Konponbideari begira

Errepresaliatuei “duintasunez” harrera egiteko kanpaina abiatu dute

Diru bilketa bat abiatu dute, datozen urteetan preso eta iheslariak etxeratzeak ekarriko dituen gastuei aurre egiteko.

jarraia151276.jpg
2018ko apirilaren 25a
14:10
Entzun

Harrera preso eta iheslarien sostengu elkarteak kanpaina bat aurkeztu du goiz honetan, Espetxetik Herrira Babesturik Harrera lelopean. Diru bilketa helburu duen webgunea aurkeztu dute, eta egitasmoaren zabaltzeko preso ohiek egindako kantu zein bideoklipa prestatzen ari direla azaldu. Datozen hilabeteetan bost preso ohiren testigantzak biltzen dituen dokumental bat estreinatuko dute.

Aieteren biharamunean sortu elkartearen izenean “eskerrak” eman dizkiete lagundu dieten guziei. “Tresna ezinbestekoa da, ezin da konponbiderik izan halakorik gabe”, azaldu du Gabi Mouesca elkarteko kideak. Atherbea, Soliha, Emmaus eta Gurutze Gorriarekin izenpetu hitzarmenak izan ditu gogoan, baita laguntzen dieten hamar bat herriak ere. Baionako eta Tarnoseko (Landak) herriko etxeak nabarmendu ditu: “Urgentzian ere erantzun dute”.

Datozen urteetan preso eta iheslariak etxeratzeak suposatuko duen gastu emendatzeari aurre egiteko, sostengurako deialdia egin dute. “Adineko jendea aterako da, erretretarik ez duena izango, urrutitik datozen iheslariak, batzuek ez dute gehiago familiarik, minimo sozialekin ezin da duintasunez bizi, guk ahal den gehiena egingo dugu duitasunez bizi daitezen, geroz eta diru gehiago beharko da”, azaldu du Pepu Turillas elkarteko kideak.

Orain arte hamalau presori laguntza eskaini die Harrera elkarteak. Kartzelatik ateratzen den bati hiru hilabetez 500 euroko ekarpen ekonomikoa segurtatzen ahal diela azaldu du Turillasek, eta horrekin batera: “Lana aurkitu, paperak berriz egin, etxebizitza atzeman, osasuna zaindu, autoak…”. Irlandako bake prozesuan Europak presoen gizarteratzeko jarri diru zama izan dute gogoan: “Guk ere espero dugu gauza bera gertatuko dela; haien ardura ere bada presoek euskal gizartean haien lekua berreskuratzea, anartean ahal duguna egiten dugu”. Presoez laguntzeaz gain, bake prozesuaren alde egitea dela azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.