Fragaren heriotza

Errepresio gordinaren erantzule

Monarkiaren lehen gobernuan Gobernazio ministroa izan zen Fraga, eta haren ardurapean izan ziren Gasteizko eta Montejurrako hilketak. Hala ere, ez zuten inoiz epaitu.

1976ko martxoaren 3an hil zituzten langileen aldeko hileta elizkizuna. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Eeuskal Herrian errepresioa hedatzeagatik ezaguna izan da Manuel Fraga Iribarne. Frankismoaren ostean osatutako monarkiaren lehen gobernuan Gobernazio ministro eta Barne Aferetako lehendakariorde izendatu zuten Carlos Arias Navarroren taldean, eta haren ardurapean gertatu ziren Gasteiz eta Montejurrako (Nafarroa) hilketak, 1976an. Sekula ez zuen sarraski horien erantzukizun politikoa bere gain hartu, eta ez zen inoiz epaitua izan.

Franco hil osteko urteak gordinak izan ziren oso Euskal Herrian. Giro politiko, sozial eta ekonomiko nahasia zegoen, eta hamaika protesta eta manifestazio ziren kaleetan. Fraga Gobernazio ministroa zen garai hartan, eta Kalea nirea da esaldi ospetsua orduan bota zuen, garaiko langileen manifestazioak geldiarazteko asmoz. Esaldi haren aurretik eta ondoren gertaera odoltsuak izan ziren Euskal Herrian.

Testuinguru horretan izan ziren Gasteizko jazoerak, 1976ko martxoaren 3an. Orduan, lan baldintza duinen alde greban ziren ehunka langile bilduta zeuden Gasteizko San Frantzisko elizan, eta handik irtetean tiroz sakabanatu zituen Poliziak. Guztira, bost lagun hil zituzten: Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia, eta Bienvenido Pereda. Ehunka zauritu ere izan ziren. Gainera, Gasteizen gertatutakoaren elkartasunez, greba orokorrak eta protesta ekintzak izan ziren han eta hemen, eta horietan beste bi lagun hil zituzten: Vicente Anton Ferrero Basaurin (Bizkaia) eta Juan Gabriel Rodrigo Tarragonan (Herrialde Katalanak).

Fraga Gobernazio ministroa zen orduan, eta haren aginduetara zeuden segurtasun indarrak. Gasteizko gertakariak izan zirenean, Fraga Alemanian zen, bidaia batean, eta Adolfo Suarezen esku utzi zuen bere departamentuaren ardura.

Urte bereko maiatzean, eskuin-muturreko kideek Carlos Hugoren Alderdi Karlistako bi jarraitzaile hil zituen Montejurran: Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos. Beste hainbat jarraitzaile ere zauritu zituzten. Italiako eta Argentinako neofaxistek ere parte hartu zuten hilketa hartan. Fragak zuzentzen zituen segurtasun indarrak aurrean izan ziren, baina ez zuten ezertxo ere egin.

Gertaera haren ikerketa Ordena Publikoko Epaitegira eraman zen 1977an, bainaezin izan zuten Fraga akusatuen jarlekuan eseri. Venezuelan zegoen orduan Gobernazio ministroa, eta handik itzuli zenean «anaien arteko liskartzat» jo zuen Montejurrako sarraskia. Hilketa horiei, gainera, Amnistiaren Legea ezarri zitzaien 1977an, etazigortutako bi lagunak errugabetu egin zituzten.

Arrasto odoltsua

Haatik, Gasteiz eta Montejurrakoak ez dira izan Fragaren ardurapean buruturiko hilketa bakarrak. Izan ere, Fragak Espainiako segurtasun indarren arduradunadun izan zen sei hilabeteetan arrasto odoltsua utzi zuen Euskal Herrian. Gobernazio ministroa zenean Guardia Zibilak tiroz hil zituen hainbat euskal herritar: besteak beste, Jose Bernardo Bidaola Txirrita lizartzarra, Alberto Soliño Pasaiako bizilaguna, Manuel Garmendia Korta legorretarra, Felipe Suarez zestoarra eta Oriol Sole Sugranyes katalana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.