Erasoak izan litezkeela eta, Etxerat babestu dute eragileek

Etxerat-en aurkako jazarpena areagotu dela eta Auzitegi Nazionala elkarteari buruzko ikerketa egiten ari dela ohartarazi dute. EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ezker abertzaleak babesa agertu diote elkarteari

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Datozen egunetan Etxerat elkartearen aurka har daitezkeen neurrien inguruan gure kezka azalarazi nahi dugu». Hori esanez hartu du hitza Amaia Agirresarobe Alternatibako kideak berrogei bat lagunen aurrean jarritako mahaian, presoen senideen elkarteko ordezkariaren azalpenen ondoren. Etxerat-ek azkenaldian bizi duen jazarpenaren aurka elkarteari babesa eman dioten eragileen izenean irakurri du agiria. Besteak beste, Alternatiba bera, Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea eta Aralar indar politikoek, Lokarrik eta LAB, Hiru, ESK, EILAS eta EHNE sindikatuek sinatu dute agiria, eta egoeraren berri emateko agerraldian izan dira horien ordezkariak.

Hilabeteetan jasan duen jazarpena areagotu egin dela jakinarazi du Etxerat-ek, eta aurki auzitegien jomuga izan daitekeela pentsarazi dieten zantzuak antzeman dituztela. Iazko abenduan Rodolfo Ares buru duen Herrizaingo Sailak elkarteari buruzko txostena igorri zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, eta Fiskaltza elkarteari buruzko ikerketa egiten ari dela jakin dute. Gainera, azken egunetan Etxerat-en egoitzak zelatatzen ari direla konturatu dira elkarteko kideak. «Etengabe handitzen ari den jazarpena pairatzen dugu, eta jakin badakigu etorkizunean okerrera egin dezakeela», adierazi du Iñaki Usandizaga Etxerat-eko kideak.

Agirresarobek, eragileen izenean, ohartarazi du ez dutela onartuko «jatorri eta pentsaera ezberdinak dituzten milaka herritarrez osatutako elkartearen aurkako balizko jardunik». «Elkartea erabat legala da. Euren senide eta lagunen eskubideen defentsak batzen ditu; euskal preso politikoen eskubideak».

Eragileen ustez, «onartezina» da elkartze, manifestazio eta adierazpen askatasuna ukatzea, eta «oso larria» senide eta lagunen elkarte bat «kriminalizatzea». Areago, «salbuespeneko izaera duen eta oinarrizko eskubideak urratzen dituen espetxe politikaren ondorioak» pairatzen dituztela salatu dute senideek, eta sufrimendu horren aitortza ezinbestekoa dela «demokrazia eta eskubideekin konprometitua dagoen jendarte batean». Hortaz, «Etxerat-i jazarri beharrean» pausoak kontrako norabidean eman behar direla adierazi dute: pertsona guztien eskubideak errespetatu behar direla Euskal Herri osoan, «baita euskal preso politikoenak zein senide eta lagunenak ere».

Etxerat-i eta elkarteko kide guztiei babesa eman, eta taldearen jarduna «kriminalizatu eta oztopatzen duten jokaldiak berehala amaitzeko» eskatu dute.

Usandizagak azaldu du hurkoen zein beraien eskubide urraketek elkarrarazi zituela presoen senide eta lagunak, eta sorrarazi zituzten «arrazoiak desagertzeko beharra» dutela.

«Ondo dakigu Euskal Herrian sufrimenduak hainbat norabide dituela», esan du. Baina haiek ere «gatazkaren ondorio» eta sufrimenduaren parte direla onartu behar dela. Jazarriak izaten ari direla ohartarazi, eta, oztopoak oztopo, hurkoen eskubideen alde jarraituko dutela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.