Memoria historikoa

Erorien Haraneko zenbait gorpu ateratzeko lanekin hasiko da Espainiako Gobernua

Espainiako Ondare Nazionalak jakinarazi du lanak hasiko dituztela tramitean dauden eskariei bide emateko. Une honetan, 31 dira abian diren eskariak. CSIC ikerketa zentroak txosten batean adierazi du bideragarria dela frankismoaren biktima guztien gorpuak ateratzea.

Erorien Harana, artxiboko irudi batean. BORJA MENDEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2019ko azaroaren 13a
09:56
Entzun

Milaka dira Erorien Haranean gordeta dauden frankismoaren biktimak. Haien gorpuak hainbat kriptatan daude banatuta, eta guztiak atera daitezke langileak arriskuan jarri gabe, CSIC ikerketa zientifikorako zentroak txosten batean jaso duenez. CSICek dio auzi medikuen eta teknikarien segurtasuna bermatu daitekeela kriptek kalteak dituzten arren. Hori argituta, gorpuak ateratzeko lanek zuten oztoporik handiena desagertu da. Gauzak horrela, Espainiako Ondare Nazionalak jakinarazi du neurriak hartzen hasiko dela Gurutze Santuaren basilikako kaperaren ondoko kriptetan.

Kaperetako sarrerak egonkortzeko lanen proiektua egitea izango da lehen urratsa, eta kaperak irekiko dituzte ondoren. Lan horien ardura auzi medikuena eta teknikari adituena izango da. Espainiako Ondare Nazionalak adierazi duenez, horiek arduratuko dira eraikineko eremu bakoitzaren baldintza «fisikoez, teknikoez eta juridikoez». Funtsean, gaineratu du teknikariek «ikerketaren balorazio etengabea» egingo dutela. Horrek aukera emango du jakiteko ea bideragarria den ala ez gorpuak zehaztea, identifikatzea eta berreskuratzea .

Lapeña anaiak, lehenak

Eldiario.es egunkariak aurreratu duenez, Manuel eta Antonio Ramiro Lapeña anaiak izango dira lurpetik aterako dituzten lehenak. CNTko kideak ziren, eta epaiketarik gabe fusilatu zituzten 1936an, Calatayuden (Zaragoza, Espainia). Uste guztien arabera, haien gorpuak monumentura lekualdatu zituzten. Duela zazpi urte, 2012an, eman zituen Lapeña sendiak bi anaien arrastoak berreskuratzeko lehen pausoak. Hain zuzen ere, haien bilobak egin zion eskaria epaile bati gorpuzkiak ateratzeko. Hasiera batean, bide penaletik ekin zioten prozesuari, baina, ate guztiak itxi ostean, bide zibilera jotzea erabaki zuten.

Azkenean, lau urteren ostean, 2016ko maiatzean, Madrilgo epaile batek bi gorpuak ateratzeko baimena eman zuen. Epaileak gorpuak aurkitzeko, identifikatzeko eta ateratzeko prozedura abiarazteko agindua eman zuen. Hala ere, adituek eraikinean sartu eta prozesuari ekin ahal izateko, monumentua kudeatzen dutenen baimena behar zuten. Hiru urte geroago iritsi da baimen hori, Espainiako Ondare Nazionalak emandako abisuaren ostean. Lapeña sendiaren abokatuek ohartarazi dutenez, espero da lanak Gabonetan hastea; hala ere, 30 eskari gehiago daude abian.

Hildakoak, milaka

Adituen arabera, Erorien Haranean 33.815 hilotz daude lurperatuta Cuelgamuroseko haranean (Madril). Gehienak 1936ko kolpe militarraren alde borrokatu ziren frankistenak dira; gainerakoak, berriz, errepublikanoak dira, eta ezezaguna etiketa daramate. Diktadorearen aldekoen gorpuak propio egindako hilkutxetan eraman zituzten, izen-abizenekin; aurkakoak, halakorik gabe. 1959tik 1963ra bitartean eraman zituzten hara gorpuak. Baita Hego Euskal Herritik ere: Arabako 616 lagun, Gipuzkoako 238, Bizkaiko 212 eta Nafarroako zazpi. Monumentua eraiki zutenetik, Espainiak behin bakarrik onartu du mausoleoa irekitzea: 1980an izan zen, eta Nafarroako hainbat herritako 133 gorpu atera zituzten handik.

Adituek, ordea, Erorien Haranetik arrastoak ateratzeko «trabez» ere ohartarazi dute. Paco Etxeberria Aranzadi elkarteko lehendakariaren eta auzitegi medikuaren arabera, Hegoaldetik eramandako gorpu gehienak hobi komun handietan eraman zituzten, baina haietako batzuk lekualdatzea lortu zuten, frankisten aldekoak zirelako. Adituek ohartarazi dutenez, ordea, Erorien Haranean lurperatutako gorpuzkiak identifikatzea «ia ezinezkoa» da. Iñaki Egaña historialariaren iritziz, hilobietan hezurrak nahastuta daude, eta, erortze batzuen eta iragazi den uraren ondorioz, kutxak desegin egin dira. Bertan daude Lucas Ugarte Plaza tolosarraren hilotza eta Antonio Arrizabalaga miliziano zumarragarrarena, besteak beste.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.