Erlijioa aukeratzen ez duten ikasleek ordezko ikasgai bat derrigor eman behar dute, Erlijioko estudianteek ez dezaten «diskriminaziorik» jasan. Argudio horrekin, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak Batxilergoko curriculumean egindako moldaketa: ez zuen Erlijioaren ordezkorik jarri, esanez aukera hori egiten ez duten ikasleen eskubideak ere bermatu behar direla. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elizbarrutien eta Kristau Eskolen helegitea ontzat jo du Gorenak, eta Jaurlaritza behartu du ordezko ikasgaia jartzera. Hezkuntza Sailak jakinarazi du bete egingo duela epaia.
Aurreko Jaurlaritzarena da dekretua, Tontxu Campos Hezkuntza sailburu zen garaikoa. PPk ez beste talde guztiek babestu zuten. Erlijioa hautatzen dutenen eta ez dutenen eskubideak bermatzeko bidea zela esan zuen sailburuak: ikasleek bazutela aukera Erlijioa emateko, baina horrek gainerakoei ez ziela eragin behar. Hiru elizbarrutiek eta Kristau Eskolek elkar hartu zuten, eta auzitara jo; legea urratzea eta ikasleak «diskriminatzea» egotzi zioten Camposi.
Etengabeko tenkan dago azken urteetan Erlijioa ikasgaiari buruzko auzia. Espainiako Estatuak eta Vatikanoak sinatutako ituna dago oinarrian. Hitzarmen horretan, Espainiak agindu zuen Erlijioa irakatsiko ziela nahi duten ikasleei —eskolek nahitaez eskaini behar dute, eta ikasleek, nahi badute hartu—, eta aukera hori egiteak ez diela diskriminaziorik ekarriko estudiante horiei. Ituna interpretatzeko moduan daude desadostasunak: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu Elizaren helegitea, Camposen dekretua baztertzailea ez delakoan; erabat aurkakoa uste du Gorenak.
Hau da egoera gaur egun: talde batean ikasle batek hartzen badu Erlijioa, gainerako guztiak behartuta daude ordezko ikasgaia ematera. Eskola batean inork ez badu Erlijioa aukeratzen, ordea, beste ikasgaietarako dituzte ordu horiek. Erabat galarazita dago Erlijioaren ordezko ikasgaian curriculumarekin lotutako edukiak lantzea, baita zeharka bada ere. Nafarroan gertatu zen: ordezko ikasgaian ingelesezko solasaldiak egitea proposatu zuen gobernuak, eta aurka altxatu zitzaizkion, hori gaitegiaren zati delakoan eta Erlijioa aukeratu dutenak baztertu egingo lituzketelakoan.
Eskola ordu bat gehiago
Arazoa da ordezko ikasgai horren antolaketa, ez dagoelako irizpiderik batere —eskola ordu hori jolastokian pasatzea ere legezko litzateke—. Hori ikusirik, Batxilergoan ordezkorik ez jartzea erabaki zuen Jaurlaritzak: Erlijioa ematen dutenak eskolan geratzen dira besteak baino ordubete gehiagoz.
Gorenak aitortu du eskoletan ez dutela zertan eman ordezko ikasgai bat —«alternatiba akademiko bat ez dute inposatzen legeek»—, baina Camposen formula ez du legezko jo. Epaileen ustez, bide hori baztertzailea da Erlijioa aukeratu dutenekiko, gainerakoek baino denbora gehiago igaro behar dutelako eskolan, eta ez du betetzen Espainiak eta Vatikanoak izenpetuta daukaten akordioa.
Jaurlaritzaren dekretuak matrikulazioan izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute, gainera, epaileek: «Atzera egitea ekarriko du neurriak; erlijioaren irakaskuntza Batxilergoko gutxieneko ordutegian ez sartuta, aukeratzeko asmoa izan zezaketen ikasleek (edo gurasoek) izena ez ematea». Hori bera salatu zuten gotzainek.
Dekretuak matrikulazioan eragina izan duela argi adierazten dute datuek. Sare publikoko Batxilergoko zenbakiak: 2008-09ko ikasturtearen aurretik, hiru ikasletik batek aukeratzen zuen Erlijioa; harrezkero, %5etik behera dabil kopurua. Azken datua iazko ikasturtekoa da: 583k hautatu zuten, sare publikoko ikasleen %4k.
Arau horrek soilik ez du ekarri, ordea, egoera hori. Batxilergotik at ere bada jaitsiera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publiko osoa hartuta: 2002an ikasleen %34k hartu zuten Erlijioa; %25ek, 2010ean. Eskola publikoen laurdenetan ez dute ematen, eskaririk ez eta. Sare pribatuan, %70ek hartzen dute oinarriko hezkuntzan, eta erdiek Batxilergoan. Jaitsiera txiki bat izan da sare horretan ere.
Erlijioaz gogoeta zabaldu behar dela esana du Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Gorenaren epaiaz ez du baloraziorik egin, dekretua aurreko gobernu taldearena delako. Bete egingo duela iragarri du, hala ere.
Erlijioa aukeratzen ez dutenek beste ikasgai bat izango dute derrigorrean
Batxilergoan ordezkorik ez zuen jarri Jaurlaritzak, eta gotzainek auzitara jo zuten; arrazoi eman die orain Auzitegi Gorenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu