Arropa merkataritza

Erosleen desioa aurreikustean dago arrakasta

Suediako H&M kateak hirurogei urtetik gora daramatza arropa merkatuan, "jantzi guztiak jende guztiarentzat eskuragarri" jartzen. 

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2013ko ekainaren 30a
15:26
Entzun

1947. urtean sortutako denda batean du jatorria H&M Suediako arropa kateak. Hastapenetan, Hennes (neskentzat) izenarekin zabaldu bazen ere, gerora Mauritz Widfross gizonentzako artikuluak saltzen zituen markarekin fusionatu zen, eta hortik etorri zen egungo H&M, edo Hennes & Mauritz. Gaur egun, mundu osoan hedatuta daude marka horren dendak. Stockholmeko egoitza nagusian dituzten diseinatzaileek planifikatzen dute arropa bilduma, eta ekoizpenaren zati bat Bangladeshko lantegietan egiten dute.

H&Mren Madrilgo komunikazio sailaren arabera, modaren munduak bilakaera handia izan du azken urteotan, eta "lehen hain eskuragarriak ez ziren tendentziak, mundu osora hedatuta daude orain". Haien hitzetan, moda azkarra ez dago dirua xahutzearekin horren lotuta, eta kalitatea bermatzen saiatzen dira H&M markako arroparekin. "Gure asmoa produktu bakoitzari ahalik eta prezio hoberena jartzea da, eta, horretarako, material iraunkorra baliatzen saiatzen gara".

Eskuragarritasunarena muturreraino eramanez gero, ordea, kontuan izan behar da arropa merkea ekoizteak bestelako kostuak izan ditzakeela. Baina H&Mkoen arabera, "prezio txikia ez dago lan baldintza txarrekin lotuta". Haiek, salneurri erakargarriak lortzeko, bestelako estrategiak baliatzen omen dituzte: "Bitartekariak saihesten ditugu, kopuru handiko erosketak egiten ditugu eta banaketa eraginkorra egiten asmatu dugu". Zenbait lehengairen prezioa garestia dela ere onartzen dute, baina azaldu dute eskariak gora egin ahala jaisten dela. Ekoizpen lanetan ari diren langileen soldatez, berriz, enpresaren portaera kodearen bidez agintzen diete hornitzaileei "langileak bizitzeko eta euren familiak mantentzeko adinako" soldatak ezar ditzaten.

Modaren munduan arrakastaren gakoa edozeinek eskura ditzakeen produktuak sortzean datzala uste dute; erosleen eskaeretara adi egonez eta tendentziak haien beharren arabera egokituz saiatzen dira horretan. Eroslearen desioa markek eurek ez ote duten sortzen galdetuta, beharrak bezeroak markatzen dituela diote, baina baieztatu dute erronka "behar horiei aurrea hartzea" dela.

Ekoizpenaren laurden bat Bangladeshen egiten du H&M enpresak, nahiz eta azpimarratu duten Savarren eroritako eraikineko arropa lantegiak ez zuela eurentzat ekoizten. Edonola ere, euren hornitzaile handienetako bat da Bangladesh, eta azaldu dute eraikinaren erorikoa gertutik jarraitu dutela eta "gainerako aldeekin konponbide egoki bat bilatzen" ahalegindu direla. Besteak beste, bertako langileen segurtasuna bermatzeko gutxieneko neurrien akordioa sinatu duten enpresen artean dago H&M ere, eta "iraunkortasunaren bidean urrats bat gehiago" egin dutelakoan daude. Akordioari esker, aukera izango omen dute segurtasun sisteman hobekuntzak eta suteei aurre egiteko mekanismoak txertatzeko.

Soberakinei, alternatiba

Lan baldintza kaxkarrez gain, kutsadura eta hondakinen gorakada ere eragiten ditu moda azkarrak. Horri dagokionez, H&Mren portaera kodeak zehazturiko ingurumenaren inguruko irizpideekin lan egiten dute. "Gure hornitzaile guztiak produktu kimikoen erabilera muga betetzera behartuak daude, eta lan prozesu hezeak dituzten enpresetan hondakinen tratamendua egitea exijitzen dugu", azaldu dute. Baina hortik aurrerago jo nahi dute, eta dendetan sobera geratutako arropak jasotzeko kanpaina jarri dute martxan, "zaborretan amai dezakeen arropari irtenbide iraunkorrago bat emateko".

Datozen urteei begira jarrita, modaren mundua aldatuko delakoan daude H&Mkoak. Haien ustez, "dagoeneko utzi dio hain azkarra izateari", eta orain gehiago sakontzen da norbanakoaren estiloan. Jendeak arreta gehiago jartzen die norberaren arropa gustukoenei eta horiek adierazpen eta estilo propioa lortzeko moduan konbinatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.