«Ez dira garaiak dirua xahutzeko eta, besterik gabe, 500 milioi euro zabortegietara bota edo erretzeko». Horrela laburtu du Lezoko alkate Ainhoa Zabalok Gipuzkoako 50 alkatek hartutako erabakia. Konpromiso «irmoa» agertu dute Zubietan errauste planta bat eraikitzeko «euro bakar bat ere» ez emateko: «Ez gaude prest gure udalak itota eta urte luzez hipotekatuta utziko dituen azpiegitura bat finantzatzeko».
Donostiako Miramar jauregian agerraldi bat egin zuten atzo 50 alkate horietako gehienek. 47 udal ordezkari zeuden bertan; alkateak ziren asko, baina zinegotziak ere bazeuden. Alkateen artean, han ziren, besteak beste, Tolosako Ibai Iriarte, Andoaingo Ana Karrere, Zarauzko Juan Luis Illarramendi eta Oñatiko Mikel Biain. Nora Galparsorok ordezkatu zuen Donostiako udal gobernua. Bildu koalizioko ordezkariak ziren gehienak, baina hautetsi independente ugari ere bazeuden agerraldian.
«Betebehar morala eta etikoa da gure ondorengoei gure lurraldea jaso dugun baino hobeto uztea», Zabaloren esanetan. Hautetsien arabera, errauste planta bat eraikitzeak «ez du arazoa konponduko, larriagotu egingo du». Ingurumenean eta herritarren osasunean eragin kaltegarriak izan ditzakeela uste du, eta plantak sortuko lituzkeen errautsak biltzeko zabortegi bereziak behar direla oroitarazi du.
Birziklatze tasak igotzearen alde azaldu dira hautetsiak, eta gaineratu dute Europako Batasunean «laster» legezko betebeharra izango dela birzikla daitekeena birziklatzea eta debekatuta egongo dela gai horiek erraustea: «Hondakinen kudeaketan beste eredu bat posible ez ezik, derrigorrezkoa ere bada». Horretarako, hondakinak atez ate biltzeko sistema aldarrikatu dute, eta adibide modura jarri dituzte Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan lortu dituzten birziklatze tasak. «Atez atekoa da sistema eraginkorrena», esan du Zabalok.
Orobat, zenbait herritan atez ateko sistema ezartzearen aurka sortutako taldeez mintzatu daIllarramendi. Baikortzat jo du sistema horren aurkako taldeak ere birziklatzearen alde agertzea, eta Zarautzen gutxienez hondakinen %70 birziklatzea lortuko duen eredu bat adosteko prest azaldu da. Gainera, gogorarazi du zaborrak atez ate biltzea hainbat modutara egin daitekeela. Bosgarren edukiontzia ezartzeko aukeraz galdetuta, Zabalok baztertu egin du eredu hori ezartzea, lortutako birziklatze tasa atez atekoarekin erdietsitakotik «oso urrun» dagoelako. «Zergatik ezarriko dugu emaitza okerragoak ematen dituen eredu bat?», galdetu du.
Hautetsiek gogora ekarri dute Gipuzkoa Zero Zabor plataformak ekainaren 17rako antolatu duen ekitaldia. Haize errota bat irudikatuko duen mosaiko bat osatuko dute, eta bertan parte hartzeko eskatu diete herritarrei.
Planaren aurkezpena, gaur
Hiri Hondakinak Kudeatzeko Gipuzkoako Plan Integrala moldatu eta «errealitatera egokitu» du diputazioak, eta Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak gaur aurkeztuko du dokumentua Batzar Nagusietan. Aurkezpenean izango da Martin Steiner; Europako Inbertsio Bankuko proiektu ebaluatzailea da Steiner, eta parte hartu du planaren egokitzapenean.
Lapatx (Azpeitia), Sasieta (Beasain) eta Urteta (Zarautz) zabortegiak 2014. urte amaierarako ixtea jasotzen du plan egokituak. Gainera, ez du Zubietan errauste planta egiteko beharrik ikusten. 400 milioi euro inguruko inbertsioa iragarri zuten erakunde publikoek Zubietako errauste plantan oinarritutako azpiegitura sarerako, baina, programa moldatu duten nazioarteko adituen arabera, aurrekontu horren erdia baino ez du beharko azpiegitura sare berriak.
Plana Batzar Nagusietan aurkeztuko du gaur Alduntzinek, eta aste barruan herritarren aurrean azalduko du testua, hura egokitu dutenetako batzuk lagun dituela. Bihar, Donostiako San Telmo museoan aurkeztuko dute idatzia Alduntzinek eta Steinerrek; etzi, Pasaiako Trintxerpeko alkateordetzan emango dute programaren berri Alduntzinek eta Laia Valenzuelak. Egun berean, Zarautzen izango dira Ainhoa Iraola Gipuzkoako Ingurumen zuzendaria eta Joan Marc Simon aditua. 19:00etan egingo dituzte agerraldi horiek.
Errauste planta ez finantzatzea hitzeman dute 50 alkatek
Ordezkari politikoek bat egin dute Gipuzkoa Zero Zabor taldeak hilaren 17rako antolatu duen ekitaldiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu