Abiadura handiko trena. Finantzaketa

Erraldoiak, lokatzezko hankak

Krisiaren areagotzearekin batera, abiadura handiko trena finantzatzeko arazoak agerian geratzen hasi dira azken aste hauetan.

inaki petxarroman
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Abiadura handiko treneko (AHT) lanak finantzatzea gero eta zailago zaile erakunde publikoei. Krisiaren areagotzeak murrizketa handiak ekarri ditu hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan. Eta, orain arte ez bezala, badirudi murrizketak iritsiko zaizkiola AHTari ere.

Euskal Y-a ez da amaituko 2016an ez 2017an. Horixe aitortu zuen Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio sailburuak duela lau aste, jakin zuenean Espainiako Gobernuak %40 gutxitu duela hurrengo urtean proiektua egiten jarraitzeko jarriko duen dirua. «Hori esan nahi nuen, baina baita beste hau ere: posible dela Adif gehiago zorpetzea, aurrekontu murrizketa hori orekatzeko», adierazi dio Arriola sailburuak BERRIAri.

Iaz, 133 milioi euro gorde zituen Espainiako Gobernuak Euskal Y-arentzat, baina 250 milioi gastatu zituen azkenean. Espainiako Trenbide Azpiegituretako Kudeatzaileak, Adifek, zorpetzera jo zuen horretarako. Orain gauza bera egin dezakeelako itxaropena du Jaurlaritzak, baina traba bat ere badu aukera horrek. Izan ere, Adifen zorra gero eta handiagoa da. Dagoeneko 9.572 milioi euro zor ditu, eta zama ekonomikoa handitzen ari zaio urtetik urtera.

Jaurlaritzak kezkaz jarraitzen ditu azken albisteak, Espainiak ez baitu murrizketa 2013rako bakarrik aurreikusi, baizik eta baita hurrengo lau urteetarako ere. Gainera, Jaurlaritzak berak ere gero eta zailtasun ekonomiko gehiago ditu. Hurrengo urtean 700 milioi euro gutxiago izango ditu gastatzeko.

Euskal Y-a egiteko, 1.000 milioi euro inguru gastatu ditu Espainiako Gobernuak. Eusko Jaurlaritzak, berriz, 782,41 milioi gastatu ditu, Garraio Sailak emandako datuen arabera. Jaurlaritza Gipuzkoako zatia ari da finantzatzen, eta gero kupo bidez deskontatu behar dio diru hori Madrili. Jaurlaritzaren zati osoak 1.700 milioi euroko kostua du. Aspaldi obra osoaren kostuari buruzko datu bateraturik eman ez badute ere, kostua 5.500-6.000 milioi euro ingurukoa da, erakunde batzuek eta besteek emandako datuen batuketa eginda.

Euskal Y-aren obrak zenbateraino dauden aurreratuta zehaztea zaila da. Baina AHTaren aurkako batzarreko kide eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritzako irakasle Imanol Madariagak egindako kalkuluaren arabera, %20 eta %34 artean eginda egon daiteke. Madariagak azterketa bat egin zuen Auzitan al dago Euskal Y-a? txostenean, obrak zein fasetan dauden aztertzeko, eta orduan erabilitako metodo bera baliatu du orain kopuru hori emateko. Horrek esan nahiko luke urte bakar batean %6 eta %11 artean aurreratu dutela obra. Gainera, hiriburuetako sarrerak behin-behineko eran egingo dituela iragarri du Adifek, eta horrek diru eta denbora asko aurreztuko die lanei. Horren arabera, obraren %24 eta %42 artean eginda egon daitekeela ondorioztatu du Madariagak.

Alabaina, hiriburuetako behin-behineko irtenbide hori kritikatu du Madariagak: «Hori lardaskeria bat da. Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean ordu erdi hegan joan ostean, beste hamar minutu emango dituzte hirira sartzeko».

Espainiako Gobernuaren egoera ekonomikoa oso larria da, baina Jaurlaritzak ez du uste arazorik izango duenik orain arte jarritako dirua kupo bidez berreskuratzeko. Esate baterako, aurten gastu itzela egin du Jaurlaritzak AHTko lanetan, ia 400 milioi euro. «Ez dugu inolako informaziorik ondorioztatzeko ordainketak atzeratuko zaizkigula. Egia da, ordea, badagoela eztabaida bat euskal ogasunaren eta Espainiakoaren artean kupoaren inguruan».

Hain zuzen ere, horri heldu dio Roberto Bermejo EHUko Ekonomiako irakasleak. «Niri xahutze itzela iruditzen zait 400 milioi euro gastatzea aberatsentzako tren batean. Hala esan nion Ekonomia sailburuari harekin topo egin nuen egun batean». Carlos Agirre sailburuak erantzun ziondiru hori Madrilek ordainduko duela. Bermejok ez du oso argi ikusten hori: «Gero eta zailago ikusten dut Madrilek ordaintzea. Batetik, ez duelako dirurik; eta, bestetik, bi erakundeak ez daudelako ados kupoari buruz. Madrilek dirua edukiko balu, beharbada gaindituko lukete desadostasun hori. Baina dauden egoeran egonda, ez dut hain argi ikusten».

Diru gehiago aurreratu

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak pasatu berri dira, eta Iñigo Urkullu jeltzaleak irabazi ditu. Urkulluk kanpainan adierazi du egokia litzatekeela, Espainiak duen zailtasun ekonomikoa ikusita, Arabako eta Bizkaiko zatietan ere Jaurlaritzak aurreratzea dirua, obrak atzerapenik eduki ez dezan. Arriolak ez du gaizki ikusten aukera hori, baina hori bezain garrantzitsutzat jo du Espainiarekiko lotura bermatzea.

Orain, Gasteiz eta Burgos arteko zatia geldirik dago. Bordele eta Hendaia arteko bideari bultzada eman zion Akitaniako prefetak joan den ostiralean, bidea berretsiz, baina gobernuak zalantza handiak ditu tren lasterrarekin, eta Kontu Auzitegiak esana du Frantziak ez duela aski diru AHTa egiteko. «Uharte bat bezala gera daiteke Euskal Y-a. Hollande ez da tren lasterrean gehiago inbertitzearen aldekoa. Eta akitaniarrek diote Bordele eta Irun arteko zatia sine die atzeratu dutela», ohartarazi du Bermejok.

Europako diru laguntzak galtzeko beldur da Arriola, baldin eta obrak behar diren epeetan ez badira bukatzen. «Egutegi bat daukagu Europan hitzartuta, eta ez badugu betetzen, hango laguntzak gal ditzakegu ».

Hala ere, Arriola ez dago kezkatuta Ipar Euskal Herriko loturarekin. «Nahiago genuke konpromiso sendoago bat haien aldetik. Baina ziur gaude Euskadin abiadura handiko trena errealitate bat bihurtzen den neurrian Valladoliderako eta Bordelerako loturak ere azkartu egingo direla».

Bermejok gogor jo du sozialisten kudeaketaren aurka, tren lasterra asko aurreratu dutelako: «Hezkuntza, ikerketa eta garapena eta oinarrizko beste zerbitzu asko mozten ari direnean luxuzko trenetan gastatzen jarraitzea zentzugabekeria iruditzen zait». Bermejok gogora ekarri du Barack Obama AEBetako presidentearen garraio aholkulari bat Espainiara joan zela bisitan duela hilabete batzuk eta harri eta zur geratu zela ikusitakoarekin. «'Oso aberatsak zarete', esan zien, eta nik uste dut bere artean pentsatzen ari zela ergel batzuk zirela».

Urkulluren ideia, berriz, «izugarrikeria» iruditzen zaio Bermejori. «Garraio gaietako aditu guztiek egindako ikerketek ez dute dudarako tarterik uzten. Herrialde garatuetan azken inbertsioak azpiegitura publikoetan egin behar dira. Gainera, AHTan benetako gastuak beti dira aurreikusitakoak baino askoz handiagoak. Ez dira ez lanpostuak ez aberastasuna sortzen».

Obren epeak ez direla beteko ziur da Madariaga. «Hipotesirik baikorrenean, obren %40 eginda badaude, urtero 600 milioi jarri beharko lituzkete 2017an bukatzeko; alegia, urte gehien gastatu den urtean adina, alegia, aurten bezala». Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari jarraitzen badio eta %40 gutxiago jartzen badu epea %67 luzatuko dela nabarmendu du Madariagak; hau da, bost urtean bukatu beharrean, zortzi urtean amaituko lukete: 2021ean, alegia. Gainera, hiriburuetako loturak behin-behineko egoeran egongo dira. Zalantzan egon beharko luke obrekin jarraitzeak. Hori uste du Madariagak, baina ez du esperantza handirik. «Gizarte murrizketen aurkako protestek ez dute nahiko indarrik, eta azpiegitura erraldoi hauek lehentasuna daukate. Espainia, duen urre guztiaz gain, ez duena ere ematen ari da, eta hurrengo urteetarako zorra metatzen jarraitzen du».

Gastu militarretan, bankuen diru laguntzetan eta azpiegitura erraldoietan erabilitako diruarekin sortutako zorra ez dela zilegia ohartarazi du Madariagak, eta gizarteak hori aldarrikatu eta indarrean jarri behar duela. «AHTa gelditzeko esperantza bakarra gizartea norabide horretan antolatzea da, Valentzian eta beste zenbait tokitan egiten ari diren bezala. Gobernu kapitalisten aldetik ezin dugu esperantzarik izan».

Azkenaldi honetan, Irailaren 25eko mugimenduak Espainiako Kongresura behin baino gehiagotan jo izan du aldarri honekin, alegia, auditoria bat egin beharko litzatekeela, aztertzeko Espainiako Gobernuak duen zorraren zein zati den zilegia eta zein ez.

Obrak gelditzeko itxaropen gutxi dauka Roberto Bermejok ere. «Nahiko nuke esan obrak geldituko direla. Baina ez daukat batere argi. Uste dut zati handi bat eraikita dagoela dagoeneko, eta uste dut sare horren filosofia aldatu egin behar dugula, erabilera anitzeko trenbide bihurtzeko». Alegia, kalte handiena eginda dagoela eta, gainera, kalte hori bueltarik gabekoa dela uste du Bermejok: «Aprobetxa dezagun ahal duguna, eta lor dezagun Euskadik trenbide bat edukitzea. Horren alde borrokatuko naiz, eta, bitartean, Renferen sareari Europako zabalera jarri behar zaio». Izan ere, salgaien garraioa ezin dela trenbidez egin gogorarazi du Bermejok. «Salgaiak garraiatuko dituen trenbidea behar dugu, eta Europarekin AHT bidez lotzea txorakeria bat iruditzen zait, horretarako hegazkina dugulako eta hura beti izango delako askoz ere merkeagoa eta eraginkorragoa».

Nafarroa, atzeko bagoian

AHTak finantzaketa arazo handiak ditu obrak aurreratu samar dauden tokietan, baina oraindik zailago dauka hasi gabe edo hasi berri diren tokietan. Horren adibidea da Nafarroa; orain justu urtebete hasi zituzten lanak. Baina Espainiako Kongresuko PPko ekonomia gaietako arduradunak Diario de Navarra egunkariari berriki esan dionez, Nafarroako korridorea egiteko epeak berrikusi egin behar dira, egoera berrira egokitzeko. Alegia, obrak atzeratu egingo direla.

Nafarroako eta Espainiako gobernuek 2010ean hitzartu zuten tren lasterra egiteko finantzaketarako ituna. 675 milioi eurotatik, Nafarroak 387,65 milioi aurreratzeko konpromisoa hartu zuen. Ondoren, Madrilek itzuliko lioke diru hori foru gobernuari, hitzarmen ekonomikoaren bidez.

Baina kontuak ez dira ondo hasi. 2013an hamar milioi euro itzuli beharko lizkioke Madrilek Nafarroari, eta bakarrik bost milioi gorde ditu aurrekontuetan. Halaber, 2014an 25,65 milioi itzultzeko konpromisoa hartu zuen Madrilek, eta aurrekontu proiektuan hamabost milioi besterik ez du zehaztu. Hurrengo urteetako aurreikuspenak ez dira hobeak. 2015ean 30 milioi itzuli behar lituzke Madrilek; hogei besterik ez du gorde aurrekontu egitasmoan. 2016an, 170 milioitatik, 50 bakarrik itzuliko lituzke. Nafarroak hitzartutakoa baino 145,65 milioi euro gutxiago jasoko lituzke lau urtean, beraz.

Ondorioz, 2010eko hitzarmena berrikusi eta eguneratzeko deia egin dio Madrilek Iruñeari. Nafarroako Gobernuak berean jarraitzen du, ordea. Eta UPNk zuzenketak egin dizkie Espainiako aurrekontuei, AHTari 9,2 milioi euro emateko eskatuz besteak beste.

Urriaren 20an Nafarroako Parlamentuan egindako erkidegoaren egoeraren gaineko eztabaidan, berriz, Yolanda Barcina presidenteak esan zuen AHTa 2016an iritsiko dela Iruñera eta Etxabakoitzeko geltokia egiteko desjabetzeekin hasi nahi duela berehala. Etxabakoitzen, AHTko geltokiaz gain, 9.000 etxebizitza eraiki nahi ditu gobernuak, Nafarroako hirigintza planik handienetako batean. Joan den astean, hirigintza planak idazten hasteko erabakia hartu zuten gobernuak eta eragindako udalek.

Epe horiei eutsiz gero, argi dago Nafarroak bakarrik hartu beharko duela bere gain azpiegituraren finantzaketa, Espainiak ez baitu ez dirurik ez asmorik Nafarroako korridorean inbertsio handiak egiteko. Castejon eta Iruñea arteko bidea egiten ari da une honetan Nafarroako Gobernua. Alabaina, Gipuzkoarekiko eta Espainiarekiko loturak (Zaragozan barrena) guztiz geldirik daude. Espainiako Sustapen Ministerioaren AHTko inbertsio berrien atalean ez dira agertu ere egiten Zaragoza-Castejon eta Iruñea-Gipuzkoa arteko zatiak.

Kalteak ezin ordainduta

Abiadura handiko trenak finantzaketa arazo handiak dituenez, lanean ari diren enpresei behin baino gehiagotan atzeratu dizkiete ordainketak. Horrekin batera, obren erritmoa ere geldotu izan da. Halaber, obrak egiteko kalte handiak egin dituzte zenbait tokitan, eta Adifek horiei ez die aurre egin. Adibidez, Aramaion. Han, zubibide bat egiten ari zirela, lur mugimendu handi bat gertatu zen 2010eko otsailean, eta Aramaio eta Gasteiz arteko A-2620 errepidea urtebete baino gehiagoz itxita egon zen.

Aramaioko Udalak 35.842,75 euro gastatu ditu gertakari horrek sortu zizkion kalteei aurre egiteko. Besteak beste, ikerketa geotekniko bat egin zuen, Untzillako Bolinburu baserrian hainbat lan egin behar izan zituen, zuhaitz kentze eta garbitzeak ere egin zituen, eta beste hainbat lan.

Obrek eragindako kalte horien berri eman zien Aramaiok hainbat erakunderi, besteak beste, Adifi, Sustapen Miniserioari, Arabako Diputazioari eta lanean ari zen enpresa taldeari. Adifek bakarrik erantzun zion udalari, eta zehaztapen gehiago eskatu zizkion. Geroztik ez du beste erantzunik jaso. Udala kezkatua dago, jarritako dirua jasoko ez ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.