HEZKUNTZA

Errebalidak funtsik gabe utziko ditu Espainiak

Lege dekretu bat prestatzen hasi da gobernua, aldaketa handiak dakartzana. Batetik, DBHko proba hautazkoa izango da, ez nahitaezkoa; bestetik, Batxilergoko proba selektibitatearen antzekoa izango da, eta bigarren mailako enborreko ikasgaiak soilik sartuko dira.

Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza ministroa, asteartean, Kongresuan. BALLESTEROS, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko azaroaren 18a
10:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Kongresuak asteartean hasi zuen LOMCEren ezartze egutegia bertan behera uzteko prozesua, oposizio osoak elkar hartuta. Proposamenaren aurka bozkatu zuen PPk, baina atea ireki zion errebalidetan aldaketak egiteari. Gobernuak “aurrerapenak” egingo zituela iragarri zuen Rafael Hernando bozeramaileak.

Iritsi dira aldaketak. Hezkuntza Ministerioak jakinarazi du lege dekretu bat prestatzen ari dela errebalidetan aldaketa handiak egiteko. DBHko eta Batxilergoko errebalidak dituzte aurten indarrean jartzekoak, baina erabat urardotuta geratuko dira ministerioaren proposamenarekin. Hara:

DBHko errebalida. Azkenean geratuko den moduan, ez da errebalida izango. Izan ere, dekretu proposamenaren arabera, hautazko azterketa izango da DBHkoa: ez dute ikasle guztiek egin beharko. Dekretu proposamenak dio “lagin bat” hartuko dutela. Alegia, eskola batzuetan soilik egingo lukete proba. Ez du, beraz, inolako eraginik izango ikasleen espedientean. Nolabait ere, ebaluazio diagnostiko baten antza izango luke probak: ikasleak nola doazen jakiteko erabiliko lukete, baina ez ibilbide akademikoari eragiteko.
Gainera, Oinarrizko Lanbide Heziketan dauden ikasleek modua izango dute DBHko titulua eskuratzeko, azterketa berezirik gainditu gabe. “Heziketa zikloaren azken ebaluazioan irakasle taldeak ikusten badu DBHko helburuak eta konpetentziak eskuratu dituela ikasleak, DBHko titulua lortu ahalko du”.

Batxilergoko errebalida. Selektibitatearen antza handia edukiko du. Derrigorrezkoa izango da unibertsitatera joan nahi dutenentzat. Aldaketa handiak daude hasierako proposamenetik. Batxilergoko bi mailetako ikasgaiak sartzekoak ziren azterketan, baina ez da hala izango: bigarren mailakoak sartuko dira, eta enborrekoak soilik. Beraz, selektibitatearen oso antzekoa izango da proba. Ikasgai izango dira: Espainiako Historia, Gaztelania, Ingelesa, Euskara, eta Batxilergoko adarrari lotutako hiru ikasgai —enborrekoak denak—.

Dekretu zirriborroa da egindakoa, eta epeak zehaztea falta da orain. Alegia, aurtengo bakarrik izango ote den indarrean formula hori. Mariano Rajoyk inbestidura saioan esandakoaren arabera, “hezkuntzako itun nazionala” lortu arte ez dute zuzeneko eragin akademikorik izango errebalidek. Beraz, “ituna” lortu arte indarrean legoke orain aurkeztutako formula. Eta, ituna lortzekotan, zail dirudi errebalidak itzultzea, oposizio gehien-gehiena kontra baitago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.