«Gaur egun pozgarria da gipuzkoarrontzat, Zubietako errauste plantaren proiektua bertan behera uzteko pauso erabakigarria eman baitugu». GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SA sozietate publikoko presidente Ainhoa Intxaurrandietak hala laburbildu zuen, atzo goizean, erakunde horren zuzendaritzak hartutako erabakia. Zubietako errauste plantaren obrak egiteko agindua etetea erabaki baitu, Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratuaren bitartez jarritako baldintzak ez dituela betetzen argudiatuta. «Baimendutako proiektuaren eta eraiki nahi denaren artean dauden aldeak eta aldaketak hain dira handiak, egin nahi den egitasmoa ez dela baimendutako bera. Eraiki nahiko balute ere, ezingo litzateke egin legea urratu gabe, legez kanpo jokatu gabe», adierazi zuen Intxaurrandietak, errauste plantaren obren eremuan bertan egindako agerraldian.
Intxaurrandietarekin izan ziren, besteak beste, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatua eta Ainhoa Arrozpide Gipuzkoa Zero Zabor taldeko bozeramailea. BERRIAk herenegun aurreratu zuen Jaurlaritzak Zubietan baimendu zuen errauste planta eta lehiaketara ateratakoa ez datozela bat, eta ez zituela agindutako ingurumen baldintzak betetzen. Horixe bera berretsi zuen atzo Intxaurrandietak. Hark emandako datuen arabera,hiru dira urratzen dituen baldintzak.
Ingurumen Baimen Bateratuak zaborrak erre eta gero geratzen diren hondakin kutsagarriak tratatzeko azpiegitura bat agintzen zuen. Zubietako proiektuak, ordea, kanpo uzten du. «Hondakin solido kutsagarri horien tratamendua ez du aintzat hartzen», esan zuen Intxaurrandietak.
GHK-ko presidenteak zehaztutakoaren arabera, gauza bera gertatzen da hondakinak erre eta gero sortzen diren errauts toxikoen tratamenduarekin. «Ingurumen baimenak agindutakoaren kontra, ez da errauts toxikoen tratamendurako azpiegiturak eraikitzea aurreikusten. Beraz, errauts kutsagarrien tratamendua ez da kontuan hartzen».
Azken urratzea garaierari edo lur mailari lotuta dago. «Baimendutakoa baino hiru metro gorago jarri zuten. Gainera, aldaketa horrek sortzen dituen eraginen gaineko azterketarik ez zuten egin; bata ikusmen eraginari dagokiona; eta, bestea, goragoko maila horretan aireratuko den kutsadura mailaren eta zabalkundearen ingurukoa da».
Hori guztia aintzat hartuta erabaki du GHK-ko zuzendaritzak obrak egiteko agindua etetea. «Arrazoiak juridiko-teknikoak dira. Egitasmoak orain arte izan duen bidean, irregulartasunak eta lege urratzeak izan ditu, eta, horrenbestez, esan bezala, ez du legea betetzen».
Dagoeneko eman diote horren guztiaren berri Eusko Jaurlaritzari. «Argi dago Jaurlaritzak ezin duela esan baldintzak betetzen dituenik, proiektua guztiz desberdina baita baimena jaso zuenarekin alderatuta».
Enpresei dagokienez, haiekin hitz egiten ari dira. «Harremanetan gaude. Baina ez dugu zalantzarik kalte-ordainen bat eman behar badiegu gipuzkoarren dirua, ekonomia babestuko dugula. Etengabe ari gara hori egiten, Gipuzkoako herritarren interesak sutsuki defendatzen».
2014an lurraldeko hiru zabortegiak itxiko direnaren konpromisoa berretsi zuen Intxaurrandietak. «Hori bat dator herri guztiek zero zaborraren bidean hartu behar dugun konpromisoarekin. Hori denon esku dago, eta horretan ari gara lanean». Ari dira, gainera, bestelako azpiegiturak eraikitzeko eta aztertzeko prozesuan. Bergaran, adibidez, konpostatze planta bat eraikitzea aurreikusten zuten. Aste honetan sinatu ditu Intxaurrandietak planta eraikiko duten lurrak mugitzen hasteko kontratua. 10.000 tona organiko tratatuko dituzte bertan.
GHK-k duen zorraren inguruan galdetuta, argi mintzatu zen Intxaurrandieta. «Hori aurreko legegintzaldian egin ziren finantza operazio arriskutsu eta espekulatzaileen emaitza da, swap ospetsuen ondorioa. Gaia epaitegietan dago. Auditoriak aipatzen dituen zalantzak obraren exekuzioari buruzkoak dira, hutsune handiak baititu. Lehiaketara ateratzen den proiektuak ez badu Ingurumen Baimen Bateratua, gainera, normala da zalantzak eta kezkak izatea».
Oposizioa, kritiko
Zuzendaritzak erabakia eguerdian hartu zuen, eta ondoren jakinarazi zien GHKren batzarreko kideei. Horien artean zeuden PSE-EEko Denis Itxaso eta PPko Ramon Gomez. Biak azkar eta adierazpenik egin gabe irten ziren bileratik.
PSE-EEk, dena den, ohar bat atera zuen arratsaldean.Bertan, Itxasok erabakia gaitzetsi zuen. «Erabaki honekin Bilduk erronka bota die bankuei, enpresei, mankomunitateei, Batzar Nagusiei eta herritarrei. Izugarria eta arriskutsua den ihesbide bat hartu du proiektua etenda».
Itxasoren ustez, Ingurumen Baimen Bateratua indarrean dagoen edo ez erabakitzea Eusko Jaurlaritzari dagokio. «Bildu desiatzen egon daiteke ingurumen baimen hori baliagarria ez izateko, baina ikusi beharko da Eusko Jaurlaritza bat datorren horrekin. Hark du azken hitza». Gipuzkoa «hondamendira» darama Bilduk, Itxasoren ustez. «Aurretik hitzartuta zeuden proiektuak baztertzen ari da, kudeaketa sektario eta arduragabe bat eginez. Erabaki honekin arreta beste kontu batzuetan ez jartzea nahi dute. Adibidez, GHK-k 46 milioi euroko zuloa duela».
GHK-k hartutako erabakiarekin hondakinen kudeaketaren arazoa konpontzeko irtenbiderik gabe geratu da Gipuzkoa, EAJren ustez. «Atez atekoaz aparte, Bilduk ez du beste planik zaborrak kudeatzeko. Sistema hori, gainera, inposatzen ari da, eta ez du Gipuzkoako herritarren gehiengoaren babesa».
Jeltzaleen arabera, Bilduk ez du gaitasunik kudeaketarako. «Lanerako duen gaitasun eskasa ezkutatu nahian ari da Bildu, urtebetean 46 milioi euroko zuloa sortu baitu GHKn. Porrot ekonomiko-teknikoan uzten ari da»
PPko Juan Carlos Canok ere gaitzetsi du GHK-ko zuzendaritzaren egungo kudeaketa. «Iluna izaten ari da. Bilduren miseria guztien zabortegia bihurtzen ari da GHK».Hori dela eta, hausnarketa «sakon eta serio bat» egiteko beharra defendatu du. «Bada garaia alderdikeriak alde batera utzi eta Gipuzkoan gobernu aurrerakoi bat adosteko. Bildu egiten ari den bakarra aurretik adostuta zeuden proiektuetako batzuk bertan behera uztea da».
Hondakinak. Zubietako errauste planta
Errauste plantaren eraikuntza bertan behera utzi du GHK-k
Proiektuak ez dituela Eusko Jaurlaritzak jarritako ingurumen arauak betetzen esan du Ainhoa Intxaurrandieta presidenteakErabakiaren aurka daude EAJ, PSE-EE eta PP, eta Bilduren kudeaketa kritikatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu