Bertze Iruñe bat. Eta bertze mota bateko bestak. Horixe nahi dute Beste Iruñerantz plataformaren eskutik bat egin duten taldeek. Dekalogoa sinatu dute helburu horretan urratsak egiteko. Sanferminak uztailaren 6an hasiko dira, eta besta horiei begira, eraso matxista, xenofobo, homofobo eta faxistarik gabeko jaiekin gozatzeko eskubidea aldarrikatu dute. «Jai euskaldunen alde» ere egin dute.
Honako hauek dira sinatzaileak: Gora Iruñea, Sare Antifaxista, Iruñeko Peñak, EHE, Bilgune Feminista, Kattalingorri, SOS Arrazakeria, Gazte Peña, Iruñerriko Gazte Mugimendua eta Iruñea Askatasunez. Argi erran dute: «Iruñea herrikoi, aberats eta alternatiboa nahi dugu».
Nahi duten bertze Iruñe horren alde, hain zuzen ere, manifestaziora deitu dute dekalogoaren sinatzaileek. Uztailaren 4an eginen dute, eta Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da, 19:00etan. Parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Denen eskubideak bermatuko dituzten hiri eta besten aldeko dekalogoa zabaldu nahi dute, halaber, eta sanferminak amaitu eta gero ere lantzen jarraitzeko asmoa agertu dute. Hasteko, Iruñeko eragileekin eta denda eta ostatu jabeekin harremanetan jarriko direla ezagutarazi dute, denen arteko elkarlanaren bidez erasoen aurka sinatu duten testua zabaltzeko. «Herritarren beharrak kontuan hartzeko ordua da», nabarmendu dute Beste Iruñerantz plataformaren eskutik bat egin duten taldeek.
Erasorik gabeko besten alde, bat egin dute Iruñean
Hainbat taldek dekalogoa sinatu dute, denen eskubideak babesteko.Manifestazioa eginen dute, «bertze Iruñe bat» aldarrikatzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu