Euskal presoak

Ernesto Prat behin-behinean aske utziko dute gaur, bermea ordainduta

«Borrokaldian» sartu dira Grandignanen, Naia Lacroix beste euskal presoekin elkar dezatela eskatzeko

Erredakzioa
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin du Ernesto Prat euskal presoa aske uzteko eskaera, eta, 25.000 euroko bermea ordainduta, behin-behinean geratuko da aske, epaiketaren zain. Herrira mugimenduak jakinarazi duenez, gaur arratsaldean irten daiteke espetxetik.

Frantziako Poliziak urtarrilaren 25ean atxilotu zuen Prat, Urruñan (Lapurdi), Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaera bati erantzunez; Ekineko kide izatea leporatzen dio Espainiako Justiziak. Paueko Auzitegiak otsailaren erdialdean erabaki zuen hura Espainiaratzea.

Bestalde, Paueko Auzitegiak onartu berri du Ibai Peñaren aurkako euroagindua, eta, hori dela medio, agerraldia egin zuen atzo Segi gazte erakundeak, Baionan. Peñari elkartasuna adierazi eta Frantziako eta Espainiako estatuei eskatu zien «gazteen kontrako errepresioa» amaitzeko. Asteartean onartu zuen Paueko Auzitegiak Ibai Peñaren aurkako euroagindua. Martxoaren 28an atxilotu zuten Peña.

Naia Lacroix Gradignaneko espetxean (Frantzia) bakartuta dagoen presoa, berriz, «borrokaldian» sartu da, beste euskal presoekin batera elkar dezatela eskatzeko. Hala jakinarazi du Askatasunak, komunikabideei igorritako ohar batean. Lacroixekin elkartasunean, gauza bera egingo dute datorren astetik aurrera gizonezkoen moduluan dauden Arkaitz Agirregabiriak eta Zuhaitz Errastik. Fresnesko espetxean (Frantzian) dauden euskal preso guztiak, berriz, epaileari eta espetxeko zuzendaritzari «gutun bidalketa masiboa» egiten ari dira Lacroixen egoera salatzeko.

Askatasunaren oharrean, halaber, Lacroixek salatu ditu Grandignango espetxean azken egunetan izandako hainbat gertakari. Martxoaren 26an andreen moduluan sute bat izan zela jakinarazi du. Horren ondorioz, zenbaitek «larritasun krisiak eta asma krisiak» jasan zituztela salatu du, eta mediku zerbitzuek ez zutela artatzerik egin, «presoek eskatu arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.