Gontzalo Etxebarria (iheslaria)

"Errefuxiatu gisa badugu zerbait egiteko, eta hori da memoria lantzea"

Ekainaren 15erako iheslarien kolektiboak antolatu duen ekitaldira begira, BERRIAk horietako zenbaitzuen testigantzak bildu ditu. Gonzalo Etxebarriarena da hau.

2013ko ekainaren 6a
15:36
Entzun

"Gontzalo Etxebarria izena dut, eta bilbotarra naiz, Bilbon sortua. Hasi nintzen ikasketak egiten Madrilen, arkitektura. Utzi nuen, eta arraitzuli nintzen Euskal Herrira. Debako arte eskolan sartu nintzen, eta gogo onez, une hartan Oteizak sortu baitzuen arte eskola. Hasi nintzen arte praktikak ematen; hori zen egiazki nire gogoa. Geroztik, lan orotarik egin nuen, liburu denda batean, Santutxu auzoan. Hortik engaiatu nintzen. Ene garaia zen trantsizio garaian, eta ihes egin behar izan nuen momentu hartan. Joseba Sarrionandia erori zen garaia zen. Trantsizio garaia zen, eta hasi zen demokrazia pausatzen, izen hori eman ahal bazaio, eta gauza anitz ari ziren aldatzen.

Bortxaz Iparraldera jin behar nintzen, eta gero egin nuen ibilaldi bat Parisen eta Bordelen ere, mahatsa biltzen ene lagunarekin. Bi urte edo urte eta erdi. Gero erori nintzen Zuberoan. Nahi nuen zalantzarik gabe Euskal Herrira itzuli. Maulera jin ginen, eta han Bilboko lagun zahar bat ikusi nuen. Eta esan zidan Hollywood izeneko bat ezagutu zuela. Hollywood barkoxtarra zen, oso gizon famatua. Duela zenbait urte hil zen. Haren medioz atzeman genuen etxe bat alokatzeko, hor bizitzeko, Barkoxen. 1980an zen, azaroan, muga pasatu nuelarik. Gero Zuberoara 1983an heldu nintzen.

Heldu ginen deusik gabe Zuberoara. Ez genuen autorik, ez etxerik, deusik ez. Gotaineko kanpinera joan ginen, Uhaitzara. Han bazen izugarri harrera ona; han ziren Maurice Oki eta haren emazte Michelle, nagusiak. Baina aski gogor zen; ez genuen lanik ere ez. Behetik hasi behar ginen, lana atzemateko eta emeki-emeki gure bizia plantatzeko. Eta hor atzeman nuen, heldu eta aski fite joan ginen Barkoxera bizitzera. Lana egitez mandoetan. Memento hartan bazen anitz jende prest lan egiteko kaparra mozten eta halako lanetan. Etxez etxe, lan txiki horiei esker bizi ginen. Beti erraten dut: ene biziko momentu ederrenetariko bat izan zen, jendea ezagutu nuen, barnetik. Eta ber denboran, lana baliabide izugarria da jendea ezagutzeko eta parte hartzeko bizian. Modu hoberenetariko bat, hoberena ez bada, jendearekin harremanetan sartzeko. Emaztea hasi zen etxeetan garbitzen. Eta emeki-emeki hasi ginen gure lekua hartzen.

Zuberoan, nik uste, Iparraldean, barnealdean, oraindik baldin baduk izen bat, baduk lekua. Sorginak bezala. Eta nik izena banuen, Gontzalo, hegoaldeko, errefuxiatua, baina ber denboran erran behar dut zorte handia izan dudala, ze paperak banituen, nazionalitate frantsesa. Ene aitatxi joan zen aspaldian Bilbora lan egitera, eta holako hitzarmen bitxi bat bazen eta paperak ukan nitzakeen hona jin baino lehen. Eta orduan hasi ginen gure bizia eramaten. Gure bi haurrak hemen sortu dira, Joanes eta Pette. Eta hori da estrategia bat, ez dakit, ez dut sobera ontsa atzematen hitz hori. Baina aski ongi bizi ginen gure egoerarekin, gure nortasunarekin eta Zuberoako jendearekin harremanetan sartzen, lanean, kulturan. Azpimarratu behar dudan gauza bat da hemen, Zuberoan, kultura aldetik bada sorkuntzaren lurra. Enetako, sorkuntzalari gisa edo asmoarekin plantatzeko nire bizia, ezinago lurra izan da plantatzeko. Isiltasuna, heriotzarekin harremanetan sartzeko normal, den bezala. Zerua. Dena ene barnean da, eta hori da hemen ikasia.

Garai hartan gauza anitz gertatzen ari ziren. Post-frankismoa berdea zen, eta jendeak bazekien zer ari zen pasatzen. Anitz errefuxiatu pasatu dira hemendik gerla denboran. Ez zuten galdetzen zergatik nintzen hemen. Batzuek onartzen zuten, eta besteek ez, normala den bezala. Momentu hartan jendea joaten zen Hegoaldera, menturaz orain baino naturalago. Orain, gazteak joaten dira, baina momentu hartan jendea joaten zen, dantzaren medioz ezagutzen zituzten bestak, harremanetan. Pastoralak ez zuen horrelako arrakastarik oraindik. Baina harremanetan sartzen ziren naturalki Hegoaldekoekin.

Esperientzia oso ederrak bizi ditut Barkoxen jende konkretuekin. Ostatu bateko nagusiekin, gomitatu gintuzten eta haiekin afaldu genuen Gabonetan. Izugarri beroak ziren. Ez dakit nola azaldu. Ez zen bortxatu behar batere, ez kalkulatu. Bizia zen, eta konprenitu nuen ene lekua banuela. Eta horregatik gelditu gara hemen. Bilbotar gisa, hiritar gisa, badut gogoa hara joateko. Ez da oraindik momentua, ez dut uste. Baina bizitzeko seguru naiz hemen biziko naizela.

Ez dut sekulan gorderik bizi behar izan Iparraldean. GALen denboran, film animatuetan ari ginen lanean Hendaian, bertze errefuxiatu talde batekin. Pitxu izeneko filma egiten. Garai hori ezagutu dut. Gauzak oso ezberdinak ziren. Hori ongi dago ulertzeko gauzak nola aldatu diren, 20 edo 30 urtean Iparraldean, lekukoa bainaiz. Izugarrizko kanbiamena izan da politikoki lurralde honetan.  Ez dut dudarik, eta horregatik esperantza handia dut geroan. Abertzaleenganako, mesfidantza ez dut erranen baina momentu hartan, Enbatak dioen bezala, ez zuten horrenbesteko pisu politikorik, ene ustez. Oreka hori ez zen existitzen. Kulturan, betidanik izan da indar izugarria. Beti izan da oso azkarra, jendeak azkar bizi baitu hemen kultura. Baina uste dut proposamenak anitzago, kanbiamenak anitz izan direla, Euskal Herri osoan, kulturalki, politikoki, soziologikoki... Baina Iparraldea konkretuki anitz kanbiatu da.

Eszeptikoa naiz bortxaz, baina esperantzak baditut, kontraesan guztiekin. Uste dut momentu honetan badela parada garai berriak eraikitzeko. Uste dut badela egoera, badirela zenbait keinu, erakusten dutela posible dela beste fase batean sartzea. Gauza on eta txar guztiekin, kontraesan guztiekin. Badakigu nolako indarra duten estatuek, nola ez duten deus erraztuko gauzak aldatzeko. Inposizioa ikusten da. Baina uste dut gauzak aldatzen ari direla. Eta uste dut errefuxiatu gisa badugula zerbait egiteko, eta hori da memoria lantzea. Bake prozesu batean behar da idatzi historia. Baina ez bat, baizik eta egiazki zer gertatu den toki guztietan. Ulertzen dut zer erran nahi duen alteritateak. Badakigu gauza multipleak daudela, eta horregatik guk behar dugu gure historia kontatu eta gure bizia kanbiatu. Ez onartzea zernahi, horrek ez lukeela utziko kanbiamen sakonak egiten. Ez badugu gure ideia, gure historia eskribitzen eta gauzatzen. Baina enetako, ez dut erraten dena ongi dagoenik, baina bai fase oso esperantzagarria da. Dudarik gabe. Ez dut joan nahi Hegoaldera, orain ez lukeelako zentzurik. Frustrazio handia sentituko nuke errefuxiatu gisa. Uste dut orain errefuxiatu bakarra naizela Zuberoan, baina onartzen dut. Onartzen dut zeren momentua helduko da, seguru naiz. Ez bada heltzen, uste dut ene semeek ikusiko dutela. Ez dago presarik.

Beste gauza bat azpimarratu nahi nuke. Ni margolaria naiz. Arteak ez du neurtzen denbora epe laburrean. Denbora anitz behar du, eta ez da kontatzen denbora. Politikan, aldiz, kritika bat egingo nuke. Ez naiz batere politikaria. Sartu nintzen borrokan pentsatzen nuelako hori, pertsona oso batentzat, Euskal Herriak, bere konplexutasun guztiekin, libre izan behar zuela. Eta ez zen libre. Horregatik sartu nintzen. Baina politikariek badute, enetako, gauza bat nik ez dudana sobera maitatzen. Behar dituzte ondorioak berehala ukan. Artean, kulturan, gauzak ez dira horrela. Ondoko belaunaldietan plantatzen dira. Ikusi dugu artearen eta kulturaren historian gauzak nola pasatu diren. Estrategia politiko bat plantatzen delarik, berehala nahi dituzte ondorio politikoak. Nik pausak, erritmoak, ezberdin ikusten ditut, politika eta artearen arloan. Nik Euskal Herri berri bat amesten dut, eta niretzat sorkuntza bat da. Ez dut ikusten, ez dut imaginatzen betidanik ikusi dugun Euskal Herria, ber zikloak, ber moldean. Ene ametsa da gauza berri bat sortzea, eta horregatik sinesten dut geroan". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.