Erizain gehiago behar direla nabarmendu du OMEk

Datorren hamar urteetan erizaintzarako jarritako diru kopurua handitzea gomendatu die Munduko Osasun Erakundeak munduko estatuei. 

Erizain bat paziente bat artatzen, Txinan. HOW HWEE YOUNG, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 7a
16:07
Entzun

Osasunaren Nazioarteko Egunaren karietara, Erizaintzaren egoera munduan zehar 2020an izeneko txostena argitaratu du gaur Munduko Osasun Erakundeak (OME). Mezu argia zabaldu dute txostenean: erizain gehiago behar dira, bai eta erizainen prestakuntza hobetzea ere. OMEk munduko estatuei gomendatu die datorren hamar urteetan erizaintzarako jarritako diru kopurua handitzeko . 

Erizainen Nazioarteko Kontseiluarekin batera egin du txostena OMEk, eta erizainen eginkizunaren balioa azpimarratu du bertan. Txostenean nabarmendu dutenez, koronabirusaren krisiak argi utzi du erizainek osasun sisteman duten garrantzia. Erizainek erakutsi dituzten "errukia, ausardia, adorea eta balioa" nabarmendu ditu OMEk, baita historiako bertze pandemietan izan duten garrantzia ere. Erizainak osasun sistemaren "bizkarrezurra" direla nabarmendu du Tedros Adhanom Ghebreyesus-ek, OMEko zuzendari nagusiak. 

Munduan 28 miloi erizain daudela jaso dute txostenean. Dena dela, OMEren ustez, 5,9 milioi erizain gehiago behar dira, batez ere Afrikako herrialdeetan, Asia hego-ekialdean eta Mediterraneo ekialdean, baita Latinoamerikako toki batzuetan ere. Gainera, hamar erizainetik zortzik munduko biztanleen erdiak bizi diren herrialdetan egiten dute lan. Kezka bat ere zabaldu dute txostenean: sei erizainetik bat datozen hamar urteetan erretiratuko da. OMEk erizain eskasia duten herrialdeei erizaintza graduatutako kopurua %8 igotzeko eskatu die. 

Genero arrakala

Datu argigarri bat azaleratu dute txostenean: erizainen %90 emakumezkoak dira; alta, zuzendaritza postuetan gizonak dira gehienak. OMEren txostenak dio, gainera, erizainen lan baldintzak hobetu egiten direla emakumeak goi karguetara iristean eta lidergoa hartzean. Horregatik, etorkizunera begira emakumeak lidergo postuetara bultzatzeko deia zabaldu du OMEk, eta gazteen aldeko apustua egitekoa. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.