Arnaldo Otegik dei zuzena egin dio PSOEri eta ohartarazi dio horrelako erasoak amaitzen ez diren bitartean ezinezkoa dela bake prozesua eraikitzea. Ez behintzat prozesuan parte hartzen ari diren solaskideak deklaratzera deitzen jarraitzen badute behintzat. Beharrezko jo du eragile guztienganako errespetua eta hori lortzeko frogak beharrezkoak direla esan dio.
"Nola pentsatzen duzue posible dela eraikitzea inongo prozesurik horrelako baldintzetan?", galdetu dio Otegik zuzen zuzen PSOEri. Baldintza horiek zeintzuk diren ere azaldu du: "Non, solaskideak garenok, sinatzen dugu egunero ertzaintza-etxe batean, non solaskideak garenok gure etxeak hipotekatuta ditugun, ehundaka milako euroak ditugulako fidantzapean, non solaskideak garenok ez dakigun prentsaurreko bat eman dezakegun ala ez". Kezkatuta hitz egin du Otegik, Joseba Permach mahaikidea alboan zuela.
Ardura politikorako deia egin du Batasunekoak, beti ere lasaitasunetik. Hala ere, kezkatuta agertu da bereziki, ezker abertzalea jasaten ari den erasoekin. PSOEri esan dio, ezin dela jendearen itxaropenarekin jolasean aritu.
Eraso judizialez gain, PSOEko hainbat kideren jarrera arduragabea salatu du Otegik. Izan ere, Batasuneko kidearen ustez azkenaldian arduragabekeriaz jositako hizt jarioa dago.
Politika