Kepa Olaiz. Iñaki Armendariz. Irantzu Jauregi Artola. Teresa Lopez de Muniain. Aran Garmendia Rekalde. Mila Zabalo Korta. Zubietako errauste planta egin ez dadin eskatzeko gose greban dauden sei andre-gizonak dira. Ostegun gauetik ari dira, Donostian, Easo plazan, eta aste oso bat iraungo du protestak. Gipuzkoan errauste planta egitearen aurkako mobilizazioetan aspalditxotik ari dira denak —orain hamabost urte piztu zen, egitasmoarekin batera—, eta denak herrialdekoak dira: Olaiz oiartzuarra da, Armendariz eta Jauregi Hernanin bizi dira, Lopez Muniain Donostian, Garmendia Errenteriakoa da, eta Zabalo, berriz, Lezokoa. Azpiegitura egiteko lanak martxan dira, eta horrek eraman ditu, hein handi batean, protesta hastera: kontrako ahotsak oraindik ere hor direla oroitarazteko. «Obrak hastear daudela, hainbat komunikabidek itxi dute atea; aditzera eman dute arazoa bukatu dela, azken hitza jarri duela lehen harriak: baina, ez. Arazoak hor jarraitzen du, eta jarraituko du; ingurugiroa eta osasuna gure bizitza dira, eta egunen batean arrazoiak irabazi beharko du», nabarmendu du Lopez de Munainek.
Karpa bat ipini dute, haien presentzia agerian uzteko eta protestaren zergatiaz informatzeko. Jendea erruz hurbiltzen ari zaie: laguntza eta sostengua emateko, kasurik gehienetan. Ez da erraza izan karpa zabaltzea; hasieran, Gipuzkoa plazan egoteko eskaria egin zuten, eta ez zieten onartu. Horregatik arrangura.«Adierazpen askatasunaren ukazioa izan da Donostiako Udalaren erantzuna; eman duten argudio teknikoa da ordenantzarik ez dagoela horrelakoen inguruan; gure ustez, eskubide horren kontrako zapalkuntza izan da», deitoratu du Armendarizek. «Uste dugu edozein herri mugimenduk izan behar duela modua kalea erabiltzeko, herritarrak informatzeko». Easo plazan egoteko ere hainbat muga ipini dizkiete. «Eta ulertzen ez ditugun neurriak dira; esaterako, hiru gautan bakarrik egin ahal izango dugu hemen lo». Hala ere, protestak dirauen bitartean presente egoteko ahaleginak egingo dituzte. «Kalea garrantzitsua da», nabarmendu du Olaizek.
Bide luze batean
Ongi daki zeri buruz ari den. Izan ere, urte asko daramatza borroka ekologistan; errauste plantaren aurka horietako asko. «Hamabost urte, asko dira». Hamabost mobilizazio urte, oraindik gehiago. «Milaka eratan protestatu dugu, milaka eratan informatu dugu; adibide asko ditugu: lege proposamenak, medikuen nazioarteko sinposioak...». Eta azpiegituraren geroa ataka berri batean dagoela ikusita, itaun bat biraka ibili dute buruan azkenaldian: «Zer gehiago egin dezakegu?». Galdera horretatik sortu zen, hein batean, gose greba egiteko asmoa. «Eta jarrera bat erakutsi nahi dugu. 'Nahikoa da', esan nahi dugu gose grebaren bitartez: desobedientzia mota bat da». Jauregik pentsatzen du, gainera, horrek ekar dezakeela mugimenduaren indarberritze bat. «Jendea gogoz dago. Gogoa sumatzen da; jende asko dago oso haserre kontu honekin, oso sentsibilizatuta. Jendea ez dago isiltzeko». Bat dator Armendariz horretan: «Herri mugimendu oso zabala da, oso plurala, belaunaldi ezberdinetako jendea ari da, gainera; oso aberatsa da».
Pozik daude lehen orduetan inguruan atzeman duten sostenguarekin. Garmendia: «Topatu dugu auzo giroa. Etxeak ireki dizkigute nonahi. Topatu dugun auzolan espiritua oso bizia izan da. Hori zabaltzea da asmoa, zirikatzea; jendeari esatea: 'Bidegurutze honetan oraindik badaukagu aukeratzeko modua'». Areago: «Bizimodu berri bat egitea da asmoa, egun daramagun bizitza estiloa berriro planteatzea». Baina, bereziki, errauste plantaren inguruko mezuetan ipini nahi dute indarra. Horretarako motibo asko ikusten dituzte. Hara Garmendiaren hitzetan: «Errausketak ez du ez hankarik ez bururik; bueno bai, batzuen poltsikoak gizentzea, loditzea». Edo Zabalorenetan: «Nire helburua behintzat bat da: errauste planta gelditzea. Kito. Ez du batere zentzurik, ez da beharrezkoa, eta kutsatu egiten du: kaltegarria da zentzu guztietan. Geratu egin behar dugu».
Urteotan errausketaren aurkako mugimenduan ikasitako lezioak aldarrikatzen jarraitu behar dela oroitarazi du Olaizek. «Gaizki egina dago zabortegira botatzea; gaizki egina dago erretzea. Horrek esan nahi du zirkulua itxi egin behar dugula; ekonomia lineala bukatu, eta zirkularraren alde egin behar da». Eta osasunaren inguruko arrazoibideetan ere mezua ozentzen jarraitu nahi dutela adierazi du Jauregik. «Inguruan umeen minbizia bikoizteko arriskua dago; horrek ja nahiko arrazoi behar luke errauste plantaren aurka egiteko». Hilaren 21era arte jardungo dute.
Errautsen kontra baraua aukeratuta
Sei andre eta gizon gose greban ari dira Donostian, Zubietan errauste plantarik egin ez dadila eskatzeko; mugarri bat jarri nahi dute orain dela hamabost urte hasi zen protestan, lubakiaren lehen lerroan ipinita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu