Urte erdian, aurreko urte osoko bera. Errepidean hildako pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora Nafarroan, urtarriletik. 2011. urtean, 28 lagun zendu ziren auto istripuen ondorioz; 2012ko lehendabiziko seihilabetekoan, jada 27 hil dira. Bide segurtasunerako estrategia berria prestatzen ari da Nafarroako Gobernua, eta urtea hasi zenetik gertatu diren istripuak «sakon» ikertuko dituela nabarmendu du Barne Departamentuak, istripu horiek eragin dituzten arrazoiak aztertu, eta ondorioak jaso ahal izateko bide segurtasunerako dokumentu berrian.
2011. urtea mugarri izan zen Nafarroan, estatistikei so eginez gero. 28 hildako. Gutxieneko historikoa, errepide istripuei dagokienez. Iazko beherakadak are nabarmenago egin du aurtengo orain arteko gorakada. Iaz, abuaztua bitarte, hamalau pertsona hil ziren errepidean. Aurten, ia bikoitza. Datuek erakusten dute bereziki oinezkoen eta motorzaleen artean izan duela eragina gorakadak. Lehen seihilabetekoan, sei oinezko zendu dira Nafarroan. 2011 osoan, bost hil ziren. Antzekoa da egoera motor gidarien artean: iaz, bost hil ziren, eta aurten, abuztua bitarte bakarrik, lau.
Istripuak aztertzeko beharra nabarmendu bai, baina hildako pertsonen kopuruak izan duen gorakadari buruz iritzirik ez du eman nahi izan, oraingoz, Nafarroako Gobernuak. Horixe ezagutarazi du komunikazio sailak. Prestatzen ari den bide segurtasunari buruzko estrategia berriaren harira, hala ere, prentsa oharra plazaratu du Barne Departamentuak, eta argi utzi du joera «beheranzkoa» dela errepideko istripuek eragindako heriotzei dagokienez. «Modu nabarmenean, gainera», nahiz eta tarteka kopuruak gora egin. «Garrantzitsuena da beheranzko joera horri eutsiko dioten bide segurtasunerako politikak garatzen jarraitzea», erran du Nafarroako Gobernuak.
Ildo horretan, «gidari ahulenekin» bereziki lan egiten jarraitzeko beharraz ohartarazi du Barne Departamentuak: «Abiadurarekin eta alkohol eta droga kontsumoarekin lotutako neurriak martxan jartzea beharrezkoa da, oraindik ere».
Eusko Jaurlaritza, kontent
Datuei dagokienez, bertzelakoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera. «Irakurketa hagitz positiboa da; iazko datuak hobetzea zaila izanen zela uste genuen, baina, une honetan, 2011ko epe berean baino bederatzi hildako gutxiago ditugu errepideetan», esan du Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Amparo Lopezek. Urteko lehen seihilabetekoan 30 pertsona zendu dira errepideetan, istripuen ondorioz.
«Hildakoen kopuruak behera baino ez du egin azken bi hamarkadetan», gaineratu du. 199 izan ziren 1993an; 175 2003an, eta 52 iaz. Beherakada horren atzean, hainbat arrazoi daude, Lopezen hitzetan: «Administrazioen arteko koordinazioa; bide segurtasunaren aurkako jarrerek gizartean eragiten duten arbuio gero eta handiagoa; hezkuntza...».
Orain arteko kanpainek helburua bete dutela argi du Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, baina lan horri segida emateko beharra nabarmendu du. «Akaso irudimen handiagoz jokatzeko ordua dugu, eta bereziki arrisku gehien duten taldeei begirako kanpainak egitekoa», azaldu du. Arrisku handia duten taldeen artean, hain zuzen ere, Lopezek aipatu ditu motor gidariak eta adin bateko oinezkoak.
Kanpaina zehatzagoak egiteko ideiari eutsi dio RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko aholkulari Luis Murgiak. «Mezu orokorrak zehazteko ordua da; lan finagoa egitekoa». Urtarriletik orain arteko Nafarroako datuak txarrak direla ez du ukatu. Baina «kontuz» hartu behar direla gaineratu du. «Egungo kopuruak, duela hamar edo hamabost urtekoekin alderatuta, txikiak dira; egia da urte erdian aurreko urteko kopurua berdindu dela, baina, hala ere, duela ez hainbeste urte baino askoz ere kopuru txikiagoak dira oraingoak».
Datu hutsekin lan egiteak ez duela deustarako balio erantsi du Murgiak. «Ez du zentzurik, adibidez, urte bateko eta aurreko asteburu berean izandako hildakoen kopurua alderatzeak. Nafarroako azken datuak behar bezala aztertzeko eta ulertzeko ere denbora beharko dugu. Elementu anitz dago istripu baten atzean; ez da gauza sinplea. Hala balitz, errazagoa litzateke hildakoen kopurua are gehiago jaistea», azaldu du aholkulariak.
Duela hamabost urte pentsaezin ziren hainbat jarrera egun erabat errotuak direla nabarmendu du Murgiak, eta bide beretik jarraitzeko hezkuntzak duen garrantziaz ohartarazi du. «Gurasoak dira gazteenen eredu». Hala ere, gidatzea, neurri handi batean, «jarduera sinple» bilakatu dugula ohartarazi du, «hutsal bihurtu» egin dugula. «Ahaztu egiten zaigu autoa gidatzea ardura handia dela». Oraindik ere, gertatzen diren istripu gehienen atzean gizakiaren hutsa dagoela erantsi du Murgiak. Huts horiek bazter uzteko lanean jarraitzea da kontua, Lopezen hitzetan. «Bide segurtasunaren alde eginez, ikerketa bultzatuz, ahaleginduz».
Zirkulazioa. Istripuak Hego Euskal Herrian
Errepideetan hildakoen kopuruak gora egin du Nafarroan, urtarriletik
2011. urte osoan errepideetan zendutako pertsona kopuru ia bera hil da 2012ko lehen sei hilabeteetan: 28 izan ziren iaz; aurten, 27Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eutsi diote azken bi hamarkadetako beheranzko joerari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu