Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek jarrera irekia dute gurtza aretoekin. Biztanleen %73k uste dute erlijio guztiek gurtza lekua izateko eskubidea dutela, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gai horri buruz egin duen inkestaren arabera. Ordea, inkestatuen erdiek uste dute gaur egun etorkinek haien erlijioa praktikatzeko «nahiko erraztasun» edo «erraztasun handia» dutela. Hamar pertsonatik bakarrak pentsatzen du erlijio bakar batek ere ez lukeela izan behar gurtza egiteko lekurik; %10ek bereizketa egiten dute erlijioen artean.
Gutxiengo erlijiosoen pertzepzioari dagokionez, hamar biztanletik lauk pentsatzen dute gutxiengo erlijiosoetakoen kopurua nahikoa edo handia dela. Galdekatuen %2k baino ez dute aitortu katolikoa ez den erlijio bat dutela, ordea.
Bestalde, hiru biztanletik bik uste dute Eusko Jaurlaritzak gurtza aretoak arautu beharko lituzkeela. Inkestatuen %28k ez dute hori egokitzat jotzen.
Adina, garrantzitsua
Jaurlaritzak agerian utzi du erlijio aniztasunaren gaiari aurre egitean adinak zer-nolako garrantzia duen. Belaunaldi berrien artean, gizartearen sekularizazioa agerian geratzeaz gain, gazteek erlijioari ematen dioten garrantzia ere nabarmen jaitsi da. Gazteek hamar puntutik 3,9ko balorazioa ematen diote erlijioari, eta 6,5ekoa 65 urtetik gorakoek.
Horrez gain, gazteek dute gutxiengo erlijiosoetako kideekin harreman gehien, batez beste. Gazteez gainera, beren burua ateo, agnostiko edo ez-sinestuntzat duten pertsonek dute harreman gehien katolikoak ez diren erlijioetako kideekin.
Erlijio guztiek gurtza lekua izateko eskubidearen alde daude biztanleen %73
Katolikoa ez beste erlijioetako sinestunak biztanleen %2 dira, baina «asko» diren ideia oso zabalduta dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu