Ernaik botoa emateko adina 16 urtera jaisteko eskatu du

Gazte antolakundeak uste du gazteek 16 urterekin botoen bidez politikan eragiteko «erantzukizuna» dutela. EH Bilduren aldeko botoa eskatu du.

Ane Alava eta June Iartza, Ernaiko kideak. GORKA RUBIO / @FOKU
Irati Alvarez Malaxetxebarria
2023ko uztailaren 18a
18:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Hauteskunde garai honetan, bozkatzeko adina 16 urtera jaistea proposatu du Ernaik. Gazteek «belaunaldi erantzukizuna, politikan eragin nahia eta horretarako eskubidea» dutela gailendu dute, eta, politika kalean bultzatzeaz gain, instituzioetan ere gazteek egon behar dutela nabarmendu dute.

Ane Alava Artuch eta June Iartza Almandoz Ernaiko kideek aurkeztu dituzte aldarrikapenak Donostian egin duten prentsaurrekoan. Iritzi dute militantzian oso gazte hasteak gazteok politikan eragiteko nahia erakusten duela; «16 urtetatik aurrera norberaren ekintzen gaineko erantzukizuna, lan munduan sartzeko aukera edo derrigorrezko ikasketa prozesua bukatzen den moduan, esparru guztietan eragiteko gaitasuna eta ahalmena» izan beharko luketela. Bozkatzeko gutxieneko adina esparru guztietan jaistea proposatu dute, eta gaineratu tresna «garrantzitsuena» edo «lehenengo pausoa» izan beharko litzatekeela gazteen eskubideak bermatzeko.

Gaur egungo testuinguru politikoaren «arriskuaz» ohartarazi dute, «faxismoa gailentzen ari baita». Euskararen kontrako erasoak «faxismo» horren oldarraldi orokorraren barruan kokatu dituzte, eta uste dute ez dela soilik fenomeno elektoral bat, «bizitzaren esparru guztietan eragina izaten ari den fenomenoa» baizik. Egungo krisi «anizkoitzen» aurrean —«oldarri faxisten gorakada, krisi klimatikoa...»—, belaunaldi bezala, «ezinbestekotzat» jo dute gazteen ahotsa inoiz baino balio handiagoa izatea: «Krisian hazi eta hezi garen belaunaldia gara, eta bagara nor gure etorkizuna erabakitzeko».

Alavak eta Iartzak diotenez, gazteek badute politikan eragiteko nahia. «Konpromisorik gabeko» gaztearen ustearen aurka, azaldu dute belaunaldi bezala gazteek lidergoa hartu dutela eta antolatuak daudela herri mugimenduetan eta borroka sozial desberdinetan; horien artean aipatu dituzte feminismoa, antifaxismoa, ekologismoa edota euskara. Gaineratu dute gazteak «mobilizatuak» eta «pare-parean» dituzten erronkei erantzuteko prest daudela, eta horrenbestez, «hauteskundeetan ere» egon beharko liratekeela.

Ernaiko kideek ohartarazi dute instituzioek «goitik behera» zeharkatzen dituztela gazteen bizitzak, eta zentzu horretan, kritikatu dute politika oso gutxitan egiten dela gazteei galdetuz: «Alderdiei, oro har, ahoa betetzen zaie gazteriaren inguruan hitz egiten, baina oso gutxitan ematen zaigu aukera hauteskunde batzuetatik haratago politika publikoetan parte hartzeko». Zentzu horretan, uste dute elkarrizketa prozesuen bitartez egin daitezkeela «gazteen errealitatearentzat erabilgarriak» izango diren politikak.

EH Bilduren aldeko botoa

Datorren igandean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dituzte. Eta horri begira, Ernaik EH Bilduren aldeko botoa emateko eskatu du. Izan ere, uste dute EH Bildu dela «prozesu independentistaren alde egin eta euskal herritarren ahotsa Madrilera heltzeko modua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.