«Aukera berdintasuna» bermatzeko asmoz hartutako erabakia dela esan du Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak. Lehengo astean eman ziren argitara Espainiako Aldizkari Ofizialean ikasturte honetan Erasmus bekak lortzeko bete beharko diren baldintzak, eta bada aurreko urteetan zehazten ez zen atal bat: atzerrian ikasteko laguntza ekonomiko hori soilik aurreko ikasturtean beka orokorren bat eskuratu zuten ikasleei emateko asmoa dago. Haserrea eragin du aldaketak ikasleen artean, eta, protesta egiteaz gain, sinadurak biltzen hasi dira.
Hainbat ikaslek hasiak dituzte jada beren egonaldiak kanpoan, eta ezustean harrapatu ditu erabakiak, alde egin aurretik uste baitzuten Espainiako Gobernuak ikasketa horiek egiteko ematen duen diru laguntza oinarrizkoa—150 euro inguru hilabetean— eskuratuko zutela. Baina diru hori eskatu ezinik geratuko dira ikasle asko: EB Europako Batasunak ematen duen laguntza baino ezingo dute eskuratu, eta, kasuan kasu, autonomia erkidegoek ematen duten laguntza gehitu ahal izango diote. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek, esaterako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik 120 euro inguru jasotzen dituzte hilean, eta Europako diru iturrietatik, berriz, 110.
Jaurlaritzak ez du argibiderik
Argi dago aldaketak iazko ikasturtean Espainiako Gobernuak ematen dituen bekak jaso zituzten ikasle guztiei eragiten diela. Ez dago garbi, ordea, erkidegoetako laguntzak jaso zituzten ikasleak ere barruan sartu dituen Wertek gidatzen duen ministerioak. Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko informazio iturriek aditzera eman dutenez, Hezkuntza Ministerioak ez die horren gaineko azalpenik eman autonomia erkidegoetako agintariei. Zain daude, baina argibide horiek jaso gabe, aldizkari ofizialeko testuan agertzen den mezuaren gaineko «interpretazioak» besterik ezin dituztela egin adierazi dute. Oraindik ez dute bestelako baloraziorik egiteko asmorik, beraz.
Espainiako Gobernuak defendatu egin du erabakia: laguntzek baliabide «urrienekoentzat» izan behar dutela adierazi du, eta haien ikasteko aukera «bermatzeko» eskaini behar direla. «Beka hau benetako gizarte laguntza izatea nahi dugu», adierazi du prentsa ohar batean. Atzerrira ikastera doazen ikasleek ematen zaizkie gainerako laguntzak jasotzen segituko dutela esan du. Ikasle asko, ordea, suminduta daude. Normalean laguntzaren kobratzea hainbat zatitan egiten da, eta Gabonak alderako espero zuten lehena. Ez da aurtengoetarako helduko, ordea.
Erasmuserako laguntza beka orokorrak dituztenei bakarrik emateak haserrea eragin du
Espainiako Gobernuak 150 euro inguru ematen ditu hilean; orain diru iturri urrienekoei soilik egingo die ekarpena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu