Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Javier de Andres. Arabako ahaldun nagusia

«Erakundeetatik kanpo mahai bat eratzea arauak haustea da»

Arabako ahaldun nagusiak (PP) dio alderdi politikoek hitz egiteko foro bakarra erakundeak direla eta ez dela beharrezkoa Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea Konstituzionalak Sortu legeztatzen badu.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Bakea sendotu nahi bada «Zuzenbide Estatua» irmo defenditzen jarraitu behar dela uste du Javier de Andres ahaldun nagusiak (Gasteiz, 1967). Diputazioan duen bulegoan hartu du BERRIA.

ETAk indarkeria behin betiko uzteko erabakia hartu zuen duela bi aste. Zer iruditzen zaizu?

ETAk erabaki hori hartu badu, izan da oso ahul zegoelako eta babes soziala galdu duelako. ETAk gero eta argiago ikusi du indarkeriaren bidez ez zuela inolako helbururik lortuko, eta erabat garaituta zegoela jabetu denean amore eman behar izan du.

ETAren erabakiak atzera bueltarik ez duela uste duzu?

ETA ez du pertsona bakar batek eratzen, talde bat da, eta, beraz, hartutako erabakiak ez dituzte zertan denek errespetatu. Ez badute bizitza errespetatu, ez dakit zergatik errespetatu behar duten erabaki hau. Uste dut edozer gauza gerta daitekeela ETAren barruan, baita ETAren jarduera babesten dutenen artean ere.

Hortaz, ez zaude itxaropentsu aro berri honekin.

Uste dut oraindik orain bizitzari eta giza eskubideei mespretxu egiten diotela askok, bai ETAren barruan bai inguruan, eta erabaki hori hartu badute, izan da ikusi dutelako indarkeriaren bideak ez diela ezertarako balio izan.

Eta orain zer? Zein urrats egin behar da?

Euskal gizartearen sendotasun etikoa indartzen jarraitu behar dugu. Uste dut euskal gizartean ongi errotu behar dela indarkeriaren xantaia ikusita ez dela inoiz amore eman behar. Bada garaia gizartea jabetzeko oso kaltegarria dela itxaropena izatea indarkeria xede politikoak lortzeko erabili dutenekin.

Eta alderdiei zer dagokizue egitea aro politiko berri honetan?

Hanka ez sartzea da garrantzitsuena, terrorismoak iraun duen bitartean oker asko egin direlako arlo politikoan. ETAren amaierak agerian utzi du indarkeriaren aurkako borrokan jarraitu diren hainbat estrategia ez zirela egokiak. Hortaz, ezin dugu berriro okerrik egin, eta konfiantza osoa izan behar dugu gure sistema demokratikoan, Zuzenbide Estatu batean oinarrituta dagoelako.

PPk bere hauteskunde programan promes egin du ETArekin ez duela negoziatuko. Zer iritzi duzu?

Zuzenbide Estatu batean ez da onargarria baldintza berezirik negoziatu behar izatea indarkeria erabili duen talde batekin. Presoen auzia hor dago, eta uste dut kasu horretan banan-banan negoziatu behar dela preso bakoitzaren egoera, baina inoiz ez talde modura hartuta. Espetxe politikarekin zerikusia duten neurri guztiek banakakoak izan behar dute. PPk hartutako konpromisoa norabide horretan ulertzen dut nik. Talde terrorista bateko kide izate hutsak ez du zertan negoziaziorik ekarri.

Negoziazioari uko egiteak ez al dizkio ateak ixten jokaleku berriari?

Indarkeriaren amaiera benetakoa bada, presoen auzian modu batean ala bestean jokatzeak ez luke ezertan eragin beharko. Amaiera behin betikoa bada, behin betiko da, ezta? Areago, ETAk hitz egitea eskatzen du, baina ez negoziatzea. Ñabardura hori garrantzi handikoa da, ez duelako planteatzen negoziazio bat botere jarrera batetik edo eragiteko gaitasun batetik. ETAk negoziazioari uko egiten dio bere agirian, eta hori garrantzitsu da. Lortu nahi duena kontatzeko prest dago ETA, baina ez du ezer exijitzeko asmorik, ez duelako bere burua negoziazio baten parte ikusten. Horregatik diot presoen egoera banaka aztertu behar dela, betiere kontuan hartuta espetxe politikaren helburuak birgizarteratzea izan behar duela.

Antonio Basagoitik esan du ETA desagertzen bada sakabanaketa politikak ez lukeela zentzurik izango.

Presoak sakabanatzeko politika helburu jakin batekin jarri zen martxan: ETAk presoekiko eraginik ez izatea, haien birgizarteratzea posible izan zedin. Beraz, ETAren eragina desagertzen bada eta ez badu tutoretza lanik egiten espetxeetan dauden presoekin, beste modu batez jardun ahal izango da. Denborarekin ikusiko da ETAk eta presoen kolektiboak zein jarrera hartzen duten, eta, horren arabera, neurriak hartuko dira.

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidente bada, zein pauso eman beharko lituzke bakea sendotzeko?

Edozein sistema demokratikotan bakea sendotu nahi bada, Zuzenbide Estatua, legeak eta arauak errespetatu behar dira, eta gizarteak jakin behar du bide hori dela egokiena. Ziur naiz Raxoik hori egingo duela, eta ez duela bidezidorrik bilatuko, esperientziak erakutsi duelako bidezidorrak ez direla eraginkorrak.

ETAren erabakiaren inguruan Raxoik hartu duen jarrera ez da izan espero bezain gogorra. Zer ondoriozta daiteke?

Uste dut Raxoi asmatzen ari dela bere mezuan, ETA garaitua izan dela agerian uzten ari delako. Ez da ona kontrakoa ikusaraztea edo ETAren porrota ez den beste amaiera baten inguruan itxaropena sortzea. Uste dut egoki jokatzen ari dela, argi uzten ari delako amaieraren atzean ETAren porrota baino ez dagoela. Bestelako irakurketa bat egin nahi duenak nahastu baino ez du egin nahi.

Espainiako hainbat biktimaren elkarte garaituen eta garaileen bakea aldarrikatzen ari dira. Horrekin bat egiten duzu?

Garaile bakarra indarkeria errefusatzen duen gizarte demokratikoak izan behar du. Irabazlea gizarteak berak izan behar du. Garaipen hori ez duelako ETAk lortu, biolentziaren aurka egon den gizartearen gehiengoak baizik. ETAk itxaropena galtzera eraman duen gizarteak izan behar du garaile, zalantzarik gabe.

Zein izan behar du biktimen zeregina egoera berri honetan?

Biktimek gogorarazi behar digute ETAren amaiera lortu ahal izateko gauza asko utzi behar izan dituztela bidean: bizitza, negozioak, familia... ETAren menpeko gizarterik ez sortzeko balio behar dute biktimek.

Baina prozesuan eragile politiko izan behar dute biktimek?

Uste dut biktimei etengabe entzun behar zaiela eta esatekoa dutena aintzat hartu behar dela. Baina arlo honetan erabakiak hartzeko gaitasuna duena gobernua da. Gobernuak biktimei entzun beharko die, baina erabakiak haren esku egongo dira.

Euskal gatazkak eragindako biktima guztien iritzia aintzat hartu beharko da, ezta?

Terrorismoaren aurkako borrokak iraun duen 30 urtetan oker izugarri batzuk egin dira, batzuk bereziki larriak, eta uste dut oker horien erruz atzeratu egin dela ETAren amaiera prozesua. Baina biktima horiek erreparazioa jaso dute, eta garai bateko gobernuko zenbait kide kartzelan egon dira. Hau da, Zuzenbide Estatuak jada neurriak hartu ditu ETAren aurka legez kanpo aritu direnekin.

Zer moduz dago PSE-EE eta PPren arteko ituna?

Gogoratu behar da inbestidurarako akordioa izan zela hori eta nire alderdiaren betebeharra izan zela Patxi Lopezen aldeko botoa ematea. Beraz, PPk bete egin zuen zegokion konpromisoa, eta PSE-EEri dagokio akordioa bere osotasunean garatzea. Nola ari diren garatzen galdetzen badidazu, esango dizut astiroegi ari direla, adore gutxirekin, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarekin ari diren bezala. Hala ere, horrek ez du ituna arriskuan jartzen, ezta PPk gobernuari emandako babesa ere.

Espainiako hauteskundeek kolokan jar dezakete itun hori?

Ez dut uste. Irautea ala ez PSE-EEren esku dago neurri handi batean, PPren asmoa baita itun horri eustea legealdia amaitu arte.

Bakegintzan PSE-EE eta PP ez zaudete ados hainbat arlotan. Uste duzu Patxi Lopezek Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako dekalogoak bat egiten duela itunaren mamiarekin?

Legebiltzarrean aurkeztutako dekalogoa orokorregia izan zen. Beraz, proposamen horretan jasotako neurriak zehaztu eta garatu ahala, ikusten joango gara akordioa urratzen duen ala ez.

Alderdien mahaia eratzearen aurka dago PP. Zergatik?

Alderdien mahai bat, zein helbururekin?

Gai politikoez hitz egiteko herri honetako joera politiko guztien artean...

Alderdiek erakundeetan hitz egin behar dute: Eusko Legebiltzarrean edo Espainiako Kongresuan. Horiek dira elkarrizketarako foroak. Nire ustez, mahai alternatiboak proposatzen direnean hautsi egin nahi dira arauak eta elkarrizketen ohiko prozedura publikoa. Ez dut arrazoirik ikusten erakundeetatik kanpoko mahairik eratzeko.

Baina Eusko Legebiltzarrean ez daude joera politiko guztiak ordezkatuta...

Arau demokratikoak onartzen dituzten alderdiak erakundeetan egongo dira. Hori beti izan da horrela, eta horrela izango da aurrerantzean ere. Arau demokratikoak betetzen dituen alderdia bozetara aurkeztu eta erakundeetan egongo da, eta, ondorioz, eztabaida politikoan parte hartuko du.

Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatzen badu, hauteskundeak aurreratu beharko dira?

Nik dakidala Sortu ez zen Legebiltzarreko bozetara aurkeztu...

Baina egungo Legebiltzarrean ez dago ezker abertzalea ordezkatuta, eta Sortu ezker abertzalearen adierazpena da.

Alderdi bat hauteskundeetara aurkezten denean baldintza batzuk bete behar ditu, baina bere planteamendu politikoa ez bada uztargarria gizarte demokratiko batekin eta arauak ez baditu betetzen, ezin da aurkeztu. Kasu honetan, Sortu legeztatzen badute, legealdia amaitu eta hurrengo hauteskundeak antolatu arte itxaron beharko du. Gauza bera gertatu zen maiatzeko hauteskundeekin, eta gauza bera gertatuko da azaroko hauteskundeekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.