Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak baieztatu duenez, Jaurlaritzak osasunerako zentimoa deituriko sistema jarri nahi du martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Sistema hori ezarriz gero, hiru lurraldeetan erosten den erregai litro bakoitzeko zentimo bat gehiago kobratuko liekete herritarrei; eta modu horretan lortutako dirua osasun alorra finantzatzeko erabiliko lukete. Bengoaren arabera, osasunerako zentimoaren bidez, urtean, 90 eta 100 milioi euro arteko diru iturria lortuko luke Jaurlaritzak.
EAJko presidente Iñigo Urkulluk eman zuen asmoaren berri. Eta hori hartu zuen Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak egokitzeko dituen zailtasunen erakusle. Urkulluk ez du uste, gainera, osasunerako zentimoarekin Jaurlaritzak iragarri duen adinako diru kopurua bilduko litzatekeenik. Bengoak erantzun dio sistema hori ez dutela ezarri nahi aurrekontuak egokitu ezinean dabiltzalako. Gaineratu du krisiaren eraginez kaltea jasan duela osasun publikoak eta hara diru gehiago bideratzea dela helburua.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eman zion Jaurlaritzak hartu nahi duen neurriaren berri Urkulluri, duela bi aste. Bengoak azaldu duenez, EAJri proposatu zion neurria hartzeko, zerga berriak ezartzeko eskumena foru aldundiek dutelako eta Bizkaiko Foru Aldundia EAJren esku dagoelako. Osasunerako zentimoaren sistema abian jartzeko proposamena Finantzen Euskal Kontseiluan aztertu beharko dela esan du sailburuak. Izan ere, kontseilu horretan, Eusko Jaurlaritza eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak biltzen dira.
Bengoak adierazi duenez, Jaurlaritzak badaki osasungintzako arazo guztiak ez liratekeela konponduko osasunerako zerga edo berrordainketa sistema bat ezarrita. Argi dute arazo asko konpontzeko medikuntzaren egungo antolaketaren aldaketa sakona egin behar dela. Sailburuak uste du, ordea, aldaketa horiek egin bitartean garrantzitsua dela osasun publikoarentzat ehun milioi euro inguruko diru sarrera «gehigarria» lortzea. Krisi egoeran, gainera, erregai litroko zentimo bat eskatzea «egokiagoa» iruditzen zaio Bengoari, berrordainketa sistema bat martxan jartzea baino. Uste du diru gehiago lortzen dela horrela, eta «errazago», gainera.
Hiru: «Astakeria izugarria da»
Hiru Euskal Herriko garraiolarien sindikatuak kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak hartu nahi duen neurria. Sindikatuaren esanetan, «osasunerako zentimoa inposatzea astakeria izugarria da»; eta, horrela, euskal garraiolari autonomoen «errentagarritasuna eta etorkizuna are egoera larriagoan utziko luke». Hiruk jakinarazi du zerga hori ezarriz gero garraiolari bakoitzak 5.000 euro gehiago ordaindu behar lukeela, batez beste. Sindikatuak gogorarazi du Europako Batzordeak 2008an adierazi zuela osasunerako zentimoa kobratzea legez kanpokoa dela eta Espainiako Gobernuari legedi hori aldatzeko eskatu ziola. Horregatik, Europako batzordeak dioena kontuan hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Osasunerako zentimoa eskatzearen kontra agertu da Ezker Batuko koordinatzaile Alba Gutierrez ere: «Herritarrek jadanik ordaintzen dute osasun zerbitzua, zergen bidez. Sistema hori indarrean jarriz gero, berriro ordainduko lukete». Modu horretan herritarren osasunerako eskubide unibertsala urratuko litzatekeela uste du Ezker Batuak. Gutierrezek adierazi du alderdi horrek sekula ez duela onartuko herritarren eskubideak murriztea eragiten duen neurririk.
Erregai litroko, osasunerako zentimo bat kobratu nahi du Eusko Jaurlaritzak
Neurriarekin «osasun publikoa bultzatzeko» ehun milioi euro inguru lortuko liratekeela esan du Osasun sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu