Europako Parlamentua. Ekonomia zirkularra. Josu Juaristi. EH Bilduko parlamentaria

«Erraustegia ez eraiki, horixe egin behar da; geratu egin behar da»

K Saioa Alkaiza(h)
2015eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Europako Ingurumen, Osasun Publiko eta Elikagai Segurtasuneko Batzordean dabil buru-belarri EH Bilduko parlamentari Josu Juaristi (Azkoitia, Gipuzkoa, 1964). Ekonomia zirkularraren inguruko txostena besoak zabalik jaso duen arren, bete beharreko neurriak ezartzea aldarrikatu du.

Zer deritzozue aurkeztutako testuari?

Balorazio ona egiten dugu. Ikuspegi txukuna du, eta markatzen dituen helburuak onak dira, nahiko handinahiak, abenduan hitz egiten zenarekin alderatuta. Alde bozkatuko dugu. Bete beharreko helburuak nahi ditugu.

Eta zer diozue gaikako birziklatzea sustatzearen inguruan ?

Atez atekoak hainbat iritzi kontrajarri sortu ditu, bai eta polemika ere, baina Europak lehendik ere erabat bultzatzen zuen hori. Haiek beti esan dute birziklatzearen eta gaikako bilketa egitearen alde daudela, eta hori dela Europak bultzatu nahi duena; erraustegiaren kontua azken aukera gisa uzten dute beti. Batzuek beren interesaren arabera interpretatu dute gaia, baina nik oso argi daukat Europak beti egin duela horren alde. Txostenak erakusten du horiek direla Europaren helburuak, eta ez EAJk bultzatzen dituenak. Gipuzkoako herri askok egin zuten apustua erabat europarra izan zen. Europako ingurumen agentziak beti jarri izan du Gipuzkoako kasua eredugarritzat; erakutsi du errealista dela planteatzen dena, eta beharrezkoak direla bete beharreko helburuak.

Zuek bereizita biltzea nahitaezkoa izatea bultzatzen duzue?

Bai, eta Europak dio 2020rako izango dela derrigorrezkoa. Horrelako neurriak hartu behar dira benetan gauzak aldatuko baldin badira, eta horretan denak gaude ados. Gero, asmatu egin behar da komunikazio kanpaina egokiekin, kontzientziazioarekin, jendearekin batera bide hori egiten, gizarteari laguntzen... Horrek borroka politikoetatik kanpo egon beharko luke.

Zubietako erraustegiaren kontra egin duzue. Orain, soilik konpostatu edota birziklatu ezin diren gaiak errausteari bide eman dio Europak. Zer egin beharko litzateke proiektuarekin?

Oso argi dago ez eraikitzea dela egin behar dena; geratu egin behar da. Pozik gaude, ez arrazoia ematen digulako, baizik eta hori delako naturak, ekonomiak eta gizarteak behar dutena. Horrekin batera doaz, gainera, efizientzia energetikoa, produktuen ziklo osoa, ekonomia zirkularra aintzat hartzea...

Ez da hondakinen gaia soilik landu: baliabide naturalen ustiapena murriztu egin behar dela adostu da, eta hazkundea ezin dela ustiapenarekin lotu. Horrek nola eragingo du gurean?

Hainbat eta hainbat arlotan dauka eragina: uraren kudeaketan, Nafarroan; basoen kudeaketan...

Paradigma aldaketa proposatzen dute.

Paradigma aldaketa erabat lotua dago mentalitate aldaketarekin; sistema osoa aldatu behar da. Beste sistema bat beharko dugu, ekonomiaren arlo guztietan, produkziotik hondakinen birziklatzera; eta hori da sistemaren aldaketa ekartzeko bide bakarra.

Batzuek erosten dute paradigma aldaketa, baina askoz mantsoagojoan nahi dute, edo helburuak lausotu, luzatu... Guk esaten duguna da ez dagoela denborarik, urratsak egiteko garaia dela hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.