Roberto Perez Elorza. Hezkuntza Departamentuko zuzendaria

«Eredu eleaniztuna da gure helburua, baina egoera konplexua da»

PAI ingelesez ikasteko programaren ebaluazioak kalapita handia sortu du Nafarroan. Egungo errealitatetik abiatuta hizkuntzen tratamendu integratu baterantz jotzeko nahia agertu du Hezkuntzako buruak.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iazko abuztuaren 31n izendatu zuten Roberto Perez Elorza (Iruñea, 1966) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusi. Ordutik, ez du lan samurra izan: PAI ingelesez ikasteko programaren ebaluazioa, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako lan eskaintza publikoak, D eredua zabaltzea, eta, hori gutxi balitz bezala, Hezkuntza pagaburu gisa erabili duen oposizio suhar baten oldarraldi etengabea.

Hezkuntzari lotutako gaiak egunkarietako lerroburuetan daude ia egunero...

Bai, baina, kasu gehienetan, artifizialki puztutako polemikak izan dira, fundamentu handirik gabekoak. Adibidez: 2016ko LEP lan eskaintza publikoan, hautagaietako batek helegite bat aurkeztu zuen ez zegoelako ados azterketa batean jasotako emaitzarekin. Ohiko kontua da hori oposizio prozesu guztietan, eta Hezkuntza Departamentuak atzera bota du erreklamazioa jada; beraz, auzia konponduta dago. Bada, egunkari batek azalera eraman du, LEPa kolokan egonen balitz bezala. Hori gehiegikeria hutsa da.

Dena den, gorabeheratsua izaten ari da 2016ko LEParen ibilbidea. Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen, Afapna sindikatuaren errekurtsoa ontzat emanda...

Oso larria izan zen erabaki hori, eta ulergarria da lanpostua lortu zuten irakasleek agertu duten ezinegona. Gure esku dagoen guztia ari gara egiten epaia baliogabetzeko.

Epailearen arabera, lantalde organikoan ez dago hizkuntza baldintza zehatzik, eta, hortaz, ezin da lan eskaintza publikoan euskarazko posturik eskaini...

Eta egia da, bai, baina lan deialdi guztietan gertatu da hori, ez honetan bakarrik. Betidanik egin da horrela, gaztelaniazko nahiz euskarazko postuetan, espezialitate guztietan. Hemendik aurrerako lan eskaintza publikoetan beste modu batera jokatuko dugu, baina, bitartean, auzitegian borrokatzea besterik ezin dugu egin.

Zuk diozu orain arteko oposizio guztietan gertatu dela oker hori, baina euskarazko 108 lanpostuak dira baliogabetu dituzten bakarrak.

Hala da, bai. Afapnaren argudioa hertsiki aplikatuko bagenu, askoz postu gehiago baliogabetu beharko lituzkete, ez soilik euskarazkoak. Finean, hori izan da hasieratik Afapnaren aldarrikapena: eskainitako lanpostuen proportzioa aldatzea, euskarazkoak gehiegi zirelakoan.

Bigarren Hezkuntzako LEPa ere iragarri duzue berriki, aurtengo ekainerako. Oposizioak atzeratzeko eskatu zizueten sindikatuek. Zergatik ez zenuten hala egin?

Oposizioa aurten eginda, egia da hautagaiek denbora gutxi dutela ikasteko, baina beste faktore batzuk hartu ditugu kontutan. Berez, iazko urrian eman nahi genituen 2017ko deialdiaren xehetasunak, baina, aurreko LEParekin gertatutakoa ikusita, pixka bat atzeratu behar izan genuen kontua, berme juridiko guztiak genituela ziurtatu arte. Bestalde, ahalik eta postu gehien atera nahi dugu: aurten, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketakoak; eta 2018an, Lehen Hezkuntzako gehiago. 2017ko deialdia atzeratu izan bagenu, heldu den urtean aterako ditugun postu horiek galtzeko arriskua zegoen.

Irakasleen kontratazio zerrenda bakarra osatuko al duzue?

Arretaz aztertzen ari gara aukera hori. Alde batetik, Espainiako Estatu osoan Nafarroa delako kontratazio zerrenda publikoak hizkuntzen arabera banatzen dituen komunitate bakarra; eta, bestetik, euskaldunei bakarrik eragiten dien banaketa delako: zerrenda berean doaz, adibidez, ingeles titulua duten irakasleak eta ingelesa ez dakitenak, baina euskal hiztunekin ez da gauza bera gertatzen. Hortaz, zerrenda bakarraren auzia ezin da bazterrean gelditu.

2017ko deialdirako prest egon daitekeela uste duzu?

Ez dakit. Hainbat xehetasun eztabaidatu eta adostu beharko ditugu, eta hori guztia definitzeke dago. Baina badugu denbora. Atea zabalik dago.

PAIren ebaluazioak ere zeresan handia eman du. Espero zenituzten emaitzak eman ditu programa horren ikerketak?

Oro har, ez genuen aurretiazko ideia finkorik. Ingelesez emandako orduak gehituta ikasleen ingeles mailak ere gora egiten duela ikusi dugu, eta gainontzeko ikasgaiei erreparatuta, emaitza normalak izan dira. PAI ezartzeko modua izan zen benetan kaotikoa: urik ote zegoen jakin gabe egin zuten jauzi igerilekura.

«Lehen belaunaldiko» bederatzi zentrotan egin duzue ebaluazioa soilik. Ingelesezko ikasketak 2011 baino lehen ezarri zituzten horietan, baina gerora hasi ziren PAIren hedatzea eta kudeaketa arazo handienak. Datu gehiago jaso ahala emaitzak aldatuko direla uste al duzu?

Ez dute zertan okerragoak edo hobeak izan, baina egia da asko dugula oraindik ebaluatzeko. Prozesua ez da amaitu. Interesgarria izanen da lagin gehiago jasotzea eta ondorioak ateratzea, PAI programan nahiz beste ereduetan. Finean, hobetzeko tresna bat da ebaluazioa, besterik ez.

Ebaluazioa eginda, zeintzuk izanen dira hurrengo urratsak?

Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu PAI programa errealitate bat dela, eta ehun ikastetxetan baino gehiagotan ezarria dagoela jada. Bestalde, ebaluazioak argi utzi du, oraingoz, PAI programa ezarria duten ikastetxeek eta zentro horietako gurasoek eutsi egin nahi diotela. Beraz, etorkizuneko plangintzak ezartzeko tenorean, ezin gara hutsetik hasi. Daukagun egoeratik abiatu beharko dugu halabeharrez. Gure proposamenak malgua behar du izan, eremu bakoitzera egokitua, eta ikastetxeei autonomia emanen diena, programak beharren arabera moldatzeko.

Legealdi hasieran, benetako eleaniztasuna sustatuko duen eredu baterantz jotzeko xedea agertu zuen Mendoza kontseilariak. Urtu egin al da asmo hori?

Ez, baina, orain arte, denbora gehiegi jan digu PAIren auziak. Gure asmoa da hiru edo lau hizkuntza bilduko dituen eredu baterantz jotzea eta ikasle guztiak eleaniztun bihurtzea, baina Nafarroako errealitatea konplexua da, eta garai egokiena hautatzen asmatu behar dugu. Une hori iritsi arte, egungo ereduak sustatu behar ditugu.

Bateragarria al da PAI programari eustea eta euskarazko hezkuntza sustatzea?

Baietz uste dut. Nik, Yolanda Barcinak ez bezala, ez dut planteatzen hizkuntza ereduen arteko konpetentziarik. D eredua garatzeko eta zabaltzeko esparru handia dugu oraindik.

D eredua eremu ez-euskaldunera zabaldu zenuten iaz, baina informazio eskasia salatu zuten hainbat elkartek eta sindikatuk. Hori konponduko duzue aurtengo aurrematrikulazioan?

Bai. Gobernuak bi kanpaina eginen ditu: D eredua sustatzekoa Euskarabideak, eta eskola publikoaren aldekoa Hezkuntza Departamentuak. Horrez gain, bilera sorta bat eginen dugu eremu ez-euskalduneko erreferentziazko hamalau ikastetxetan, hango familiek izan ditzaketen zalantzak argitzeko eta aurrematrikulazioa hobeki planifikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.