Ingurumena

Erdiz inguruan egin nahi duten magnesita harrobiak ekar ditzakeen arazoez ohartarazi dute

Sustrai Erakuntzak esan du proiektua egiten bada "hondamendia" eragingo duela ingurumenean, eta kontra egitera deitu du.

Harrobia egin nahi duten lekua. SUSTRAI
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 20a
08:41
Entzun

"Proiektuaren asmoa da ia ehun hektareatan eragina izatea; horietako 53 inguru abeltzainentzat kalitate handiko larreak dira, beste hamar inguru, pagadiak. Horiek betiko galduko lirateke". Sustrai Erakuntzak aski balorazio ezkorra egin du Magnesitas Navarra SA enpresak Erdiz inguruan (Nafarroa) magnesita harrobi bat martxan jartzeko egin duen egitasmoaren inguruan. Esan du harrobia egiten bada eremu babestu bat hondatuko duela, Alduide mendi ingurukoa.

Gogora ekarri du inguru horretantxe egin nahi zutela aurretik ere beste antzeko egitasmo bat, Zilbetiko lurretan, baina egitasmo horrek ezin izan zuela aurrera egin auzitegietan. 2015ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen egitasmoa atzera bota behar zela; sententzia haren arabera, Natura 2000 sareak ¬ękalte onartezina¬Ľ eginen luke eremu babestu batean, eta ezin zen egin. 2017an, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epai hori.

Harrobiko jardunaren ondorioz zabalduko diren hautsek kutsadura eragingo dutela, harrobira joan-etorrian ibiliko diren kamioi ugariek ere kaltea eragingo dutela, inguru hartan ari diren artzainei eragozpenak sortuko dizkiela beren jardunean jarraitzeko... Egitasmoa auzitan jartzeko motibo asko zerrendatu ditu Sustrai Erakuntzak. "Atzera-bueltarik gabeko kalteak" izango liratekeela esan du, inguruko ekosistemak guztiz hondatuko lituzkeela, eta kontra egin behar zaiola. Erdiz Bizirik plataforma ari da horretarako bideak aztertzen, eta lehengo hilean bertan mobilizazioak egiten hasi zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.