Francisco Franco Bahamontes Espainiako diktadorea Erorien Haranetik (El Escorial, Espainia) ateratzea gomendatu du Erorien Haranaren Etorkizunerako Adituen Batzordeak. Gaur egun frankismoaren ikur nagusia dena 1936ko gerran eta frankismoaren errepresioan hil ziren guztien ikur bihurtu nahi dute. Eraldaketa hori aurrera eramateko, batzordekoei «beharrezkoa» iruditzen zaie Francoren hilotza haranetik kanpo egotea. Gorpua familiak erabakitzen duen tokira edo leku «duinenera eta egokienera» eramateko esan dute.
Azken erabakia, hala ere, Eliza katolikoak eta Espainiako Parlamentuak izango dute. Francoren gorpua ehortzita dagoen tokia Elizaren basilika bat da, eta haren baimenik gabe ezingo dute diktadorea santutegitik atera. Batzordea Espainiako egungo gobernuak bultzatu duen arren, berriki osatu den parlamentuak atzera bota dezake egitasmoa. Hori dela eta, Ramon Jauregi jarduneko Lehendakaritza ministroak txostena «ez gordetzeko» eskatu dio Mariano Raxoi Espainiako hurrengo presidenteari.
Virgilio Zapatero eta Pedro Jose Gonzalez-Trevijano buru dituen batzordeko hamabi kideetatik hiruk gorpua mugitzearen kontrako boto partikularra eman dute. Exhumatzea «desegokia» dela uste dute, eta erabakiak herritarrak «zatitu» eta «erradikalizatu» egin ditzakeela.
Erorien Harana «memoria adiskidetuaren» gune bihurtzeko lanetarako 13 milioi euroko aurrekontua aurreikusi du batzordeak. Interpretazio zentro bat, oroitarri bat, hilerriaren berritzea eta katolikoak ez direnentzako meditazio gune bat egin nahi dituzte. Memoria historikoa mantentzeko Lehendakaritza Ministerioak urtero bost milioi euro erabiltzen dituela adierazi du Jauregik.
Iñaki Anasagasti EAJko senatariaren aburuz, txostena «orekatua» da, baina «ahalik eta azkarren» gauzatzeko eskatu du, PPrekin adostasunak zailagoak izango direlako.
Primo de Rivera, haranean
Jose Antonio Primo de Rivera Falangearen sortzailearen gorpua Erorien Haranean mantentzearen alde azaldu dira batzordeko kide guztiak. Haien ustez, 1936ko gerraren beste biktima bat da—1936an Alacanten (Herrialde Katalanak) fusilatu zuten errepublikanoek—. Hala ere, egun duen protagonismoa izan beharrean gainontzeko biktimen onarpen berbera izan beharko lukeela uste dute. 34.000 gorpu inguru daude Erorien Haranean, horietako 1.200 euskal herritarrenak; erdiak diktadorearen aldekoak, eta besteak kontrakoak. 14.000 gorpu inguru identifikatu gabe daude oraindik; adituek «ia ezinezkotzat» jo dute identifikatzea.
Erorien Haranetik atera egin behar da Francoren hilotza, adituen txostenaren aburuz
Espainiako Gobernuak bultzatutako batzordeak dio «beharrezkoa» dela erabakia, lekua biktima guztientzat izan dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu