Erakundeek tortura salaketak babes ditzaten eskatuko du EAk

Torturaren aurkako konpromisoa hartzea eta torturatuei laguntza ematea galdegingo die udalei eta aldundiei

Lauren Uria, Juanjo Agirrezabala eta Joseba Gezuraga, atzo, Eusko Legebiltzarreko agerraldian. RAUL BOGAJO / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Torturaren aurkako konpromisoa hartzeko eta, zehazki, tortura salaketa guztiak argitzeko auzibidera joan daitezen bitarteko guztiak jartzeko eskatuko die EA Eusko Alkartasunak udalei eta aldundiei, atzo alderdi politiko horrek aurreratu zuenez.

Gasteizko Legebiltzarrean eginiko agerraldian, EAko ordezkariek torturaren aurka borrokatzeko ekimena aurkeztu zuten. Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidea, Lauren Uria arabar juntakidea eta Joseba Gezuraga Bizkaiko lurralde koordinatzaileak aurkeztu zuten ekimena.

Espainiako Gobernuak torturei aurre egin beharrean «abala ematen» diela eta «torturatzaileak babesten» dituela salatzearekin batera, EAko ordezkariek esan zuten Espainiako Estatuan torturatzea «doan» edo «oso merke» ateratzen dela, Giza Eskubideen Auzitegiak agerian utzi duen gisan, sei hilabetean birritan zigortu baitu Espainiako Estatua tortura salaketak ez ikertzeagatik. EArentzat hori «froga bat gehiago da, eta besteekin batera, agerian utzi ditu torturatzaileen zigorgabetasuna eta torturak eragozteko estatuaren borondaterik eza».

«Zigorgabetasuna amaitu behar delako», EAk exijitu du salaketa bakoitzari prozesu judiziala eta polizia ikerketa abiarazi behar zaizkiola, «eta horretan aldundiek eta udalek egiteko asko dute». Zehazki, erakunde horiek tortura salaketa bakoitzeko akusazio partikular gisa aurkeztea proposatu du, eta bitarteko material edo ekonomikoak jartzea tortura salatu duenaren esku.

Torturaren aurkako dekalogoa

Atxilotutakoen inkomunikazio aldia ezabatzeko exijitu du EAk, «inkomunikazioa torturen sustraietan baitago, eta, beraz, inkomunikazioa defenditzeak tortura defenditzea esan nahi baitu». Horren harira, tortura eragozteko Torturaren Aurkako Taldeak egindako dekalogoa indarrean jartzea proposatu du EAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.