Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Erreakzio ugari eragin dituzte Otxandianok elkarrizketa batean ETAri buruz esandakoek

EH Bilduren lehendakarigaiaren ustez, «askotariko ikuspuntuak» daude Euskal Herrian izandako indarkeria motak izendatzeko. Anduezak «lotsagabekeria, koldarkeria eta doilorkeria morala» egotzi dizkio Otxandianori.

Pello Otxandiano
Pello Otxandiano, igandean, Gasteizen egindako ekitaldi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 16a
16:30
Entzun

Bitxia eman badezake ere, otsailean Galizian egindako hauteskundeetan ETA izan zen kanpainako hizpide nagusietako bat. BNGren eta EH Bilduren arteko harremana eta Galiziako koalizio subiranistak Sareren Bilboko manifestazioan parte hartu izana oinarri hartuta, Alderdi Popularrak «terroristen laguna» izatea leporatu zion BNGri; sare sozialetan, PPk bildugá izendapena erabili zuen BNGz aritzeko; eta, Galiziako telebista publikoan egindako eztabaidan, PPko hautagai Alfonso Ruedak zuzenean aurpegiratu zion BNGko Ana Pontoni «ETAren aldekoa» izatea. Espainiako eskuinaren estrategia hori ez da berria: 2023ko uztailean Espainiako Gorteetarako bozetako kanpainan hura izan zen PPren argudio nagusietako bat, Que te vote Txapote lelo ezaguna eta guzti.

Gero eta gutxiago falta da Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina amaitzeko, eta, Espainiakoan eta Galiziakoan ez bezala, orain arte ETA ez da agertu eztabaidagaien zerrendan. PSE-EEko Eneko Anduezak gaia atera zuen TVEn egindako debatean, Nerea Kortajarena EH Bilduko Gipuzkoako hautagaiari «ETA gaitzesteko» eskatu zionean, baina, hori alde batera utzita, aipamenak oso urriak izan dira. Gaur arte: SER irrati katean EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianori atzo egindako elkarrizketa batek hautsak harrotu ditu, eta ETA bilakatu du berriro ere kanpainaren erdigune.

Atzo iluntzean egindako elkarrizketa horretan, Aimar Bretos kazetariak Otxandianori galdetu zion ETA «erakunde terrorista» ote zen. EH Bilduko hautagaiak erantzun zuen «hainbat izendapen» erabil daitezkeela ETAz, GALez, torturaz eta beste indarkeria motez jarduteko, horiek baloratzeko «askotariko ikuspuntuak» daudela, eta «terrorismoa zer den eta zer ez den» eztabaidatzea baino interesgarriagoa dela «gatazka politikoak nola gainditzen diren diagnostikatzea». Elkarrizketaren pasarte batean «talde armatu» izendapena erabili zuen Otxandianok ETAri buruz ari zelarik.

«Biktimak laidoztatzea»

Erreakzio ugari ekarri dituzte Otxandianoren adierazpenek, gehienak PSE-EEren ingurukoen artean. Anduezak esan du «lotsagabekeria, koldarkeria eta doilorkeria morala» islatzen dutela Otxandianoren hitzek: «Ezin dugu utzi jende honek goberna dezan, eta are gutxiago guri esker». Espainiako Gobernuaren eledun Pilar Alegria antzera mintzatu da: haren ustez, adierazpen horiek «koldarrak» dira, eta «biktimak laidoztatzea» dakarte. Fernando Buesa fundazioak eta Covite biktimen elkarteak ere gaitzetsi dituzte Otxandianoren esanak.

Sumarreko lehendakarigai Alba Garciaren esanetan, «begien bistakoa» da ETA «talde terrorista» izan zela: «Gizarteak lan itzela egin du bakearen eta bizikidetzaren arloan, eta oraindik ere horretan ari da; gizartea dagoen maila horretan egon beharko luke EH Bilduk, gutxienez».

PPk ere aintzat hartu ditu Otxandianoren adierazpenak, baina PSE-EE kritikatzeko. PPko lehendakarigai Javier de Andresek sozialisten «hipokrisia» salatu du: «Anduezak kritikatzen duen koldarkeria eta doilorkeria horri esker dago Pedro Sanchez agintean. EAJ eta PSE-EE esaten ari dira zelako gaiztoak diren EH Bildukoak, baina EH Bildu zenbat eta gehiago kritikatu, orduan eta ageriago gelditzen da haien hipokrisia, EAJ eta PSE-EE EH Bilduren bazkideak dira eta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.