Herenegun, Iruñerriko Mankomunitateak gonbidatuta, hitzaldi bat eman zuen Marta Gurin (Varsovia, Polonia, 1981) CEWP Balorizazio Energetikoko Planten Europako Federazioko teknikariak Iruñean. Haren irudiko, ezinbestekoa da herritarrei errauste planten inguruan behar den informazioa ematea. Ziur dago horren bitartez errauste plantek gizartean eragiten dituzten zalaparta eta polemikak ezerezean geldituko liratekeela. Beraz, administrazioak informazio kanpaina gehiago egin beharko lituzkeela esan du.
Azkenaldian hondakinen kudeaketaren harira eztabaida sortu da Euskal Herrian. Hondakinak gizarte modernoaren arazoetako bat dira?
Nik uste hondakinak, bere zentzu hertsian hartuta, arazo izugarria direla egungo gizartearentzat. Batez ere kontuan hartuta orain arte hondakinekin abian jarri diren zenbait teknikak zaharkituta daudela. Dena den, hondakinen auzia ondo kudeatuz gero, irtenbide egokiak aurki daitezke.
Hondakinak birziklatzen behar adina egiten dela irizten diozu?
Beno, beti egin daiteke deneangehiago. Baina argi dago azken hamarkadan birziklatzen den hondakinen kopurua izugarri handitu dela. Dena den, arlo hori garatzen jarraitu beharra dago. Horretaz gain, ahalegin handiagoa egin beharko litzateke hondakin gutxiago sortzen. Esaterako, gogoeta sakona egin beharra dago saltoki handiek dituzten marketin sistemen inguruan. Izan ere, arlo horretan plastikoaren erabilera handiegia egiten delakoan nago. Horren ondorioz, sortzen den hondakin kopurua izugarri handia da. Baina, birziklatu ezin diren hondakinak zerbaitetarako baliatu behar dira, eta irtenbide egokia da, nire iritziz, energiaren produkzioa. Zabortegiek beti azken aukera izan behar dute.
Beraz, zuek defendatzen duzuen aukera da birziklatu ezin diren hondakinak errauste plantetara bideratzea?
Helburua ez da berrerabili edo birziklatu ezin diren hondakinak erretzea, baizik eta horiek produkziorako baliatzea, hau da, energia sortzeko. Azken finean, beste aukerarik ez duten hondakinak erre egiten dira, eta horren bitartez energia lortzen dugu. Energia hori elektrizitate edota bero bilaka daiteke. Esaterako, Eskandinaviako herrialdeetan eta Bartzelonako zenbait auzotan, energia balorizazioko plantetako energiaren bitartez berotzen dituzte etxeak. Hala, hondakinak ez dira zabortegietan lurperatzen.
Errauste plantek zabortegiak ordezkatu behar dituztela deritzozu?
Bai, xede nagusia horixe da: zabortegiak desagertzea. Azken finean, guk orain arteko zabortegiek alternatiba badutela defendatzen dugu. Kontuan hartu behar da zabortegiak bi arazo nagusi dituela. Alde batetik, lur falta, eta, bestetik, ingurumenean egiten duen kaltea. Egia da balorizazio energetikoko plantek hondakinak eragiten dituztela, baina horiek tratatu ostean, ez dute kalterik sortzen.
Baina errauste plantek ez dute eraginik herritarren osasunean edota ingurumenean?
Errauste plantek ez dute inolako eraginik gizakiaren osasunean eta ingurumenean. Izan ere, planta horiek teknika garatuenen arabera egiten dute lana. Beraz, ez dute herritarren osasunean kalterik sortzen. Adibide gisa, esan dezaket, Vienako erdigunean balorizazio energetikoko planta bat dagoela. Oso diseinu berritzailea du, eta Austriako hiriburuko ikur ere bilakatu da. Martxan daraman urteetan ez du inolako kexarik eragin, nahiz eta inguruan jendea bizi den. Beraz, argi utzi nahi dut arlo horretan azterketa ugari egin dituztela munduko unibertsitate garrantzitsuenetako adituek, eta kalteak sortzen dituztelako baieztapenak gezurtatu egin dituztela.
Errauste plantek ingurumenean ez dutela eraginik diozun arren, nola azaldu dioxina eta furanoen isurien auzia?
Badakit gai hori oso polemikoa dela, baina Europako Batasunak horren inguruan oso zuzentarau zehatza du. Azkeneko bi hamarkadetan izugarri jaitsi da balorizazio energetikoko planten dioxina eta furanoen isuria. Beste hamaika industria dago dioxina isuri handiagoak dituztenak, baina horrek ez du polemikarik eragiten. Alemanian, esaterako, lehen, dioxina isuriaren herenak balorizazio energetikoko plantetan zuen jatorria; orain, ordea, %1ek besterik ez.
Marta Gurin. BCEWPko teknikaria
«Errauste plantek ez dute eraginik gizakiaren osasunean eta ingurumenean»
Egungo arazoetako bat hondakinekin loturikoa dela ziurtatu du Marta Gurin BCEWP Balorizazio Energetikoko Planten Europako Federazioko kideak Iruñean. Irtenbidea errauste plantetan ikusten du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu