Erreforma «adostasunez» onartzeko eskatu dio Iribasek Werti

Gero eta kritika gehiago jaso arren, lege aurreproiektuaren ildo nagusiak defendatu ditu ministroak

Murrizketak eta Werten erreforma arbuiatu zituzten ikasleek hilaren 11n egindako greban. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Babesa galtzen ari da Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroa. Gero eta ahots kritiko gehiago altxatzen ari dira Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren aurreproiektuaren harira. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariarena izan da azkenetakoa. Erreforma «adostasunez» egiteko eskatu zion atzo ministroari erkidegoetako hezkuntza sailburuen bileran: «Hezkuntza sistemak egonkortasuna behar du; horretarako, arauak ahalik eta adostasun handienarekin egin behar dira».

Baina Werten proiektua ez doa bide horretan. «Euskal hezkuntza komunitatea erreformaren aurka dago», berretsi zuen Isabel Zelaak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Aurreproiektua atzera botatzeko eskatu zion berriro ministroari, «baztertzailea, atzerakoia eta zentralista delako». Bileratik ez zuen emaitza handirik atera, ordea: Wertek irmo defendatu zituen testuaren ildo nagusiak, baina negoziatzen jarraitzeko beste hilabete eman zien autonomia erkidegoei.

Eskuduntzekin daude kezkatuta, bai Zelaa, bai Iribas: curriculumaren %10 erabakitzeko ahalmena kendu nahi die Wertek erkidegoei (%45etik %35era). Leun bada ere, hasia da Iribas erreforma auzitan jartzen: «Nafarroak ulertzen du Espainia osoarentzat eduki komun batzuk egon behar direla, baina gure eskumenak babestuz, ikasleak gure sustraien eta errealitate instituzionalaren ezagutzan hezteko gaitasuna mantenduz». Ziklo amaierako azterketak ezarriz ere ebaluazioen gaineko eskumena bereganatuko luke Madrilek. Hor Zelaa mintzatu da gogorren: «Probak egiteko trebatzen duen akademia bihur daiteke hezkuntza sistema».

Jaurlaritzako sailburuak erantsi du Espainiako Gobernuaren ereduak Alemaniakoan duela oinarria: «Ikasleak beren gaitasunen arabera baztertu eta bereizten ditu, eta bi hezkuntza bide zabaltzen». Aukera berdintasuna bultzatzen duen Finlandiako eredua hobetsi du, «Europak bidalitako irizpideek diotenez». Iribasek ere esan du hezkuntzaren kalitatea «berdintasunean eta bikaintasunean» oinarritzen dela, eta ikasleen beharretara egokitzeko sistema malgua galdegin du, «zurruntasunik gabe».

Zelaak beste testu bat idazteko eskatu dio Werti, «autonomia erkidego guztien diagnostiko adostu bat izango duena abiapuntua». Izan ere, Nafarroak ez ezik, PPk agintzen duen hainbat erkidegok ere zalantzak agertu dituzte. Espainiako hedabide batzuen arabera, hezkuntza sailburuak haserre daude legea idazteko prozesuan parte hartzerik ez dutelako izan; ziklo amaierako etsaminen inguruan ere zalantza teknikoak dauzkate, eta batzuk azterketa gehiegi izan daitezkeela iradokitzen hasi dira. Kataluniako Generalitateko Irene Rigau Hezkuntza sailburuak iragarri du erreforma Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramatea aztertzen ari direla, «eskumenak urratzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.