Erorien Haranetik arrasto gehiago ateratzeko trabez ohartarazi dute

Monumentuan lurperatuta dauden bi gorpu ateratzea baimendu du Madrilgo epaile batek. Gainerako familiei ere euren senideen gorpuak berreskuratzeko aukera eman diezaieke erabakiak, baina lege aldaketa batek prozesua zailduko duela uste dute adituek

Mila euskal herritarren baino gehiagoren arrastoakdaude Erorien Haranean. VICTOR LERENA / EFE.
aitor biain
2016ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gotorlekuko atea irekitzea lortu dute, lehen aldiz, epaile baten baimenarekin. Erorien Haranean lurperatuta dauden bi gorpu aurkitu, identifikatu eta ateratzeko prozedura abiarazteko agindu baitu Madrilgo epaile batek. Manuel eta Antonio Ramiro Lapeña anaien gorpuzkiak dira. CNTko kideak epaiketarik gabe fusilatu zituzten 1936an, Calatayuden (Zaragoza, Espainia), eta haien gorpuak monumentura lekualdatu zituztela uste da. Haien bilobak gorpuzkiak berreskuratzeko eskaria egin zion epaileari, eta hark arrazoia eman dio orain: bi anaiek «hilobiratze duina» izateko eskubidea dutela aitortu du. Epaia irmoa da dagoeneko; baina, orain, monumentua kudeatzen duen erakundearen baimena behar dute adituak han sartu ahal izateko: 45 eguneko epea du erantzuteko.

Ukiezina izan da Erorien Harana orain arte; zigorgabetasunaren irudi garbia. Urteak eman dituzte errepublikanoen senitartekoek, justiziari gorpuak handik ateratzeko eskatzen; inolako erantzunik jaso gabe, baina. Hori dela eta, albistea «oso pozik» hartu dute frankismoaren biktimen elkarteek, eta «esperantza» dute bide berri bat zabaldu dezakeelakoan, gainontzeko familiek ere aukera izan dezaten beren senitartekoen gorpuzkiak berreskuratzeko. Pozik, halaber, baimena Espainiako epaile batek emateagatik, eta ez mugaz gaindiko beste inork.

Erabakia mugarri izan badaiteke ere, adituek ikuskizun utzi dute epaiak etorkizunean zer eragin izan dezakeen, eta, atea ireki orduko, berehala ixteko dagoen arriskuaz ohartarazi dute. Alde batetik, Erorien Haranean lurperatuta dauden gorpuzkien egoeraren inguruko informazio falta nabarmena dagoelako, eta balitekeelako kasu askotan identifikazioa «ezinezkoa» izatea. Eta, beste alde batetik, Lapeña sendiak Espainiako auzitegietan erabilitako bidea «ia itxita» geratu delako, Espainiako Gobernuaren lege aldaketa baten ondorioz.

Identifikazioa, ikusteke

Adituen arabera, Erorien Haranean ia 34.000 gorpu daude lurperatuta; gehienak frankistenak dira. Gainontzekoek ezezaguna etiketa daramate, ez baitira identifikatuak: errepublikanoenak dira. 1959tik 1963ra bitartean eraman zituzten hara gorpuak. Baita Hego Euskal Herritik ere: Arabako 616 lagun, Gipuzkoako 238, Bizkaiko 212 eta Nafarroako zazpi. Propio egindako hilkutxetan eraman zituzten: diktadorearen aldekoak, izen-abizenekin; aurkakoak, halakorik gabe.

«Hemendik eraman zituzten gorpu gehienak hobi komun handietatik eraman zituzten. Hala ere, gehienak familiaren baimenarekin lekualdatu zituzten; frankisten aldekoak zirelako», nabarmendu du Paco Etxeberria Aranzadi elkarteko presidente eta auzitegi medikuak. Hori horrela, ez du uste gorpuzkiak berreskuratzeko eskari gehiago egon daitekeenik Hego Euskal Herrian, epaia dela eta: «Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendaritzaren programaren arabera, hamar bat familiak egin dute gorpuak berreskuratzeko eskaria 2003az geroztik».

Iñaki Egaña Aranzadiko ikerlari eta historialariaren iritziz, aukera izan daiteke beste familientzat: «Askotan nahikoa izaten da norbaitek atea irekitzea, ondoren beste batzuk atzetik gauza bera egitera ausartzeko». Edonola ere, ohartarazi du egun «ia ezinezkoa» dela Erorien Haranean lurperatutako gorpuzkiak identifikatzea. «Barruan, hezurrak nahastuta daude; tamalgarria da. Erorketa batzuk ere izan dira, eta filtratu den urak kutxak desegin ditu. 50 urtean inork ez du hura zaindu. Ez dut uste argituko dutenik gorpuak zeintzuk diren».

2008an izan zen tokian bertan Egaña, Jimi Jinemez ikerlariarekin batera. Informazio asko eskuratu zuten monumentuan, baina ez gorpuzkiak identifikatzeko adina. Historialariak uste du agindua «eman beharrekoa» zela lehenago edo geroago. Gogorarazi du, ordea, ez liratekeela Erorien Harenetik ateratako lehen arrastoak izango. Izan ere, 1980an 133 gorpu ateratzea lortu zuten hainbat nafarrek: «Senide batzuk bi autobusetan joan ziren Madrilera, eta, ez dakit nola, baina lortu zuten hainbat gorpuzki ekartzea».

Adituek lau mailatan sailkatzen dituzte Erorien Haraneko hobiak: lehen bietan, «ezinezkoa» litzateke gorpuzkiak identifikatzea; beste bietan, aldiz, baietz uste dute. «Lapeña anaiak hirugarrengoan daudela uste dugu. Erregistro zenbakia badaukagu, eta badakigu nondik eraman zituzten ere. Aurkeztutako dokumentazioa ontzat eman dute. Beraz, ikusiko dugu», azpimarratu du Eduardo Ranz Lapeña sendiaren abokatuak.

Etxeberria bera arduratuko da gorpuzkiak aurkitu eta identifikatzeko lanez, Aranzadi eta Euskal Herriko Unibertsitatearen lan talde batekin. Edonola ere, aitortu du ez dela erraza izango, eta bertaratu arte ezingo dutela jakin gorpuzkiei DNA probak egin ahal izango dizkieten ala ez: «Epaileak gorpuzkiak bilatzeko agindu du.Ez dakigu aurkituko ditugun;hori beste kontu bat da».

Frankismoaren biktimen elkarteek ere gauza bera azpimarratu dute: senitartekoak aurkitzen saiatzeko eskubidea dutela, alegia. «Badakigu zaila izango dela, baina, ahal den heinean, gorpuzkiak aurkitzen saiatzea posible dela uste dugu. Biktimei, gutxienez, behar zaien duintasuna emateko», nabarmendu du Josu Ibargutxik, frankismoko krimenen aurkako kereilaren euskal plataformako kideak.

Bide zibila, bide berria?

Ez da Erorien Haranetik gorpuzkiak ateratzeko epaitegietan egindako lehen eskaria. Ez eta azkena ere. Milaka egin izan dira aurretik ere. Lapeña sendiak «ohiko bidetik» jotzea erabaki zuen, duela lau urte, Manuel eta Antonio Ramiroren arrastoak berreskuratzeko prozesua abiatzea erabaki zuenean. «Bide penaletik jo genuen, abokatuok uste dugulako hori dela halako kasuetan erabili beharrekoa», azaldu du Eduardo Ranz abokatuak.

Ate guztiak itxi ondoren, Europako Giza Eskubideen Auzitegiraino iritsi ziren, bide penala erabat agortu arte: «Argudio bera erabili zuten denek: ezin zela inor errudun jo. Orduan erabaki genuen bide zibiletik jotzea: betiereko memoria argudiatu genuen».

Bide zibiletik jo izana «ideia bikaina» dela nabarmendu du Etxeberriak berak, «inork ezin baitu familien eskubidea zalantzan jarri». «Familiek gorpuzki horiek berreskuratzeko eskubidea dutela dio epaiak; ez du zerikusirik frankismoko krimenak gaitzesten dituen epai batekin», azaldu du.

Ordura arte inork ez zuen erabili bide hori. Orain, berriz, Erorien Haranetik gorpuak berreskuratzeko bide berri bat zabaldu dezakeela uste dute. «Beste zirrikitu bat ireki da, eta esperantza puntu bat daukagu, gainontzekoak alboratu gabe, domino efektua eragingo ote duen, beste hainbat familiak ere aukera bera izan dezaten gorpuak ateratzeko», nabarmendu du Josu Ibargutxik.

Era berean, Espainiako epaileak eta auzitegiak «mugitzen hasi direla» uste du. «Orain arte, Espainiako judikatura guztia nahiko txepel ibili da; ezetza baino ez dute eman. Orain, berriz, epaileei dagokienez, beste belaunaldi bat etorriko dela eta, agian, behar diren legeak aplikatzeko orduan ekimen eta ausardia handiagoaerakutsiko dutela uste dugu».

Eduardo Ranz abokatuak ere adierazi du «lehen oztopo zena orain aukera» izan daitekeela. Baina gogorarazi du hark irekitako bidea itxita gera daitekeela: «Erorien Haranari dagokionez, lege aldaketarik egon ez balitz, epai honek automatikoki balioko luke gorpuzkiak berreskuratzea nahiko luketen familientzat. Baina, aldaketaren ondorioz, prozesua abiaraztea erabakitzen dutenek arazoak izan ditzakete, eta baliteke beste formula batzuk bilatu behar izana».

Iazko uztailean sartu zen indarrean Prozedura Zibileko Legearen aldaketa: betiereko memoria arautzen duten artikuluak indargabetu zituen gobernuak, hain zuzen. Lapeña sendiaren kasuak aurrera egin zuen, baina epailearen aginduz, ordurako tramiterako onartua zutelako eta kasua bera «oso aurreratuta» zegoelako.

Ibargutxi jakitun da «beste oztopo bat» dela «egiaren eta justiziaren bidean», eta gobernuaren jarrera gaitzetsi du: «Ez da lehen aldia. Aurrez ere justizia unibertsalaren legea aldatu zuten, esaterako, era amnistiaren legea ere hor dago. Gobernua konturatu da frankismoaren arazoa berriz ere plazaratua izan dela, eta ekin dio oztopoak eta trabak jartzeari. Ahaleginduko dira, nola ez, horretan behintzat». Hala ere, berretsi du ez dutela amore emango: «Ez dago beste modurik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.