Gaixo dauden euskal presoen egoerarekin kezkatuta dago Jaiki Hadi elkartea. Eritasunen bat duten presoen laguntzaz arduratzen da, eta azkenaldian «oztopoak» besterik ez dute antzematen euren jardunean. Hala azaldu du Fernando Arburua elkarteko kideak Bilbon egindako agerraldi batean. Martxoaren 25ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Arburua, elkarte bereko kide Oihana Barrios eta Etxerat elkarteko bi kiderekin batera. «Ordutik, espetxeetan dauden preso erien osasun laguntzako lanak egiteko trabak eta ukazioak besterik ez dugu ikusten». Eritasunen bat duten presoei kalte ikaragarria egiten die horrek, Jaiki Hadiko kidearen arabera. Egoeraren larritasuna salatu dute gaixo dauden euskal presoen aldeko herri plataformako kideek ere; euren herrietako preso erien etxeratzea eskatzeko, mobilizazioak antolatu dituzte maiatzaren 16rako, Giza eskubideak errespetatu. Larriki gaixo dauden presoak etxera lelopean.
Gaur-gaurkoz, 11 euskal preso daude larri, baina zerrenda handituz doala azaldu du Arburuak, kasu gehiago identifikatu baitituzte. Jagoba Codo Callejo preso donostiarrarena, adibidez. Espondilitis ankilosantea du, eta azken urteetan okerrera egin duela azaldu du Jaiki Hadiko kideak. Beste hiru kasu ere aurkitu dituzte —tartean, minbizia duen kide batena— baina ez dute haien xehetasunik eman, «konfidentzialtasuna gordetzearren».
Espetxeetako pazienteen osasun laguntzari jarritako trabaren eraginez, «okerrera» egiten ari da preso askoren osasun egoera. Aipatu ditu kasu zehatzak Arburuak, eta Ibon Iparragirre, Txus Martin eta Ibon Fernandez Iradiren egoeraren larritasunagatik kezka berezia agertu du. Laguntza psikologikoa eten diete Iparragirre eta Martini. «Urteetako terapia saioak zein gaixoaren eta terapeutaren arteko konfiantzazko harremana eteteak ondorio itzulezinak ekarriko dizkiete». Fernandez Iradiren auzia —espetxean jarraituko duen ala ez— datorren maiatzaren 7an ebatziko du Frantziako Dei Auzitegiak.
«Gizarte osoaren zeregina»
Ez da bermatzen euskal preso gaixoen osasun eskubidea, preso erien aldeko herrietako plataformetako kideen arabera; hori dela eta, protestak egingo dituzte maiatzaren 16an gaixotasun larriak dituzten presoen herri guzietan, herrikideak «berehala aska ditzatela» eskatzeko. Hala azaldu du Jon Iparragirre Kirru Ondarroako Iparra Galdu Barik mugimenduko kideak. «Egoera larri hau ez da soilik presoen eta haien senideen arazoa. Giza eskubideak errespetaraztea gizarte guztiaren zeregina da». Herri, jatorri eta pentsaera ezberdinetakoak elkartu nahi dituzte. «Helburu bakar batekin elkartu nahi dugu jendea: oinarrizko giza eskubideen errespetua aldarrikatzeko, eta, ondorioz, larri dauden presoen askatasuna eskatzeko».
Eritasuna, «okerrera»
Larri gaixorik dauden 11 presoak etxeratzeko eskatzeko mobilizazioak izango dira maiatzaren 16an.Jaiki Hadik laguntza trabak salatu ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu