Uda hastearekin batera, iritsi dira herri eta auzoetako jaietan izandako sexu erasoei buruzko albisteak. Aurten, baina, bada kezka areagotu duen aldagai bat: droga emanda egin diete eraso hainbat emakumeri. «Zigorgabetasun erabatekoa bilatzen dute erasotzaileek», adierazi du Maitena Monroyk. «Gero eta gehiago salatzen ditugu horrelako erasoak, baina, aldi berean, beldurra zabaltzen ari da», erantsi du Idoia Arraiza Zabalegik. Mugimendu feministako kideak dira biak, eta autodefentsako irakasleak. Erasoek sortutako alarmarekin tentuz jardun beharra nabarmendu dute: indarkeria matxistaren aurkako erantzunak jorratu behar dira, andreen ahalduntzetik eta elkartasunetik. Ahizpatasunetik.
Drogak erabilita zortzi eraso egin dira azken asteotan, denak festa giroan. Gasteizko Arana auzoan izan zen lehena, ekain hasieran: bi emakume —haietako bat, adingabea— bortxatu zituzten; mugimendu feministak salatu zuen Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Osakidetzak ez zutela abiatu sexu erasoetarako protokoloa. Orain bi aste, berriz, Antxeta irratiak jakinarazi zuen Irunen (Gipuzkoa) lau andrazkori eraso egin zietela, burundanga emanda. Aste berean, antzeko albistea izan zen Ibarran (Gipuzkoa): bi emakume drogatu eta hiru orduz bahitu zituzten. Biktima guztiek dute hutsunea memorian: ez dira gertatutakoaz gogoratzen.
Ezohikoak dira halako erasoak, baina ez berriak, Arraizaren hitzetan: «Ez dakigu gehiago dauden orain ala gehiago salatzen diren». Izan ere, emakumeentzat beti izan da zaila bortxaketa bat salatzea. Errudun sentimenduak pisu handia du, eta are sakonagoa da drogak tartean dituzten erasoetan: «Esnatzen zara desorientatuta, ez zara ezertaz gogoratzen... eta lotsa eta erruduntasuna areagotzen dira, sentitzen duzulako egoerak ihes egin dizula. Hortaz, gehiago kosta daiteke salatzea, ez dakizulako zer gertatu zaizun, eta geure burua zalantzan jartzeko joera handia dugulako emakumeok, edozein erasotan».
Duda horiek ez dira soilik biktimara mugatzen: agerikoak dira ikerketan. «Zaila izaten da zehazki zer gertatu den kontatzea eta froga fisikoak lortzea, areago salaketa berehala jartzen ez bada», azaldu du Arraizak. «Hortaz, berez emakumeen hitza zalantzan jartzen duen testuinguru bati gehitu behar diogu halako kasuek duten anbiguotasuna: horrek dakar gure sinesgarritasuna auzitan jartzea, eta erasotzaileak zigorrik gabe geratzea». Baina argi mintzatu da Monroy: andre bat bortxatzera heldu ala ez, droga ematea bera eraso bat da. «Autoritatea eta borondatea kentzeko ematen dute droga: indarkeria ekintza bat da. Gure bizitzen eta gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu emakumeok, eta eskubide hori ebatsi diete droga emandakoei».
Hala ere, erasotzaileen jokabidea ez da berria, Arraizaren iritziz, andreen nahia azpiratzeko beste modu batzuk erabili izan baitituzte: «Alkohola ere droga bat da, eta beti baliatu dute emakumeak bortxatzeko eta beren borondatea gainditzeko. Erasotzailearentzat errazagoa da emakumearen gorputzarekin nahi duena egitea, erresistentzia gutxiago jartzen duelako, eta nolabait sinets dezakeelako ez dela ari emakumearen gogoz kontra, ezin duelako ezetz esan». Monroyren arabera, berriz, badago jauzi kualitatibo bat halako drogen erabileran: «Andreen erresistentzia gaitasuna nolakoa den ere adierazten du. Erasotzaileak beldur dira, badakitelako emakumeak salaketak jartzen ari direla. Horregatik dabiltza indarkeria bortitzena egiteko estrategia berrien bila: andreok, sinesgarritasuna ez ezik, erresistentziarako gaitasuna ere gal dezagun».
Edonola ere, biek kezka agertu dute halako erasoek duten oihartzunarekin, eta horren ondoriozko alarmarekin. Monroy: «Nabarmentzearen nabarmentzeaz, ematen du horiek direla bortizkeria egoera bakarrak. Garrantzitsua da argitzea horrelako erasoak indarkeria direla, baina indarkeria egoeretako bat baino ez direla: Euskal Herrian bortxa pila bat jasaten dute andreek egunero, baina ez dugu horiez hitz egiten». Arraiza: «Ikusgai egiteak kontrako eragina sor dezake, mezuekin kontuz ez bagabiltza: erasoez hitz egitean, erantzunak ere jorratu behar ditugu, autodefentsa feministaren esparrutik eta emakumeen ahalduntzearen bidetik».
Kontrolerako arriskua
Jakitun baitira intentsitate altuko erasoek izua zabaltzen dutela, eta halakoetan andreen gaineko kontrola areagotzea izaten dela joera. «Zer esango diegu neska gazteei? Ez dezatela beren sexu askatasuna baliatu?», gaitzetsi du Monroyk. Arraizak gehitu du ezinbestekoa dela mezu positiboak ematea: «Indartzaileak, gure gaitasunak nabarmentzeko, gure arteko konplizitateak sustatuz».
Baina zintzo jokatzearen aldekoa da Monroy, egoera zail horiez ere hitz egin behar dela uste baitu: «Egoera jakin batzuei beldurra izateak ez du zertan txarra izan. Besteak beste, horrek eramango gaituelako estrategia kolektiboak pentsatzera. Drogatu bazaituzte, zeure burua defendatzeko aukerak murritzagoak dira, ezin duzulako erabaki, ezin duzulako ezer egin. Hortaz, prebentzioa landu behar da, ahizpatasunetik, ezinbestean: kuadrillatik».
Elkartasun hori giltzarri da bientzat. Arraiza: «Norbere burua zaintzeaz harago doa, norbere edalontziarekin adi egotea baino gehiago: guztion ardura da jai guneetan gertatzen dena, bai norbere kuadrillan —oinarrizkoa da zaintzea lagunak zer moduz dauden, norekin doazen etxera...—, baita ezezagunekin ere: neska bat deseroso antzemanez gero, hurbiltzea, galdetzea zerbait behar duen... Sentsibilitate hori handitu behar dugu». Monroy: «Orain, teknologia berriak ere erabil ditzakegu: adibidez, Whatsapp dugu azken uneko erabakien edo arazoen berri emateko».
Baina, emakumeei ez ezik, gizonei ere begira jarri zaie Monroy. Kezkagarria iruditzen zaio mezu guztiek andrazkoak aipatzea, eta gizonei ez erreparatzea. Berdintasunaren alde daudenei igorri die mezua: «Jendaurrera atera behar dute, erreferente maskulino gisa, adieraziz haiek ez direla matxismo eta gizontasun horrekin identifikatzen».
Indarkeria matxista. Sexu erasoak jaietan
Erantzuna, ahizpatasunez
Azken asteotan, kezka zabaldu dute drogen eraginpean egindako sexu erasoek: zigorgabetasuna helburu dutela salatu dute feministek. Autodefentsa lantzera eta elkartasuna indartzera deitu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu