Pisu handia nabari zen, atzo, Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian. Pisua, eta esperantza. Zama baita gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten senideek urte luzeetako ibilian pilatua. Esperantza, berriz, aurretik gero eta bide laburragoa geratzekoa, senideak etxean sendatzekoa. Ia eserleku guztiak bete dira senide, lagun eta kazetarien artean. Emanaldia hasi baino lehen, Etxerat elkarteko kide eta preso gaixo larrien senideak atera dira jendaurrera.
Gaitz isilduak izena ipini diote Etxerat elkarteko kideek atzo aurkeztutako dokumentalari. Izan ere, Mattin Troitiño bozeramailearen esanetan, urteetan ezkutatua izan den errealitate bat da preso horiena eta, orokorrean, euskal presoena. Baikortasuna ere erantsi nahi izan dio, ordea, aurkezpenari: «Pausoak ematen goazen heinean, zentsura muga horiek gaindituz goaz. Gaur da eguna, euskal gizartean eta Euskal Herritik kanpo harago ere, preso gaixoen egoeraren berri badagoena».
14 preso horien errealitatea modu eraginkorrean azaltzea da ikus-entzunezkoaren helburua. Lehen pertsonan kontatzen dituzte protagonistek, euskaraz zein gazteleraz, espetxez espetxe eta urtez urte bizitako pasarteeta sentimenduak; baita momentu txarrak ere. «Pertsonengana iristeko, pertsonekin egitea pentsatu genuen: senideekin, lagunekin...», azaldu du Troitiñok. Horien erantzuna «oso ona» izan dela ere esan du, «eskertzekoa».
Hasiera batean, dokumentala sare sozialetan zabaltzeko asmoa dute, eta espero dute laster atzerriko hizkuntza batzuetan ere azpitituluak jartzea. Datu garrantzitsua, emanaldiaren ondorengo komentario orokorra entzunda: «Honek hemendik atera behar du». Troitiñok ere halaxe esan du: «Gure asmoa ez da Euskal Herrian soilik geratzea, kanpora ateratzea baizik».
14 preso, 14 familia, mila kezka
Euskal Herriko edozein txokotakoak izan zitezkeen herritarrak dokumental honetako protagonistak. Beren burua aurkeztean ordea, ezinbesteko zaie seme-alaba, bikotekidea, ahizpa, anaia, arreba, koinatua edo laguna aipatzea. Gaitz larri eta sendaezinak dituzte guztiek: minbizia, buruko gaitzak, gaitz kronikoak... zerrenda luzea da. Badute, ordea, berezitasun bat guztiek: espetxean egotea. Izan ere, Jaiki Hadi mediku eta psikologoen elkarteak preso horiei buruz eginiko txostenean dioenez, presondegietan eguneroko ogia dira tentsioa, gaitzen bilakaera egoki aztertu ezina —ziega eta espetxe aldaketa etengabeak direla bitarteko—, bakartzea... Garikoitz Arruarte hernaniarraren ama da Izaskun Santa Cruz, eta hark kontatzen du semeak ia astero joan behar izaten duela espetxeko medikuarengana, baina askotan ez dutela sendagairik izaten. Asteroko indizioa ere falta ohi du batzuetan. Hala ere, animoz ondo dagoela dio: «Argi du non dagoen, eta badaki bera dela bere osasunaren jabea». Jone Lazkozek ere kezkaz oroitzen du bere bikotekide Jesus Mari Mendinueta arbizuarraren diagnostiko zehatzik ez zuten garaia: «Ez genekien benetan zer gertatzen zitzaion, eta erietxera ateratzeko baldintzak oso gogorrak ziren».
14ek igaro dituzte, euskal preso askok bezala, Frantzia eta Espainiako hamaika ziega. Gehiago edo gutxiago, urteak daramatzate horrela. Isidro Garalde ondarroarra, adibidez, 1985etik dago preso. 61 urte dauzka, eta 42 herritik kanpo igaro ditu; azken 27ak espetxean. Urteen joanari, distantziak ere gehitu behar zaizkio, protagonisten hitzetan. Iñaki Erro iruindarra gertuen egon den lekua Algeciras (Espainia) izan da. Orain, Almerian (Espainia) dago.
Distantziak, gaixotasun larridun presoentzat, are kaltegarriagoak izan daitezke. Are gehiago, espetxetik espetxerakoak badira. Jose Luis Lopez de Luzuriagaren oroitzapen batzuk izan litezke horren adierazgarri. Bere arreba Gotzone Lopez de Luzuriaga gasteiztarra erietxean zegoen batean, bertako medikuek senda-agiria emateko agindua jaso zutela dio. «Janzteko indarrik ere ez zuela, 10 polizien artean eraman zuten espetxera». Txaro Otxandorenak ere ez du oroitzapen onik espetxe aldaketekin. Espetxe batean diagnostikoa egiten hasi, eta bukatu baino lehen, betiespetxez aldatzen zutela dio. Txus Martinen anaia Koldo Martinek espetxezainen mehatxu eta presioak ere salatu ditu. Txus Martinek nahasmen psiko-afektiboa du, eta Frantzian zenean aita hil zitzaiola esaten omen zioten, eta ez ziotela utziko ikustera joaten. Gainera, bere erruz hil zela esaten zioten, «huts egin» ziolako. Martin bere buruaz beste egiten ere saiatu zen. «Badakite nola dagoen, eta alde horretatik erasotzen diote».
Geroari esperantzaz begira
Egoera gogorra izan arren, aurrera begira jarrita esperantza ere ageri da senideen hitzetan: «Batzuetan baietz ikusten dut. Herri mugimendua ona da, baina zerbait gehiago behar da», diote. Denaren gainetik, pertsonak direla ere gogorarazi dute, eta haien giza eskubideak errespetatu egin behar direla. Pazientzia, ahalegina eta lana beharko direla badakite. «Asko kostako da, baina lortuko dugu. Bai, ekarriko ditugu».
Dokumentala osorik ikus daiteke jada, helbide honetan klikatuta:
http://www.youtube.com/watch?v=xwNOd8jyi14&feature=channel&list=UL
Errealitate isilduak askatzen
Etxerat elkarteak 'Gaitz isilduak' dokumentala aurkeztu du Donostian. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen inguruko lana da, eta, senideen testigantzak bilduta, «ezkutatutako errealitatea» azaldu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu