Errenteriako hirurak, kalean

Espainiako Auzitegi Nazionalak baldintzapean askatu ditu. Astero joan beharko dute epaitegira

Arratsaldean Iruñeko espetxetik irten ostean, gazteei harrera egin zieten iluntzean Errenterian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Aske daude martxoaren 11n Iruñean izandako liskarren harira espetxean zeuden Errenteriako (Gipuzkoa) hiru gazteak. Auzia zabalik dago oraindik, instrukzio aldia ez baita amaitu, baina epaiketa egin bitartean aske uzteko agindu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak. Arratsaldean irten ziren Iruñeko kartzelatik. Patxi Petrirena gazteetako baten aitak BERRIAri azaldu dionez, bermerik ez diete ordainarazi, baina ezingo dira Espainiako Estatutik irten, eta astero aurkeztu beharko dute beren burua epaitegian.

Auzi berean, hamabi lagunek deklaratu zuten urriaren 30ean Auzitegi Nazionalean bertan, ikertu gisa. Guztiak utzi zituzten libre. Orotara, 21 pertsona daude auzipetuta. Hilabeteotan, preso zeuden gazteen defentsak hiru aldiz eskatu du horiek libre uzteko, eta, urriaren 30eko deklarazioen ostean, hirugarren eskarian, abokatuak argudiatu zuen egoera berean egon beharko luketela auzipetu guztiek: libre. Larunbaterako Elkartasun Eguna antolatua zuen Etorkizunaren Alde plataformak. Egoera aldatu izanagatik, egitarauari eusteko asmoa dute, Petrirenaren arabera.

Albistearen berri izan eta berehala zabaldu zuen zorion mezua Julen Mendoza Errenteriako alkateak: «Zorionak Asier, Endika eta Ruben, eta zorionak eta besarkada gurasoei. Bazen garaia».

Ia zortzi hilabetez preso

Larunbatean dira zortzi hilabete gazteak atxilotu zituztenetik, eta, espetxetik irtenda, bizimodu «normalera» itzuli ahal izango dira, Petrirenaren esanetan. Martxoaren 11n Iruñean izan ziren istiluen ostean atxilotu zituzten gazteak. Errepresioari Autodefentsa dinamikak «herri eragileen aurkako eraso errepresiboak» salatzeko manifestazio bat egin zuen, eta ondoren sortu ziren istiluak, Alde Zaharrean. Lau gazte atxilotu zituzten, eta, horietako bat adingabea zela-eta, aske utzi zuten. Beste hirurak espetxera bidali zituen Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak, eta, «terrorismo» delituak leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen instrukzioa.

Gazteak kartzelatzeko ebazpenean, epaileak azpimarratu zuen baimendu gabe zegoela manifestazioa, istiluak eragitea aurretik pentsatua zutela atxilotutako gazteek beste batzuekin koordinatuta, eta istiluetarako materiala eraman zutela. Epaileak adierazi zuen manifestariek berek «bilatu» zutela poliziak oldartzea; harriak, suziriak eta botilak bota zituztela, edukiontzi bat irauli eta beste bat erre zutela, polizia «batzuk» zauritu zituztela eta kalte materialak eragin. Zehazki,desordena publikoa, lesioak, sutea eta eraso egitea leporatzen diete.

Gazteei «terrorismo» delituak egotzi izanak, ordea, protestak eragin zituen. Istiluetatik astebetera, Joseba Asiron eta Julen Mendoza Iruñeko eta Errenteriako alkateek «neurrigabetzat» jo zuten istiluak terrorismo delitu gisa epaitzea. Halaber, Etorkizunaren Alde plataforma osatu zuten, eta hark bultzatu ditu gazteak aske uztearen aldeko mobilizazioak; besteak beste, martxoaren 18an eta uztailaren 2an eginikoak. Eusko Legebiltzarrean, berriz, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEren babesa jaso zuten.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak Zigor Kodeko 573. artikuluan oinarritu ziren auzia Auzitegi Nazionalaren esku uzteko. Plataformako kideen iritziz, ordea, Gorenak berdintasun eta proportzionaltasun irizpideen aurka hartu zuen erabaki hori: «Iruñeko manifestazioaren ondoren izandako liskarrak inoiz ez ziren bideratuko terrorismo gertaera baten moduan baldin eta Espainiako Estatuko beste edozein tokitan gertatu balira». Nafarroako Lurralde Auzitegiak ere kasua Iruñean epaitzearen alde egin zuen. Atxilotu zituztenetik, Iruñeko kartzelan izan dituzte preso.

Hain justu ere, 573. artikuluaren arabera daude auzipetuta Altsasun (Nafarroa) iazko urriaren 15ean izandako liskarren harira espetxeratutako gazteak. Datorren astean beteko dute urtebete kartzelan. 50na urteko zigor eskaera aurkeztua du fiskalak sei auzipeturentzat, eta 62koa beste batentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.