Erlijio irakasgaiaren eduki eta ebaluazio irizpideak gotzainek erabakiko dituzte

Eskoletako irakasleak hart edo kanporatzeko irizpideak zehazteko modua ematen die lege proiektuak zuzendariei

ainara arratibel gascon
2013ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hezkuntza erreformatzeko lege proiektuak bere bidea egiten ari da oraindik ere. Ostiralean onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta atzo Kongresuko aldizkari ofizialean argitaratu zuten. Horrenbestez, lege proiektuak jasotzen dituen puntu guztiak ezagunak dira. Horien artean, bada ostiralean Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak aurreratu ez zuen bat: gotzainek erabakiko dituzte Erlijio irakasgaiaren curriculumean jasoko diren eduki eta ebaluazio irizpideak.

Wertek ostiralean aurreratu zuen derrigorrezko hautazkoen ikasgaien artean sartuko dutela Erlijioa. Hautazko taldean sartzeak badu eragina. Batetik, nota kontuan hartuko dute batez bestekoak egiteko, bekak lortzeko nahiz unibertsitatera sartzeko; bestetik, Erlijioaren eta haren ordezkoaren artean —Balio Sozial eta Kulturalak izena jarri diote Lehen Hezkuntzan; Balio Etikoak, Bigarren Hezkuntzan—aukeratu egin beharko dute derrigor. Salbuespena: Batxilergoan.

Baina, aldaketa horretatik harago, legeak Espainiako Eliza katolikoko buruen eskuuzten du Erlijioa irakasgaiaren inguruko eskumen osoa. Haiek zehaztuko dituzte, besteak beste, ikasi beharreko edukiak, bete beharreko helburuak eta ikasgai hori hartzea erabakitzen duten ikasleak ebaluatzeko irizpideak. Gotzainek ikuskatuko dituzte erabiliko diren liburu eta materialak.

Irakats-aldi bakoitzaren amaieran azterketak egingo dituzte ikasleek. Hezkuntza Ministerioak ezarriko ditu azterketak, eta berdinak izango dira erkidego guztietan. Selektibitatea, ordea, kendu egingo dute. Unibertsitatera sartzeko, beraz, ez da hautaprobarik izango. Legeak, dena den, ñabardura egiten du. Ministerioak probarik sustatuko ez badu ere, unibertsitateei aukera ematen diete halako probak egiteko, beharrezkoairuditzen bazaie. Halako zehaztapenik ez zuen eman ostiralean Wertek.

Beste berritasunik badu legeak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasturte bakoitzaren amaieran, notekin batera, txosten bat emango diete gurasoei. Hor, ikasleak lortutako helburu eta gaitasunez gain, zer ikasi beharko lukeen gomendatu edo proposatuko diete: Batxilergoa egin, Lanbide Heziketako ziklo edo gradu bat egin, edo DBH gainditu ez duten ikasleentzako programetako bat egin. Eskola batzuek, gainera, aukera izango dute plazen %20 ikasle «bikainentzat» gordetzeko. Zuzendariek, berriz, aukera eta autonomia izango dute irakasleak hartu eta kanporatzeko irizpidea zehazteko.

Wert, asmoetan sendo

Lege proiektuari buruzko azalpenak ematen hasi da Wert. Gaur Kongresuko Hezkuntza batzordean hitz egingo du, eta atzo Senatuan izan zen. Han esan zuen «negoziatzeko borondatea» duela. «Legea adostasun handiagoarekin atera nahiko genuke aurrera, baina oinarriak aldatu gabe. Irakats-aldi bakoitzaren amaieran azterketa bat egin behar izatea, adibidez, negoziaezina da».

Legeak euskarari, katalanari eta galizierari kalte egingo diela ukatu zuen. «Gezur asko esan dira horren inguruan. Auzitegi Konstituzionalak esandakoa betetzen ari gara:gaztelania irakats hizkuntza izan duten ikasle guztiei horretarako modua ematea».

EAJk iragarri du aztertzen ari direla lege proiektuari osoko zuzenketa jartzea. «Erreformak ez du balioko hezkuntza sistema hobetzeko. Gainera, ez du hezkuntza komunitatearen babesa».

«Elizaren nahiei eta interesei begira egindako lege bat» dela salatu du Laikotasunaren aldeko taldeak. Hori ikusirik, Erlijioa curriculumetik ateratzean alde egin du. «Diru publikoa ezin da doktrinamendu erlijiosoa egiteko erabili. Sare publikoa indartzeko baliatu behar da». Gainera, salatu du legeak hezkuntzaren zentralizazioa, ikasleen arteko desberdintasunak eta sexismoa bultzatzen dituela. Egitasmoa erretiratzeko eskatu dio Werti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.