Erietxe pribatuetan ohe gehiago kontratatzera jo du Osasunbideak

Foru Gobernuak dio horren premiarik ez dagoela; Iruñeko erietxeetako langileek, ordea, egoera txarra dela diote

Asier Azpilikueta.
2008ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Urtarrilean eta otsailean, Iruñeko bi ospitale publikoak gainezka egon dira. Nafarroako ospitalean eta Bideko Ama Birjina klinikan oheak falta zirenez, hango pasabideak eta itxarote gelak erabili behar izan dituzte gela arrunt moduan, gaixo helduak pediatriako eta ama-haurren geletan sartu behar izan dituzte, hainbat ebakuntza atzeratu behar izan dituzte, eta klinika pribatuekin dituzten kontzertuak zabaldu. Nafarroako Gobernuak bertze 40 ohe kontratatu ditu San Miguel eta San Juan de Dios erietxe pribatuetan. Hala ere, Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak oheak falta direla ukatu izan du. «Normala da gaixo bat ospitaleratu baino lehen itxarote geletan edo bertze nonbaiten denbora batez egotea, zain».

Nerea Castellsek Bideko Ama Birjinako Larrialdi Zerbitzuetan egiten du lan. Castellsek dio abenduan eta otsailean «oso garai txarrak» izan zituztela. «Oso gaizki ibili gara ohe kontuarekin. Otsailean, batez ere. Orduan, egunero lauzpabost pertsona izan ditugu larrialdietan zain, ohe bat libratu arte».

Castellsek esplikatu duenez, larrialdietan sartzen dena ospitaleratu behar bada, normala da han egotea azterketen emaitzen zain. Horretarako, lau pertsonarentzako tokia duen gela badute. «Baina normalean lau baino gehiago izaten ditugu emaitzen esperoan. Eta gainontzekoak pasabideetan ditugu, esku-oheetan, batere intimitaterik gabe, ospitalean ohe bat libratu arte. Gaixoak hor izatea azken baliabidetzat jotzen da, epidemia garaietarako. Nik urtebete bakarrik daramat larrialdietan, baina nire lankideek diote aurten gehiago aplikatu dela ezohiko neurri hori».

Ohe arazoa «negu hasieratik» izan dutela uste du Castellsek. «Lehenbiziko ezohiko neurria izaten da gaixo orokorrak ama-haurren atalera bidaltzea. Eta hori negu hasieratik ari dira egiten. Amak eta haurrak hartu beharko lituzketen geletan sartu dituzte pneumonia edo sabeleko mina zutenak».

Argi dago gero eta jende gehiago bizi dela Nafarroan, eta horiendako nahikoa ohe ez dagoela. Baina, horretaz aparte, Castells erizainak uste du herritarrek gero eta gehiago eskatzen dutela. «Lehen, katarroa zuena etxean gelditzen zen. Orain, lehenengo sukarrarekin, medikuarengana edo larrialdietara jotzen dute. Eta horren aurrean, medikuntzak defentsara jotzen du. Orain, edozein tontakeriagatik egiten da analisia, plaka edo eskanerra. Eta, duda izanez gero, gaixoa ospitaleratzen da, etxera bidali ordez».



«EGITURAZKO ARAZOA». Marisa Garcia Nafarroako Ospitaleko medikua da. 1987tik 2000ra larrialdietan lan egin zuen. Garciak dio berak ulertzen duela jendeak zergatik jotzen duen larrialdietara. «Estatistikek diote benetako premia duten larrialdiak %20 bertzerik ez dela. Baina ulertzekoa da jendeaklLarrialdietara jotzea. Izan ere, espezialistengana joateko itxarote zerrendak hilabetekoak dira. Eta medikuarekin ordua eskatu eta 4-5 egun edo astebete itxaron behar duzu.

«Kaosa» izan da Iruñeko ospitaleetan zenbait egunetan, Garciaren aburuz. «Larrialdietan 7-8 ordu itxarotea ohe bat libratu arte normala litzateke. Baina, orain, egun bat baino gehiago egoten dira zain. Eta hor ez dago tratamendua emateko langilerik. Hango langileak larrialdiak hartzeko baitaude. Bertze norbaitek eman behar du tratamendua».

ELAko ordezkaria da Garcia. «Larrialdietako langileek tentsio eta estres handiz bizi dute egoera hau. Presioa oso handia da, tokia eta langileak falta direlako. Horregatik, aukera dutenean, bertze lanpostu batera joaten dira. Baina, tira, bertzetik, langileak horretara ohituta daude, eta gaixoek oso ongi jokatzen dute, gertatzen dena ikusten baitute». Osasunbideko ospitaleak gainezka daudela eta, arazoa «une jakin batekoa ez baizik eta egiturazkoa» dela uste du Ana Urmeneta erizainak. ELAko ordezkaria da bera ere. «Populazioa asko handitu da, baina betiko ohe kopurua dugu erietxeetan. Eta, gainera, etengabe lanetan ari direnez, lan horiek egiteko tokia kentzen dute». Anitzez ere diru gehiago sartu behar da Osasunbidean, Urmenetaren ustez. Eta berriz antolatu behar da.

Osasun Departamentuak BERRIAri onartu dio urtarrilean eta otsailean gainezka egon direla Iruñeko ospitaleak. Baina martxoan egoera «normaldu» da, nonbait.Carlos Ekiza Nafarroako Ospitaleko zaindariak berretsi du martxokoa ez dela «hainbertzerakoa», nahiz eta «dena beteta» duten. Bertze modu batean kalifikatzen du, ordea, urtarrileko eta otsaileko egoera. «Bi hilabetean izugarrizko nahaste-borrastea izan da. Sekulako masifikazioa. Eromena». Ekizaren ustez, gaixoak itxarote geletan izatea ez dago ongi, han ez dutelako behar bezalako laguntza hartzen. Eta «oso larria» deritzo helduak pediatrian edo ama-haurren atalean sartzea. «Gaixotasun kutsakorrak zituzten gaixoak sartu baitituzte pediatrian».

Bideko Ama Birjina klinikako larrialdietako buru Javier Sesmak erran du «une gogorrak» izaten direla gainkarga dagoenean, baina langileak «ohituta» daudela, eta lana «aurrera» ateratzen dutela. Carlos Ekiza LAB sindikatuko ordezkaria da. Ekizak dio langileak «beti» ailegatzen direla egin beharrekoa egitera. «Baina ero moduan joaten dira alde batetik bestera».



«KUDEAKETA ONAREN ADIERAZLE». Maria Kutzek ohe eskasia dagoela ukatu arren, otsail bukaeran jakin zen Gobernuak 40 ohe gehiago kontratatu zituela San Miguel eta San Juan de Dios klinika pribatuekin, jada haiekin dituen hitzarmenetatik aparte. Gaixo kronikoek eta zaharrek hartzen dituzte ohe horiek. Zentro pribatuetan daude oheak, baina Osasunbideko profesionalen bisita jasotzen dute. Adibidez, San Miguel klinikan geriatrarik ez dutenez, ospitale publikoetakoak joaten dira haraino bisitan.

Otsail bukaera aldera PSN alderdiak salatu zuen Iruñeko bi ospitaleetako zenbait gaixo pasabideetan eta gela arruntak ez ziren geletan zeudela ospitaleratuta. Otsailaren 27an, Nafarroako Ospitalean egin behar zituzten zortzi ebakuntza bertan behera utzi zituzten, gaixo horientzat gelarik ez zelako izanen. Ospitale berean, martxoaren 3ko gauean, bulegoak eta itxarote gelak erabili zituzten gaixoentzako gela gisa. Martxoaren 4an, bertze 5-6 ebakuntza bertan behar utzi zituzten Bideko Ama Birjina ospitalean, oheak falta zirelako.

Egun horietan jakin zen Santiago Cervera UPNko diputatuak Diario médico aldizkarian eginiko adierazpen batzuen berri. Cerveraren ustez, ohe kopurua gutxitzea «kudeaketa onaren adierazle» da. «Ospitaleetako ohe gutxitzeak erran nahi du atzerapena gutxitzen ari dela eta osasun etxeetako kirurgia hazten ari dela». Osasun kontseilaria izan zen Cervera 1996. eta 2003. urteen artean. Haren lekukoa hartu zuen Kutzek.



«Populazioa askohanditu da, bainabetiko ohe kopurua dugu erietxetan»

ANA URMENETA
erizaina. ELA-ko ordezkaria
«Langileek tentsio eta estres handiz bizi dute egoera hau. Tokia etalangileak falta dira»

MARISA GARCIA
NAFARROAKO OSPITALEKO MEDIKUA




Iruñeko hirugarren erietxea, ezbaian

Iruñean bi ospitale publiko daude, Nafarroako Ospitalea eta Bideko Ama Birjina klinika. Gainera, Iruñe ondoko Elkano herrian Ubarmin klinika dago, errehabilitazioetarako eta zenbait ebakuntzatarako erabiltzen dutena. Baina hiru zentro horiek ez dira gai Osasunbidera jotzen duten gaixo guztiak hartzeko, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuak hitzarmenak ditu San Miguel eta San Juan de Dios klinika pribatuekin eta Opuseko Klinika Unibertsitarioarekin. Osasunbideak aukera du hiru zentro horietan gaixoak izateko, baina, horretaz gain, hainbat ebakuntza eta tratamendu saioak ere bideratzen ditu horietara. Hala, San Juan de Dios klinikak berak onartzen du bere jardueraren %95 Osasunbidetik etortzen zaiola; San Miguel klinikak pabiloi berria zabaldu zuen udazkenean;eta Klinika Unibertsitarioa ia etengabe ari da eraikinak zabaltzen eta azken teknologiako aparatuak eskuratzen. Horiek hala, inork pentsa dezake beste ospitale publiko bat beharko litzatekeela Iruñean.

Osasunbidean askoz ere diru gehiago sartu behar dela uste du Marisa Garcia ELAko ordezkariak. «Eta klinika pribatuetan gastatzen duten diru guztia ospitale publikoetan gastatu behar da. Nik uste dut konponbidea ospitaleak zabaltzea dela, ez hirugarren ospitale bat egitea. Baina zabaltze horiek egin behar dira. Izan ere, hogei urte dira erraten ari direla larrialdi zerbitzu berriak eginen dituztela Nafarroako Ospitalean. Eta nik beti erran izan diet lankideei ni hilen naizela horiek ikusi gabe».





Zenbakien eskaera

Igoera nabarmenikez da izan Osasunbideko aurrekontuetan, urteotan populazioa asko hazi arren
A. Azpilikueta

Iruñea

Osasunbideko langileek aurrera ateratzen dute egin beharreko lan guztia, «nahiz eta lanak gainezka egin». Horixe uste du Marisa Garcia Nafarroako Ospitaleko medikuak. «Lanaren batailan, pertsonak ikusten ditugu guk. Eta pertsonekin hitz egin behar duzunean, gaixoen senideekin hitz egin behar duzunean, lotsa sentitzen duzu maiz, anitzetan ez baitakizu zer esplikazio eman. Bulegoan dagoenak, ordea, ez du lotsarik izaten. Ez baititu pertsonak ikusten. Zenbakiak bertzerik ez du ikusten».

Zenbakiak bakarrik begiratuta ere Osasunbidea «gaixo» dagoela ondorioztatu behar da, ELA sindikatuaren ustez. Duela hilabete, Osasunbideari buruzko txostena aurkeztu zuen sindikatuak, Osasunbidearen memorietatik hartutako datuekin. «Osasun arloan sartutako diruak behar bezainbertze ez direnez, eta lan karga izugarri handitu denez, zerbitzuaren kalitatea jaitsi egin da eta lan baldintzak okertu egin dira». Horixe da txostenaren ondorio nagusia.

ELAren arabera, Nafarroan Europan baino 364,3 euro gutxiago gastatzen da osasun publikoan biztanle bakoitzeko. Europako batez bertzekora ailegatzeko, Nafarroak 213 milioi euro gehiago ezarri beharko lituzke. Baina ez dirudi hori denik Nafarroako Gobernuaren bidea. Izan ere, azken urteetan, diru kopuru erlatibo bera eskaini dio osasun publikoari: barne produktu gordinaren %4,7.

PSN alderdia behin eta berriz ari da salatzen Osasunbidearen egoera, eta diru gehiagoren premia dagoela dio. Baina 2008ko aurrekontuetan -PSNk babestu dituen aurrekontuetan-, 865,2 milioi euro gorde dituzte osasun publikorako, hau da, Barne Produktu Gordinaren %4,7 berriz ere. «Nahiz eta PSNk sinetsarazi nahi azken aurrekontuak gizarte aurrerapen handia izan direla, datuek agerian uzten dute aurrekontuak antisozialak eta jarraizaleak direla», salatu du ELAk.



BIZTANLE GEHIAGO, OHE GUTXIAGO. Nafarroako ospitale publikoetako ohe kopurua ere «lotsagarria» da, ELAren aburuz. 2000. urtean, mila biztanleko 2,6 ohe zeuden Nafarroan. 2006an 2,2 ohera jaitsi zen kopuru hori. Bada, Europako batez bertzekoa 5,9 ohekoa da. Beraz, Osasunbideko ohe kopurua gutxitzen ari dira, nahiz eta Nafarroako populazioa izugarri handitu den.

Gauza jakina baita azken urteetan immigrazio handia izan duela Nafarroak. Etorkinak populazio osoaren %10 baino gehiago diradagoeneko. 1999tik 2006ra, 62.000 pertsona gehiago erroldatu ziren Nafarroan, eta horietako asko etorkinak dira. Datu horren oso antzekoa da 1999tik 2007ra Gizarte Segurantzan afiliatutakoen handitzea, 65.000 ingurukoa baita.

Beraz, geroz eta pertsona gehiago bizi dira Nafarroan, eta geroz eta pertsona gehiago ari dira dirua sartzen osasun sistema publikoaren aseguruan. Baina igoera horiek ez dute islarik Gobernuak ezartzen dituen diruetan, eta horrek, noski, ondorioak ditu eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean.

Hala, urtetik urtera ari dira handitzen ospitaleratze, larrialdi, kontsulta eta kirurgia zerbitzuen zenbakiak. Hori dela eta, ospitale publikoetako okupazio indizea gutxika-gutxika handitzen ari da, eta orain %80ko batez bertzekoa du. Baina, ohe gehiago ez dagoenez, gaixoak gero eta gutxiago egoten dira ospitalean, gaixoen arteko txandakatze indizea geroz eta handiagoa da, geroz eta egun gehiago dituzte itxarote zerrendak, eta geroz eta jende gehiago dago kirurgia zerbitzuen zain edo espezialistaren lehen kontsultaren zain.

Osasunbideko langileen lan zama handitzen ari da, beraz. ELAren ustez, «oraingo langile kopurua ez da nahikoa agintzen zaion lan zama bere gain hartzeko»; eta, gainera, gero eta zaharragoa da lan talde hori (langileen %46k 50 urte baino gehiago dituzte). Eta sindikatuek hainbatetan salatu dutenez, prekarietate handia dago. Izan ere, Osasunbideko behin-behinekotasun tasa %43koa zen 2006an.

Nafarroako lan merkatua osoan, oro har, tasa hori %27,5ekoa da. «Behin-behinekotasun tasarik handiena duen enpresa Administrazioa izatea ere...», erran du Marisa Garcia medikuak. «Egun bateko kontratuak egiten dituzte, bortz egunekoak, astebetekoak... Izugarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.