Errauste plantaren tramitazioari ekingo dio Hondakinen Partzuergoak gaurtik hasita

Legealdi berriko lehen bileran errauste plantaren aldekoek hartuko dituzte zuzendaritzako karguak

inaki petxarroman
2007ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Gaur osatuko dute Gipuzkoako Hondakinen Partzuergo berria, eta errauste plantaren aldeko indar politikoek -PSE-EE, EAJ eta EA- gehiengoa izango dute. Gauzak hala, gaur bertan hasi nahi dute Zubietan kokatu nahi duten azpiegitura berriaren inguruko tramitazioa.

Udal hauteskundeen ostean,Partzuergoa osatzen duten mankomunitateetako ordezkariak hautatu dituzte jadanik, baita haietako bakoitzak Partzuergora igorriko dituen ordezkariak ere. Ordezkari horiek gaur hartuko dute euren kargua, eta hautatuko dituzte Partzuergoko lehendakaria eta lehendakariordea. Nahikoa izango litzateke errauste plantaren aldekoen arteko hitzarmen bat, kargu horiek haien artean banatzeko.

Gaurko bileran 20 puntu aztertuko dituzte Partzuergoko kideek, haietako batzuk garrantzi handikoak. Esaterako, Partzuergoaren Aholku Batzorde Teknikoa osatuko dute, eta haren barne arautegia zehaztuko dute.

Batzorde horrek zeregin garrantzitsuak izango ditu. Gaurko bileran bertan eskatuko diote txosten bat presta dezan errauste plantaren eredua definitzeko. Aldi berean, aginduko diote lehiaketa oinarriak presta ditzan hondakinak errausteko planta eraikitzeko proiektuaurrea kontratatzeko. Horrekin batera, planta horren ingurumen eraginaren azterketa kontratatzeko oinarriak egiteko galdegingo diote.

Bestalde, Partzuergoko hondakinen kudeaketa antolatuko duen merkataritzako elkarte publikoa eratzeko Azterketa Batzordea izendatuko dute.

Gaurko bileran Aholku Batzordea gaituko dute, hondakinen azpiegituren lurralde plana idatziko duen taldearekin koordinatuta, azpiegiturak gauzatzeko programa bat presta dezan 2009ko uztailetik 2012ko uztailera bitartean.

Halaber, Partzuergoko lehendakariari eskumena eskainiko diote abokatua eta prokuradorea izenda ditzan Partzuergoaren defentsa juridikoa egiteko erakundearen eratze hitzarmenaren aurka, eta Gipuzkoako hiri hondakinen etorkizuneko kudeaketa definitzeko hitzarmenaren aurka, zabaldutako prozedura guztietan.

Aurreko Legealdian Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta herrialdeko zazpi mankomunitatek hondakinen kudeaketari buruzko hitzarmena itaundu zuten. Besteak beste, Zubietan errauste planta bat egitea hitzartu zuten erakundeek, eta hainbat herritarrek eta erakundek -Lasarte-Oriako Udalak, besteak beste-epaitegietara jo dute hitzarmen horien aurka.



TXINGUDIREN ESKARIA AZTERTUKO DUTE. Txingudiko Mankomunitatea da oraingoz Hondakinen Partzuergotik kanpo dagoen bakarra, bere hondakinen plan berezia zuelako, errauste planta eta guzti. Alabaina, berriki egindako batzarrean erabaki zuen eskaria egitea Partzuergoan sartzeko. Bada, gaurko bileran zehaztuko ditu hark zein baldintza bete beharko dituen Txingudik horretarako.

Partzuergoan Gipuzkoako Foru Aldundiak botoen %33 izango du. San Markosko Mankomunitateak %32ko ordezkaritza izango du, eta beste %32 beste mankomunitateen artean banatu beharko dute. Alabaina, Txingudi Partzuergoan sartuko balitz, berriro egin beharko lukete botoen banaketa, Gipuzkoako herritarren %10 inguru Irunen eta Hondarribian bizi baita. Mankomunitate bakoitzari ordezkatzen dituen biztanleen araberako boto kopuru ematen dioGipuzkoako Hondakinen Partzuergoak.



FUnTzIoa

Hondakinen Azken Tratamendua.Hiri hondakinen azken tratamenduaren ardura du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak. Hala, hari dagokio egitea, besteak beste, transferentzia plantak, konpostatze plantak, birziklatzeko azpiegiturak, planta biomekanikoak eta errauste plantak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.