Nafarroako eremu ez-euskalduneko guraso talde batek bertze behin aldarrikatu du gaur, Iruñean, seme-alabek herrian euskaraz ikasteko duten eskubidea. Egun, eskubide hori ez dago bermatuta. "Orain arte eskubide hori dugula ere ukatu du Nafarroako Gobernuak", erran du Mendigorriako ama Eunate Lopezek. Hiru alaba ditu, eta euskaraz ikasi nahi duten herriko bertze haurrekin batera, Garesera joan behar dute, egunero, eskolara. "Jantokirako eta garraiorako laguntzarik ez dugu", azaldu du. Eremu ez-euskalduneko bertze hainbat herritan laguntza horiek jasotzen dituztela erantsi du, baina haiei ukatu egiten dizkietela, Gares ez delako haien hezkuntza esparruko herri.
Euskararen legea otsailean aldatu zuten, eta aldaketa horrek onartzen du eremu ez-euskadunean euskaraz ikasteko eskubidea. Oraingoz, hala ere, urratsik ez dute egin eskubide hori gauzatzeko. "Lege berria baino gehiago, zuzenketa bat da, niretzat. Gobernuak erraten du gutxienez hamabost haur behar direla D eredua herrian jartzeko. Lan eremuko herrietan gehiegizko kopurua da hori". Lopez prest da bertze herri batera mugitzen jarraitzeko, "baina laguntzak jasota".
Gobernu berriak laguntza horiek jasotzeko eta euskaraz ikasteko duten eskubidea onartuko duela espero du Lopezek: "Euskararen legea bertan behera uzteko garaia da".