Erkorekak dio ikastetxeetako protokoloa aldatzeko eta hobetzeko aukera badagoela

Jaurlaritzako lehendakariordeak azpimarratu du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak «ahalegin berezia» egingo duela hilaren 15eko greba bertan behera uzteko.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehendakariordea eta Segurtasun sailburua. RAUL BOGAJO/ FOKU
2020ko irailaren 9a
10:47
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkoreka Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute gaur goizean, eta adierazi du badagoela aukera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan koronabirusa dela-eta ezarri den protokoloa «aldatzeko» eta «hobetzeko», hezkuntza komunitatearekin negoziatuta. Protokolo hori «segurua» dela esan du, baina negoziazioaren eta elkarrizketaren bidez hobetu daitekeela dio. Horrez gain, ziur aditzera eman du sare publikorako eta itunpekorako hilaren 15erako deitutako greba deialdia bertan behera uzten saiatuko dela Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua. Lanuzte hori bertan behera uzteko «ahalegin berezia» egingo du Bildarratzek, Erkorekaren esanetan.

Bestalde, urte eta erdiko epean Gernikako Estatutua beteta eta transferentziak eskualdatuta egon beharko luketela esan du Erkorekak.
Gainera, aukera ikusten du estatutu berri bati bide emateko, Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJk PSOErekin sinatutako akordioa aintzat hartuta. Estatutua osorik betetzeko «borondate politikoa» badagoela uste du Jaurlaritzako lehendakariordeak.

Iriarteren eskaera Bildarratzi

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletarako itzulera izan du ahotan ETB1en. Iriartek Bildarratzi eskatu dio lehenbailehen bil dadila sindikatuekin eta hezkuntza komunitate osoarekin, eta haien eskaerak aintzat har ditzala. Hala ere, uste du Jaurlaritza «berandu» ari dela ikasturte hasiera prestatzen, eta «inprobisazioarekin» jokatzea egotzi dio.

Jaurlaritza berriaren osaketaz ere mintzatu da EH Bilduko legebiltzarkidea, eta atzo Iñigo Urkullu lehendakariak sailburuen kargu hartzeko ekitaldian elkarlanerako egindako deiaz ere bai. «Ongi etorriak dira elkarlanerako deiak, baina ikusi beharko da hori errealitate bihurtzen ote den». Gogoratu du EH Bilduk hilabeteak daramatzala elkarrizketa mahai zabal bat eskatzen krisitik ateratzeko, baina Urkulluk uko egin diola horri. «Gu gara oposizioko lehen indarra, gu gara alternatiba herri honetan, eta Urkulluk ulertu behar du lehen indarrarekin elkarrizketa etengabea izan beharko lukeela».

Jaurlaritzaren egitura berriari dagokionez, «kezkagarria» iruditu zaio Berdintasun atala Lehendakaritzatik kentzeko hartutako erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.