Eraso sexisten aurkako manifestazioa egingo dute gaur arratsean Iruñean

Sanferminak hasi zirenetik, hamar salaketa ipini dituzte, eta Poliziak zortzi gizon atxilotu ditu. Mezu sexistadun 200 pin konfiskatu dituzte

Festen aurretik, gaueko manifestazio bat egin zuten erasoen aurka. I. URIZ / ARP.
Samara Velte.
2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Erasotzaileak kanpora lelopean, abusu sexisten aurkako manifestaziora deitu dute Iruñeko mugimendu feministak eta hura biltzen duen Gora Iruñea plataformak, gaur iluntzerako. Protesta 21:00etan abiatuko da, Gazteluko plazatik; peñen federazioak eta Iruñeko Udalak ere babestu dute deialdia.

Sanferminak hasi zirenetik, hamar emakumek salatu dute gehiegikeriak egin dizkietela: bederatzi salaketa abusuengatik izan dira —ukituak—, eta bat erasoagatik, gizonezko bat biolentzia fisikoz oldartu zitzaiolako. Herenegun, jaietako seigarren egunean, salaketa horietako hiru jarri zituzten. Iruñeko Udalak kanpaina zabala abiatu du eraso sexisten aurka, eta forma guztietakoak salatzeko eskatu du. Atzo, hain zuzen ere, mezu sexistadun 219 pin konfiskatu zizkioten udaltzainek kaleko saltzaile bati; hainbat herritarrek adierazia zuten haserrea txapa horiengatik Interneten.

Abusuengatik kaleratua

Sortu alderdiak jakinarazi du «Donostiako militante ezagun bat» kanporatuko duela ezker abertzaletik, emakume gazteak biluzik ageri ziren argazkiak edukitzeagatik. Alderdiak azaldu duenez, militanteak bere «erreferentzialtasuna» baliatzen zuen emakumeak «engainatu» eta «manipulatzeko»; besteak beste, ikasle proiektu artistiko baterako argazki pasea egingo zutela sinetsarazten zien, biluzik ageri ziren argazkiak eskatzeko. Praktika horregatik kaltetutako neskei «babes osoa» adierazi die Sortuk: «Eraso sexisten aurrean, zero tolerantzia».

Iaz ere beste kide bat kanporatu zuten ezker abertzaletik, alabari sexu gehiegikeriak egin zizkiola jakin zenean. Umearen amak berak eman zuen abisu, eta duela bi hilabete auzipetu zuten gizonezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.