran hondamendia eragin zuen zabortegia. Auzoek salatu dute erakundeek «ahaztu» egin dituztela.

Auzoek gogoan hartu dituzte Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, otsailaren 6tik zaborraren azpian lurperaturik dauden langileak: « Ez zaigu batere arraroa egiten gure antzera bost hilabete baztertuak eta ahaztuak sentitzea». Horrez gain, eskerrak eman dizkiete otsailaren 16an auzoraino eginiko manifestazioan parte hartu zutenei, eta Zaldibarko Udaleko oposizioko taldeari bere «portura irekia» dela-eta, euren «babes bakarra» izan direlakoan.

«Beste inork ez du hemen geldialdirik egin; komunikabideak irudiak ateratzen dituzte euren berriemaileekin, eta gure osasun egoerari buruz ez dago ezer. Orain, iraingarria egiten zaigu Ingurumen Sailaren, Osasun Sailaren eta Jaurlaritzaren jarrera, hau da, euren kudeaketa onari buruz hitz egiten ordu guztietan medioetan agertzea, benetan kudeaketa anker baten babesle izan dira eta».

Kexu dira, besteak beste, eskatu dutelako kamioiak auzotik ez igarotzeko baina «kasurik ez» dietelako egin. Kamioi horiek altxatzen duten hautsa amiantoz eta bestelako gai toxikoz beteta dago, adierazi dutenez, eta Eitzaga eta inguruetara barreiatzen ari da. «Lurren azterketen emaitza kuantifikatuak» eskatu dituzte.

Horrez gain, salatu dute ez dizkietela egin eskatutako osasun azterketak eta jarraipena. Gaineratu dute hainbat bilera egin dituztela Zaldibarko alkate Jose Luis Maiztegirekin (EAJ), udalak jar dezan osasun azterketak egiteko dirua. Horren inguruan emandako hitza jatea egotzi diote alkateari, eta gaurko bilerara agertu ez izana aurpegiratu.

Zabortegia handitzeko baimena eman izana ere gaitzetsi dute.

«Aste honetako hauteskunde eztabaidan, berriro ahaztu dira gutaz. Benetan hildakoen edo desagertuen ardura dute?», galderarekin amaitu dute oharra. «Bizirik gauden batzuekin behintzat ez dira asko arduratzen!!!».

Zaldibarren (Bizkaia) barruan dago Eitzaga auzoa, baina gertuago dago Ermuko kaskotik, Ego ibarraren arroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.