Ernaiko kide bat deklaratzen izan da, «terrorismoa goratu» zuela leporatuta

Ostegunean Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharko dute Ernaiko bi kidek eta Periko Solabarriak

Erredakzioa
2013ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Aurrez beste kide batzuek bezala, Azpeitiko auzitegian (Gipuzkoa) deklaratu behar izan zuen atzo Ernaiko kide Garazi Mugerzak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak gazte antolakundeko kideen aurka abiatutako auziaren barruan. Mugerzarekin batera, Gotzon Elizburuk, Maialen Etxeberriak, Mikel Morenok, Irati Sienrak, Aitor Andak, eta Mikel Buttonek ere jaso dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalaren zitazioak.

Berri agentziek zabaldu zutenaren arabera, joan den martxoa amaieran Urduñan (Bizkaia) egindako Gazte Danbada jaialdian «terrorismoa goratzea» egozten die Velasco epaileak, Xabier Lopez Peña euskal presoaren heriotza salatzeko egindako ekitaldiak direla eta —preso zutela hil zen, martxoaren 29an, Parisko ospitale batean—. Gainera, Periko Solabarria ezker abertzaleko kide historikoa ere deitu dute deklaratzera.

«Kriminalizazio kanpaina»

Aurrez, uztail hasieran, Elizburu, Button, Moreno eta Sienra izan ziren deklaratzen Euskal Herriko auzitegietan, eta elkarretaratzeak egin zituzten gazteek auzitegien atarian, zitazioak salatzeko. Orain, Ernaiko bi gaztek eta Solabarriak —83 urte ditu— Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute, datorren ostegunean. Solabarriaren herrian, Barakaldon (Bizkaia) agerraldia iragarri dute hango zenbait elkarte eta mugimendukastelehen goizerako, eta elkarretaratzea ere egingo dute ostegunean Espainiako Estatuak «Euskal Herria librearen eta gizarte justuagoaren alde lan egiten dutenak kriminalizatu» egiten dituela salatzeko.

Ernaik «benetan larritzat» jo zuen bere aurka abiatu duten «kriminalizazio kanpaina», eta salatu zuen. «Estatuak prozesua apurtzeko daraman jarreraren» isla direla zitazioak: «Dei egiten diogu euskal gazteriari, oztopoak oztopo, lan politikoarekin eta indarrak biltzen jarraitzeko, hori izango baita Espainiako Gobernua bere posizio atzerakoitik mugiaraziko duen berme bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.