Ernaik dio «independentziaren aldarria zabaltzea» dagokiola egungo gazte belaunaldiari

Irailak 14an Donostiako kaleak «astinduko» dituztela ziurtatu dute. «Zapalkuntza guztiak gainditzea» helburutzat hartuta, «independentziaren alde bultzatzen jarraitzeko» elkartuko dira.

Ernairen mobilizazioa, gaur, Bilbon.
Ernairen mobilizazioa, gaur, Bilbon.
2025eko abuztuaren 19a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan ehunka gazte elkartu dira gaur, irailaren 14an Donostian egitekoa den mobilizazio nazionalera deitzeko. Aurten, 50 urte beteko dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. «Diktadura faxistaren unerik gogorrenetan urrats bat aurrera egin, eta beste milaka bezala Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokara batu ziren bi gazte izan ziren», azaldu du Ernaik, eta gaineratu horregatik hil zituztela.

Alegia, gazte independentistak izateagatik hil zituzten, gazte erakunde abertzalearen esanetan: «Bi gazte, bi konpromiso, bi taupada». 50 urte geroago, Ernaik ez du nahi urteurrena oroitzapen huts izaterik: «borrokan aurrera egiteko gaude hemen». Gazteek ez dute «soilik historia kontatzen duen belaunaldia» izan nahi. Euskal Herria askatzeko borrokak «ez du etenik izan», Bilbon izan diren eledunek esan dutenez. «Egun, frankismoaren kateak ez dira desagertu: forma aldatu dute. Baina haiek zapalkuntzak iraunarazteko lan egiten duten bezala, guk borrokaren bidea etengabe zabaltzen dugu, eta, horregatik, kate horiek apurtzeko determinazioa ere berritu dugu egun».

Ernaik adierazi du borroka dela «herri hau eraikitzeko tresna», eta herria «astintzeko garaia» heldu dela «berriro». «Independentistak gara», aldarrikatu dute, «ez baikara ez espainolak eta ez frantsesak, eta bai baitakigu mundu hobe bat eraikitzeko independentzia behar dela nahi eta nahi ez».

Hala, Ernaik helarazi du gazte independentistak prest daudela jauzi bat egiteko. «Gure belaunaldiaren garaia da orain. Independentziaren aldarria zabaldu, eta kaleak hartuko ditugu, ilusioz, anbizioz eta indarrez. Hurrengo asteetan, historiaren beste orrialde bat idatziko dugu. Irailaren 14an, Donostiako kaleak astinduko ditugu berriz ere». «Zapalkuntza guztiak gainditzea» helburutzat hartuta, independentziaren alde bultzatzen» jarraitzea izango da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.