Erreakzioak

2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Kutxabankek iragarritako etxe kaleratzeen etetea gizarte ekintzaren bizkar ez egiteko eskatzen dut, kutxak berak hartzea ardura hori. Aldundiak hainbat dinamika ditu zehaztuta kaleratzeak geratzeko».

Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea (PSE-EE)

«PSOEk akatsa egin zuen Espainiako Gobernuan zegoenean etxe kaleratzeen legea ez aldatuta, zaharkituta baitzegoen. Berandu iritsi gara, eta une honetan ez nago harro politikari izateaz».

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea

«Herritarren zergetatik atera da bankuak erreskatatzeko dirua, eta orain haiei dagokie herritarrei laguntzea. Gobernuan zegoenean PSOEk ez zuen ezer esan. Raxoiren gobernua izan da arazoari heldu dion aurrena».

Oskar Matute Alternatibako bozeramailea

«Etxe kaleratzeen arazoari adabakiak jartzen ari dira PP eta PSOE. Milaka pertsonaren hondamendiaren errudun dira. Etxebizitza duin baterako eskubidea bermatuko duten politikak behar dira».

LAB

«Kaltetu askorentzat berandu datozen neurriak dira. Etxe kaleratzeak eteteko banketxeek eta aurrezki kutxek hartutako erabakiak ez du arazoa konpontzen. Zoritxarrez, gehiago da marketin operazio bat».

Caritas

«Etxe kaleratzeekin gertatzen ari dena drama bat da. Elkartasuna azaldu nahi diegu kaltetuei. Etxe kaleratzeak geratzeko eta alokairu soziala sustatzeko herri ekimen legegilea dinamizatuko dugu kristauen artean».

Aralar

«Eskandalagarria da diru publikoa erabiltzea bankuak erreskatatzeko, eta haiek milaka pertsona kalean uztea. Administrazioek harremanak eten egin beharko lituzkete kaleratzeak egiten dituzten bankuekin».

Joseba Permach Ezker abertzalea

«EAJk eta Kutxabankek etxe kaleratzeak bertan behera utzi izana herritarren mobilizazioaren garaipen bat da. Garaipena behin-behinekoa da, baina bide beretik jarraitu behar dugu lanean».

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia

«Pentsa liteke etxe kaleratzeak atzeratzea konponbide ona izan daitekeela arazo honi aurre egiteko. Etxea ematearekin zorra kitatzeari dagokionez, kasuan-kasuan aztertu beharko litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.