ELKARRIZKETA AURRERAPENA

"Erreparazioa da BERRIArekin ituna egitea"

Euskaraldia hastear dagoela, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua pozik dago sortutako mugimenduarekin: haren arabera, hizkuntza ohiturak aldatzeko bitartekoa ez ezik, Euskaraldia "akuilua" izango da administrazioan euskara bultzatzeko. Zupiriarekin egindako elkarrizketa kaleratuko du bihar BERRIAk.

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko azaroaren 17a
07:54
Entzun

Ostiralean, azaroaren 23an hasiko da Euskaraldia. Hizkuntza ohiturak astintzea izango du helburu: euskaraz egiteko joera hartzea. Milaka lagunek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko, eta sortutako mugimenduarekin pozik dago Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua. Zupiria bera belarriprest izango da Euskaraldian: "Belarriprest aktiboa izango naiz: hitz egitean, lehen pausoa ematean, euskaraz egingo dut".

Herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko soilik ez, administrazioaren beraren jarduna bizkortzeko ere izango da Euskaraldia, haren esanetan. "Akuilu gisakoa izan daiteke, berez eta egituraz egin behar ditugunak egiteko. Planteatu dugu euskara planak ezin direla izan euskara arduradunen kontua. Sail bakoitzak hartu beharko du konpromisoa. Horretan lagunduko du Euskaraldiak".

Euskarazko hedabideen diru laguntzetan aldaketa handiak egingo dituzte Jaurlaritzak eta hiru aldundiek: komunikabideen kostuaren %30 estaliko dute laguntzek. Horretarako, lau erakundeek 10,5 milioi euro jarriko dituzte urtean, orain baino %41 gehiago. BERRIAren kasuan, hitzarmen bat egingo du Jaurlaritzak. Zupiriak adierazi du kontuan hartu dituztela BERRIAren berezitasunak —egunkari bakarra dela, Euskal Herri osoan hedatzen dena—, baina beste argudio bat ere eman du: "Erreparazioa". Hala azaldu du: "Gizarte honek erreparazio moduko bat zor diote Egunkaria-ri eta haren ondorengoari, BERRIAri. Erreparazio politikoaren barruan sartzen dut. Bizikidetza bultzatu nahi dugu".

Elkarrizketa osorik izango da irakurgai bihar BERRIAn.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.