Marife Ramos. Teologia Dogmatikoan doktorea

«Erlijioak beste zientziek baino erru handiagoa du emakumeak isilaraztean»

Elizaren hierarkia «apaizgai gazteen» edota «kongregazio zorrotzen» bitartez indartzen saiatzen ari direla uste du Ramosek, baina jokabide horri etorkizunik ez diola ikusten gaineratu du.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Kristautasunaren historian izan dira berebiziko garrantzia izan duten emakumeen mugimenduak. Horien gainbegiratua egin du Teologia Dogmatikoan doktore Marife Ramosek , XIX. Foro Erlijioso Herritarraren barruan, gaur egun gertatzen ari diren mugimenduak ahaztu gabe. III. eta IV. mende arteko basamortuko ammak, XII. eta XIII. mendeetako beginak... Milaka emakume horien lana isilarazi dutela azaldu du Gasteizko foroan.

Gizartean eta zientziaren alorrean emakumeek historian egindako ekarpenak isilarazi dituzte. Hitzaldian esan duzunagatik, Eliza ez da salbuespena...

Erlijioak beste zientziek baino erru handiagoa du emakumeak isilaraztean, haien lana isilarazteko orduan. Geroago heldu zen emakumea beste zientzia batzuetara, baina kristautasunaren historian balio handiko emakumeak ditugu, eta isilarazi egin dituzte.

Zergatik?

Hitz ezberdina dutelako, eta horrek ezegonkortu egiten duelako. Gizon batzuek ez dakite nola barneratu hitz ezberdin bat haien bizitzan.

Zer aldaketa ekarriko lituzke emakumeen hitzari tokia egiteak?

Pentsamolde aldetik, metodologia aldetik… Errazagoa zaie emakumeen hitza baztertzea, eta historian ez da hitz hori kontuan hartu, eta hitz horiek ez dituzte argitaratu, eta, argitaratuz gero, liburu horiek erre dituzte, edota emakumea bera erre dute.

Gaur egun ere isilarazten dute?

Bai, noski. Izen ona galaraztea da gehien egiten dutena. Autoestimua garrantzitsua da gaur egun, eta oso ohikoa da emakumeen testuak aintzat ez hartzea.

Zein da gaur egungo egoera?

Comillasko Unibertsitatean ez zen beginen historia ere aipatzen elizaren historian. Atal horri buruz galdetu zion lankide batek irakasleari, eta garrantzirik ez zuela esan zion irakasleak. 2006an gertatu zen hori; hortaz,pentsa...

Hitza bereganatu duela emakumeak, hala nabarmendu duzu hitzaldian. Zer moduzko harrera du horrek gizartean edota Elizan?

Parrokietan egiten diren jardun espiritualetan emakume batek parte hartzen duenean, jendeak emakumeekin jarraitu nahi du. Guda ez den alternatiba eskaintzen dugu emakumeok, integrazioa eskaintzen dugu.

Hortaz, baloratzen da.

Zenbat eta herrikoiagoak izan ekimenetan, parrokietako zenbat eta jende gehiago egon, emakumearen lana eta hitza baloratuagoa da. Hitz hori gutxiago estimatzen da hierarkia gehien duten foroetan.

Zein da emakumeak teologiaren alorrean duen tokia?

Laikoa naiz, ezkonduta nago eta seme-alabak ditut, eta ez dut ni bezalako inor ezagutzen. Ez dakit Nafarroako Unibertsitatean egon daitezkeen, baina zerbait alternatiboa nahi dugun emakumeon sarean... Oso gogorra da. Ahal dituzten traba guztiak jarri dizkigute...

Gizonen bozgorailu diren emakumeak daudela azaldu duzu, ordea.

Apaizak aurretik esan duena errepikatzeko katekista izatea ez da Elizaren barruan toki bat lortzea. Hitz ezberdina dugu emakumeok, eta ezberdina da beste gauza batzuk bizi ditugulako.

Zerk gertatu behar du Elizaren barruko aldaketa azkartzeko?

Elizaren goiko postuak begiratuta, erraz ikusten da zenbat gizon eta emakume dauden, eta bertan daudenen adina. Beren kabuz eroriko diren gauzak daude.

Ez al dira egungo egitura indartzen saiatzen ari?

Apaizgai gazteen eta kongregazio zorrotzen bidez saiatzen ari dira hori indartzen, baina ez diot etorkizunik ikusten. Apaiztasunera heltzen diren gazte horietako askok ez dute behar beste landu beren pertsonalitatea.

Elizaren eta kristau batzuen arteko bereizketa gertatzen ari da. Orain arte aipatutako hori izan al daiteke arrazoia?

Pertsona batzuek dimentsio espirituala falta dute. Gauza batzuetan, beste garai batekoa da instituzioaren esparrua. Eskaintza politak egiten ari dira Elizatik kanpo. Gauza batzuek azaleratu behar dute, materialismoak ez gaituelako zoriontsu egiten.

Sarean egindako lana aldarrikatu duzu. Hierarkiaren aurkako irudia al da hori?

Sarean balio handikoak gara guztiok, denok hitz egin dezakegu... Hierarkian boterea behar duzu, mendekotasuna, zigorra...

Bi bide horiek irudikatu al dira asteburu honetan? Bilbon Katolikoak eta bizitza publikoa izeneko jardunaldiak egiten ari dira, eta Gasteizen,Foro Erlijioso Herritarra.

Bizitza ikusteko bi modu daude, eta biak elkartu dira asteburu honetan. Bizitza norbere moduan ikusi, eta elkarri babesa emateko elkartu gara hainbat tokitan, eta inor ez litzateke bestera joango. Nahi dugun tokian gaude.

Haustura horrekin bukatzeko zeinek eman beharko luke lehen pausoa?

Beste garai batean gaudela uste dut. Garai batean ezberdina zen: «Alor batzuetan amore emango balute», «utziko baligute»... Orain egoera sinplea da. Sare bat gara. Elkarri ematen diogu babesa, eta beste sare batzuekin harremana dugu.

Bilboko jardunaldiak hasi aurretik Ennio Antonnelli kardinalak adierazpen gogorrak egin zituen ezkontzatik kanpoko sexuaren kontra.

Adierazpen publikoetan erabiltzen duten hizkuntzak ez dut uste mesede gehiegi egiten dienik. Gizartearen hizkuntzatik aldentzen ari dira. Dena da mehatxua, eta, hori ez denean, antzeko zerbait da. Erlijioaren balioak alaitasunez bizitzeko ahaleginean ez du gehiegi laguntzen jarrera horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.