Oroimena

Erandioko oroimenaren webgunean 1960tik aurrerako atala blokeatu dute

Besteak beste, polizia frankistak tiroz hildako Josu Murueta eta Anton Fernandezen inguruko informazioan sartzea ezinezkoa da orain.

'Erandiooroimena.eus' webgunearen ataria. 'Gertuko oroimena' atalean zegoen informazioa blokeatu dute.
Edu Lartzanguren.
2023ko apirilaren 15a
13:34
Entzun

Oroimen historikoaren inguruko webgune bat dauka Erandioko (Bizkaia) Udalak. Horretan, 1936ko gerran eta gerraostean herrian gertaturiko giza eskubideen urraketak jasotzen ziren, atal batean. Bestean, berriz, 1960. urtetik aurrerakoak. Bigarren atalerako sarbidea itxita dago orain, eta ezin dira ikusi horretan jasotako biktimen fitxak, bideoak, testigantzak eta bestelakoak.

Erandioko Udalak eskatu zion Aranzadiri desaktibatzeko Erandio Oroimena webgunean gertuko oroimenari dagokion atala. Hala iragarri zuen Erandioko Kultura zinegotzi Adrian Bustok. Erabakia behin-behinekoa zela gaineratu zuen, «irizpide berriak jaso bitartean, eta Gogora-rekin eta beste erakunde batzuekin kontrastatu arte». Aranzadi zientzia elkarteak landuriko informazioarekin egin zuten webgunea, baina haren jabetza udalarena da, eta Aranzadik ezin du hori desaktibatu. Beraz, uler daiteke udalak berak agindu diola edukia blokeatzeko webgunea kudeatzen duen enpresari.

«Hemen biltzen ditugu euskal gatazka politikoaren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten eta jasaten ari diren pertsonak. Era berean, Erandion eta erandiotarrek bizitako motibazio politikoko indarkeriaren beste sufrimendu batzuk ere jasotzen dira». Testu horrekin iragartzen du webguneak Gertuko oroimena deituriko atal horren edukia, baina ezin dira edukiak ikusi.

Besteak beste gasaren gatazka deiturikoaren biktimen inguruko fitxak jaso zituzten horretan, beste ehun bat kasurekin batera.

1969. urtean gertatu zen gatazka hori Erandion. Kutsaduraren kontra protesta egin zuten herritarrek, herriak pairatzen zuen hodei toxikoaren harira. Espainiako Polizia frankistak bi herritar hil zituen tiroz, protestan zapaldu zituztenean: Anton Fernandez eta Josu Murueta. Hilketa horiengatik ez zuten inor epaitu, eta hiltzaileak nortzuk izan ziren ere ez dute argitu.

Herriko kultur etxeak eta hura dagoen plazak gaur Josu Murueta izena darama, Astrabuduan.

EAJk du alkatetza Erandion, eta Aitziber Oliban Gutierrezek du aginte makila.

Giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimei buruzko udal webguneen polemikan sartu zen atzo Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritza. Denis Itxaso ordezkariak webguneak aldatzeko eskatu zien EH Bilduk gobernatzen dituen sei udali: Galdakao (Bizkaia), Orio, Oiartzun, Hernani, Villabona-Amasa eta Azpeitia (Gipuzkoa).

Hori egin ezean Estatuaren Abokatutzak udalen aurkako salaketak bideratuko dituela ohartarazi zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.