Pilatzen ari dira salaketak: ELA sindikatuak jakinarazi du gainezka daudela Donostiako Ospitaleko larrialdi zerbitzuak. «Erabateko saturazioa» dagoela ohartarazi du. Ez da bakarra izan: azken asteetan etengabe ari dira gisa horretako salaketak egiten Gurutzetako eta Basurtuko erietxeetan (Bizkaia). Behar adina ohe ez, eta korridoreetan dauzkate gaixoak. Sindikatuen esanetan, oheak kentzen ari dira ospitaleetan, eta horrek eragin du gaixo guztiak artatu ezina; ezetz erantzun du Osakidetzak, eta gripeari egotzi dio larrialdietako pilaketak.
Azken egunetan horrelako oharrak ari dira igortzen Gurutzetako Ospitaleko sindikatuak. ESKren arabera, hauxe zen atzoko irudia erietxean: goizeko zortzietan, 11 gaixo korridoreetan artatzen ari ziren, eta 40 zeuden geletan sartzeko esperoan. Egoera aldatzen ez dela ikusita, esku hartzea erabaki du EAEko Arartekoak, eta ikerketa bat hasi du bere kabuz. Rafael Bengoa Osasun sailburuak adierazi du «bitxia» dela Arartekoaren ekinbidea.
Iragarpen horiek gorabehera, egoera ez da hobetzen ari. Hala diote sindikatuek. ELAren arabera, astebete bada ilarak handitu direla Donostiako Ospitalean, eta neurririk ez dute hartu. Gurutzetan, asteak daramatzate. «Neurriak hartuko dituztela esaten digute, baina ez dituzte hartzen, edo hartzen dituztenek ez dute balio». Egoerari aurre ez egitea egotzi dio zuzendaritzari Felix Sainzek, ESK sindikatuaren ordezkariak.
Murrizketengatik sortu dira pilaketak, sindikatuen ustez. ESK-k esan du ez dela egun jakin bateko egoera, denbora daramatela horrela. ELAk esan du «oheak eta langileak kentzeko politika» jarri dutela osasun alorrean, eta horrek «egunero kaosa» eragiten duela. «Eta une jakin batzuetan kaosa areagotu egiten da, gripea dela eta».
Gripea. Osakidetzak hori erabiali du egoera azaltzeko. Julian Perez, zuzendaria: «Urtero neguan izaten dena ari da gertatzen aurten. Neguko egoera da». Ez datoz ados sindikatuak. Sainz: «Gripea ez da pilaketen arrazoia. Gripearengatik ez dute jende asko ospitaleratzen, eta ospitaleratzeko zain dauden gaixoen artean sortu dira pilaketarik handienak».
Gripe kasu gutxiago
Gripeari buruzko datuak atzo bertan zabaldu zituen Jaurlaritzak, eta zalantzan jarri zuten Osakidetzaren bertsioa: azken astean, jaitsi egin da gaixoen kopurua, noiz eta ospitale gehiagotan pilaketak izan diren garai berean. Azken astean, 286 gripe kasu izan dira 100.000 biztanleko, aurreko astean baino 55 gutxiago. Beste datu bat: kasu guztietatik, soilik 22 pertsona ospitaleratu dituzte asteon.
Perezek behin eta berriz esan du murrizketarik ez dela izan. Sainzek, ordea, adibide zehatz bat jarri du: «Galdakaoko Ospitalean oheak kendu dituzte oraintsu, noiz eta Gurutzeta gainez dagoenean. Beharrik ez dagoela esaten ari dira?». Osakidetzak eskura dituen ohe guztiak jarrita egoera konpondu ahalko litzatekeela adierazi dute sindikatuek.
Eta ohar bat egin dute egungo egoeraz: korridoreetan ezin dietela behar bezala kasu egin gaixoei, haien eskubideak urratzen direla, eta akats gehiago izaten direla.
Erietxeetako pilaketak gripe kasuen ondorioa direla esan die Osakidetzak sindikatuei
Donostiako Ospitalean ere gainezka egin dutela jakinarazi du ELAk, eta salatu du murrizketek sortu dutela egoera hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu