Pasaiako segada. 30. urteurrena

Erantzuleen erantzun bila

Epaitegiek gertaerak berreraikitzea ukatu ostean, Jose Bonori eta Joaquin Leguinari deklarazioa hartzeko eskatu dute akusazioek30 urte dira bihar KAAetako lau kide hil zituztela, eta auzia irekita dago oraindik

Joseba Merino eta Rosa Jimeno lekukoak, segadaren lekuan, 2009ko martxoan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
30 urte dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituela, eta beste hainbeste ia hilketa horien inguruko auzia irekia dagoela Donostiako II. Instrukzio epaitegian. 2000. urtetik, gertaerak eta ardurak argitzeko ahaleginean aritu dira etengabe akusazio partikularra eta herri akusazioa —senideak, Santiago Gonzalez abokatuarekin, eta Azpeitiko Udala, Miguel Castellsekin, hurrenez hurren—, baina epaileen ezezkoekin eta polizien ahanzturarekin aurkitu dira. Denbora aurrera joan ahala, gainera, are zailagoa da bertsio ofizialaren arrakalak epaile aurrean frogatzea. Baina erantzule eta erantzun bila dihardute oraindik, eta mugimenduak ere izan dira azkenaldian.

Senideen inguruko iturriek BERRIAri baieztatu diotenez, Jose Bono Espainiako Senatuko presidente ohiari eta Joaquin Leguina diputatu ohiari deklarazioa hartzeko eta garai hartan Madrilgo Informazio Brigada Zentralean eta Donostiakoan zeuden poliziak identifikatzeko eskatu diote akusazioek epaileari. Gaztela-Mantxako presidente zen Bono garai hartan, PSOEko buruzagi nagusietakoa. Hala idatzi zuen duela bi urte argitaratutako memorietan: «... kontatu dit [Leguinak, Madrilgo komunitateko orduko presidenteak] Enrique Casas senatari sozialista hil zutenean bilera bat egon zela EAJrekin eta PSOEko geureekin, Damborenea [PSOE-PSEko Bizkaiko idazkari nagusia] buru zutela, eta esan zietela ulertu behar zutela erreakzionatzea, eta gau batez, hiltzaileak zodiak batean Bidasoa zeharkatzen ari zirenean [Pasaiako badiarekin nahasten du, ziur aski], merezitakoa aurkitu zuten».

Beste hainbat arrazoiren artean, Donostiako epaitegiak delitu frogarik ez dagoela argudiatu izan du kasua behin-behinean ixteko edo akusazioek egindako eskaerak atzera botatzeko. Izan ere, hilketak Espainiako Poliziaren legezko operatibo baten barruan gertatu ziren, eta ikerketak aurrera egin arren, bertsio ofiziala gailentzen da kontrakorik frogatu ezean. Bonok liburuan dioena egia balitz, ordea, aurretiazko asmo bat zegoela erakuts dezake horrek: helburua ez zela mugatzen KAAko kideak atxilotzera. Leguinak baieztatu beharko luke egia dela Bonori esan ziona, eta hala bada, nondik atera zuen informazio hura. Oraingoz, zeharkako testigantza baino ez da.

Bertsio ofiziala eta autopsiak

PSOE zegoen Espainiako Gobernuan. Poliziaren arduradun politikoak ziren, hurrenez hurren, Felipe Gonzalez presidentea, Jose Barrionuevo Barne ministroa, Rafael Vera estatuko Segurtasun idazkaria, Ramon Jauregi EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibila.

Rafael Delas Txapas (Iruñea, 1957), Jose Maria Izura Pelu (Iruñea, 1958), Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia, 1961) eta Dioni Aizpuru Kurro (Azpeitia, 1963) ziren, 1984ko martxoaren 22ko gauean Pasai Donibaneko segadan hil zituztenak. Hilabete lehenago hil zuten Casas KAAek, Donostian. Segadari buruzko bertsio ofizialaren arabera, komandokideak ihes egiten saiatu ziren poliziek gelditzeko esatean, eta tiroketaren ondorioz hil ziren bostetik lau. Joseba Merino da bizirik irten zen bakarra.

Bestelako bertsioa kontatzen dute Merinok eta Rosa Jimenok. Segada baino lau egun lehenago atxilotu zuten Jimeno, eta amu gisa erabili zuten hitzordua jartzeko. Torturapean zita jartzera behartu zuten, eta seinaleak egiteko erabili zuten gero segadaren lekuan bertan. Bi aldiz deklaratu du Merinok epaile aurrean: armarik eskura ez zutela dio, eta lehenengo tiro zaparradaren ondoren harkaitz gainera igoarazi zituztela Aizpuru, Delas eta bera, eta bertan fusilatu zituztela bi kideak. Behin seinaleak egin ondoren, eraman egin zuten Jimeno, eta ezer askorik ez zuela ikusi dio, baina bai entzun. Eta berak ikusi eta entzundakoak bat egiten du Merinok epaile aurrean kontatutako bertsioarekin.

Badaude bertsio ofiziala hankamotz uzten duten zantzu gehiago; adibidez, autopsiak. Paco Etxeberria auzi medikuak egin zituen. Tiro eta posta zauri ugari zituzten gorpuek, eta Merinoren bertsioarekin bat datozen zantzuak ere bai. Aizpururen gorpuak zulo bat zuen eskuineko begian, eta zazpi garondoan: posta sarrerak. Delasenak, berriz, hamar posta zauri zituen bularrean. Horien arabera, tiroak «distantzia motz edo ertainetik» egindakoak zirela ebatzi zuen.

Izan ere, tiro batean dozena bat bola inguru jauritzen dituzte posta eskopetek: gero eta distantzia luzeagoa, gero eta sakabanatuago iristen dira, eta aipatutako biek eremu txikian zituzten zauriak. Etxeberriak peritu gisa deklaratu zuenean, bi metroko distantzia «distantzia ertaina» izan daitekeela esan zuen. Beraz, posible litzateke, Merinok dioen bezala, Aizpuru eta Delas harroken gainean zituztela egitea tiroak, horretarako adina leku badagoelako.

Hori ikusita, froga berri batzuk egiteko eskatu zuten akusazioek 2011n. Lehena, lekuan bertan gertaerak berreraikitzea, ikusmen azterketa bat eginez, Etxeberria auzi medikuarekin eta Merino lekukoarekin. Bigarrena, autopsia berri bat egitea gorpuei. Eta hirugarrena, froga balistikoa egitea. Denak ukatu zizkieten, Donostiako epaitegiak, lehenik, eta Lurralde Auzitegiak, ondoren.

Polizien agiriak falta

2001ean auzia mugitzen hasi zirenetik, hainbat poliziak deklaratu dute lekuko nahiz inputatu gisa, baina inoiz ez da ezer argirik atera. Segada Madrilgo Informazio Brigada Zentralaren eta Gipuzkoako Informazio Brigadaren artean antolatu zutela deklaratu zuten 2007an gertaeren unean Madrilgo Informazio Brigadako kide batek eta Donostiako polizia etxeko buru zirenek. Informazio Brigadetako buruek ere deklaratu zuten ondoren, eta baita beste lau poliziek ere. Denek ukatu dute operatiboa gauzatzeko unean bertan egon zirela, eta esan dute ez dakitela nor egon ziren han, edo ez dutela gogoratzen.

Operatibo legal bat izanik, orduko aktak ere non edo non egon behar lirateke gordeta, eta haietan erregistratuta zein poliziak hartu zuten parte, nork erabili zuen arma bakoitza... Lekuan bertan argazki erreportaje bat egin zutela ere esan zuten, baina aurkeztu zutenean, KAAen pisuak eta armak baino ez ziren ageri haietan, Casasen hilketarekin lotuak. Hainbat aldiz eskatu dituzte agiri horiek akusazioek, baina ez dute erantzunik jaso. Polizia batek esan zuen artxibo guztiak suntsitu zirela, «Donostian uholdeak izan ziren batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.